Euskal selekzioa ekidin dezagun

Euskal Herria Munduko Kopako 32en artean. Txinan, demagun, 2026ko ekainean. Imajinatzeak bakarrik hotzikara eragiten du.

To, zirriborro azkarra:

20.000 lagunek osatutako jendetza —”uholde berdea” bezala bataiatu du nazioarteko prentsak—, selekzioak jokatu beharreko hirietan indar, grazia eta umore erakustaldiak eginez. Txangoaren hirugarren geltokia, Shangai. Jaurlaritzaren Basque Country 2.000 metro karratuko karpa, sagardo eta txakolin upel, talo egile eta txalapartaz hornitua. Kalejirak estadio bidean. Multzoa gidatuz, Mujika taldea, Herri Norte eta Indar Gorri bat eginik. Ozen deiadarka, uzkietan ezkutaturik 10.000 kilometro egin dituzten speed gramoak partekatu izanak senidetuta.

ETBren zortzi orduko saio bereziak Munduko Kopan. Irailean, selekzioa sailkatu bezain laster abiatu zen arratsalderoko programazioa. Ordubete hasieran, eta luzatuz pixkanaka. Apirilaz geroztik, Asier Aranguren, Mikel Mendizabal eta Pedro Mari Goikoetxea eternalak Txinatik bertatik zuzenean. Behin eta berriz errepikaturik, trajean kabitu ezinik dabilen lehendakariak, ahaldun nagusiek eta lauzpabost alkatek jokalariei hotelean egindako bisitaren irudiak. “Gu guztion taldeari” lehen faseko azken partida baino lehen emandako animoak mikrofonoetan, irribarre faltsuz betetako solasaldian. Gazteleraz ahots guztiak, politikarienak eta kirolarienak.

Ilunabarra. Kolonbiaren aurkakoa galduta amaitu da euskal ibilbidea Munduko Kopan. Harmailan negarrez ari den neskatoaren irudiarekin jolasean kamerak. Masail bakoitzean, malkoekin urtzen ari den ikurrin bat margotuta. Erreferendumaren garaian sinbolo nazionalen aferak tertulietan eztabaida aspergarri pare bat eragin zituen, baina trapu jeltzalea ez da ordezkatu. Neskatoak ez daki masaileko ikurrinaren gurutze zuriak selekzioaren patua jaungoikoaren eskuetan ipini duela.

Biharko BERRIAk —Jaurlaritzak mantentzen du bizirik— azal osoa Kolonbiaren aurkakoari. “Harro behar dute” mezu bikoitzarekin jokoa argazkiaren gainean. Taldea mimatzen du tituluak, baita hiru arbitraje eskandalagarri sustatu dituen FIFA egurtu ere. Asmo txarrekin eta bulegoetatik iritsitako agindupean aritu da, ezbairik gabe, epaile nigeriarra. Egunkariko iritzigileek ez dute hitz goxorik harentzat, ikusle neutralarentzat irudien errepikapenak hain argigarriak ez badira ere. Euskal zaleen manifestazio inprobisatua Shangain FIFAren bidegabekerien aurka. Baketsua, hori bai.

Hemen amaitzen etorkizunaren zirriborro beldurgarria.

Orain bezala, Munduko Kopak Espainiako selekzioaren arerioen elastikoa jantzita bizi behar hau ez da gauza mundiala, noski. Alternatiba are gutxiago gustatzen zait, ordea. Baina izan gintezke originalak oraindik, eta eraiki dezakegu selekzio nazionalik gabeko nazio bat. Askoz garrantzitsuago, Basque Country karpa gabeko mundu bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.