Mundu guztian jakina da biologoen fakultatea langabeen faktoria handi bat dela. Nahiz eta, gaur egun, zoritxarrez edozein unibertsitate edo ikastetxe ere hala izan. Horrez gain, biologia oso lizentziatura komodina da, zer egin ez dakien oro hasten dena egiten baina gutxi batzuek amaitzen dutena, nahiko lizentziatura zaila baita. Badakit Obregontarreneko Ane ere biologoa dela eta bere irudia ez dela inteligentziaren erakusgarri, baina bai, sinis ezazue, biologia lizentziatura lizentziatura zaila da. Etorkizun gutxiko lizentziatura eta ateratzeko zaila. Orduan zergatik esaten diegu geure gurasoei: “Aita, ama, biologo izan nahi dut”?. Gizateriak inoiz erantzungo ez duen galdera da hori.
Lana topatzen duten biologo gutxik, ordea, oso lan dibertigarriak izaten dituzte. Ez dira makina arraroei begira egoten egun guztian, izan ere, biologo baten makinak bizidunak dira eta edozein asmakizun baino dibertigarriagoak dira. Nire ikerlari etapan, armiarmekin lan egitea suertatu zitzaidan. Nik berebiziko beldurra nien zortzi hankako izaki horiei, baina lana lana omen, eta hantxe agertu nintzen armiarmez jositako alkoholezko potoz lepo zegoen laborategi hartara. Nire lana, armiarma bat hartu, arra edo emea zen ikusi eta zein espezietakoa zen esatea. Krokodilo bat eta azkonar bat bi espezie direla esatea erraza da, are errazagoa bakoitza zein espezietakoa den jakitea.
Baina armiarma espezie ezberdinak bereizteko, hirurehun orriko gida bat, lupa erraldoi bat, pintza batzuk, marrazkiak egiteko arkatza, papera eta zirujau baten pultsua behar dira. Milimetro gutxi neurtzen duen armiarma hartu, ipurdiz jarri eta ugal organoei begiratu behar zaie; orduak egiten genituen armiarmen atzeko zuloari begiratzen. Aste guztia horrela ibili eta asteburuan zer erantzun behar genien, zertan lan egiten genuen galdetzen ziguten gure espezieko emeei? Ingeniariak ginela esaten genien, eta kitto! Bioingeniariak.
Hurrengo lana masterreko tesia ateratzeko musu-truk egin beharrekoa izan zen. Ernion ibili ginen karniboroak ikertzen. Bai, Ernion karniboroak daude, baina ez dira lehoiak edo dinosauroak: azkonarrak, ipurtatsak, lepahoriak, lepazuriak eta basakatuak dira; tartean basati bihurtutako zakurren bat agertzen zen arren. Arazotxoa da gautarrak direla eta gizakiaren usaina atzematen dutenean ospa egiten dutela, horregatik da hain zaila mendian karniboroak topatzea.
Karniboroen presentzia hautemateko, arrasto tranpak erabiltzen genituen. Laburbilduz, 30 kilo pisatzen zuten burdin eta plastikozko etxola txikiak. Karniboroa sardina lata oliotsuekin bertara erakartzen zen eta hanka arrastoak uzten zituen bertan, horrela, hanka arrastoen bidez inguru horretatik zein karniboro ibili zen jakiten genuen, hura izutu edo ehizatu gabe.
Lan hori egiteko momenturik hoberena, ordea, negua zen, karniboroek gose handiena zuten garaia. Beraz, euri, elur eta ekaitz artean, hor zihoan biologo txikia, 30 kiloko pisua bizkarrean hartu eta Ernioko maldetan gora. Ez zen hura, ez, Nathional Geographiceko dokumentaletan agertzen diren biologoen moduko lana, egun osoa auto batetik sabanako lehoiei argazkiak ateratzen.
Behin, armiarmen atzealdeak eta karniboro ikusezinak alde batera utzi eta lan serioetan sartu ginen… zuhaitz zaharretan xomorro bila. Zuhaitz zaharren barrenean sortzen den lur gozoan ezkutatzen da inguruan interesgarrienak diren xomorro mordoa. Gure lana zuhaitzik zahar eta okerrena bilatu, pala bat hartu eta bere barreneko lur beltza ateratzea zen; horren ostean plastiko batean zabaldu eta bertako xomorro eta beldarren bila pasatzen genuen eguna. Etxera egunero hamar kapar ekartzen genituen, horiek ikusten zirenak; orduz gero hamar urte pasatu diren arren, tarteka oraindik kaparren bat agertzen da!
Zuen biologo irudia telebistan agertzen diren Biotecnimed eta Nanobiogunetech bezalako izen arraroak dituzten zentroetako gizasemeena da, guztiak bata zuri eta betaurrekoekin. Horiek ere biologoak dira, bai, meritu galantekoak, baina jakin ezazue munduan bi biologo mota daudela: batadunak eta, geu bezala, botadunak. Batadunek laborategiko ikerketak egiten dituzte eta beka zein soldata nahiko onak lortzen dituzte; botadunok, ordea, bota zikinekin lan egiten dugu, ez dago guretzat bekarik, eta lan asko musu-truk egiten dugu, zergatik? Hor kanpoan, etxetik bi pausora, mikroskopio bidez ikusi ezin den mundu harrigarri bat dagoelako oraindik ikertzeko, eta ikaragarri atsegin dugulako.
Leave a Reply