Herri memoria berreskuratzen

1936ko abuztuan eta irailean, matxinada frankistari aurre egiteko lehenengotariko erresistentzia eta borrokak Tolosaldean izan ziren. Arrasto horien bila, Euskal Herri osoko hamasei gazte ari dira egunotan lanean Asteasun, Adunan eta Zizurkilen, Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnaren bila auzolandegian.

Historia ikasleak dira gehienak, eta duela 78 urteko erresistentzia gunean lan egitea eta inguruko herritarren testigantzak entzutea “sekulako esperientzia pertsonala” izaten ari delakoan daude. Joan den astean hasi ziren auzolandegian, eta igandean amaituko dituzte bertako lanak. Aipaturiko hiru herri horietako udalekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalbiltzak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute auzolandegia.

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo adineko jendeak betidanik jakin izan omen du eremu horretan lubakiak zeudela, baina ikertu gabeko zerbait izan da. Horrela, adineko horien laguntzaz ekin zieten, iaz, beste auzolandegi batzuei. Indusketetan aritu ziren, eta ehunka bala zorro eta bala aurkitu zituzten; aurten, zati horri amaiera eman diote. Astelehenean, berriz, Belkoaingo muinopean dagoen baso zatia ezagutzera eraman zituzten auzolandegiko gazteak; sasi eta landareek estaltzen zuten trintxera izan zitekeen eremua, eta, horrenbestez, hura garbitu eta harria ateratzen aritu dira egunotan.

Aritza elkartearen lana

Joan den maiatzean, auzolandegiaren aurkezpenean, Adunako alkate Josu Amilibiak Amasa-Villabonako Aritza kultur elkartearen lana goraipatu zuen, haiek eginiko lanari esker iritsi baitziren Adunara. Miaketa lanekin jarraituz, ikusi zuten Adunakoa ez zela gune bakarra. Hala, Asteasun eta Zizurkilen ere aurkikuntza arkeologikoak egin zituzten, eta estruktura berdintsuak topatu zituzten. Horrela konturatu ziren 36ko erresistentzia guneko eremu zabala zegoela.

Aranzadiko bi begiraleek nabarmendu dutenez, “zortea” izan dute neurri batean: “Ez genekien zer aurki genezaken hemen, eta jaurtikari asko ateratzen ari gara; izan ere, errepublikanoek eraikitako trintxerak badira ere, ondoren frankistek ere erabili zituzten; eta badirudi metrailadoreak erabili zituztela”. Horrez gain, karlistadako berunezko bolatxoak ere atera dituzte.

Eskulan edo lan fisiko horrekin batera, “ukitu akademikoa” eman nahi izan diote aurtengo auzolandegiari, Josu Amilibia Adunako alkateak nabarmendu duenez: “Hiru udalak lanean hasi ginenean, argi izan genuen auzolandegiak akademikoa ere izan behar zuela, udako ikastaro baten izaera behar zuela. Horregatik, lubakietako lanarekin batera, oroimen historikoa berreskuratze horretan, eskualdeko herritarren testigantzak biltzeari ere garrantzia eman diogu”.

Ondare ez-materiala

Herritarren testigantzak suertatu zaizkie gazte guztiei ikastaroko une hunkigarrienak: “Hemen gertatu zenaz ez dakigu ia ezer, dokumentu batzuetan bakarrik agertzen baita guztia, eta, gainera, gorde egin izan dute. Orain, ordea, hemen lanean aritzea eta, batez ere, 36ko gerra bizi izan zutenen ondorengoen hitzak entzutea oso hunkigarria da”. Egiten ari diren lana datozen belaunaldiei historia eta memoria hori helarazteko ere baliagarri izatea espero dute.

Hain zuzen ere, aurtengo proiektuarekin bi helburu nagusi dituzte: batetik, oroimen historikoa azaleratzea; eta, bestetik, “askatasunaren alde borrokatu zirenen historia ezagutaraztea”. Beren aldetik, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta foru aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendari Marina Bidasorok ere “oroimen historikoa bizirik mantentzeko ezinbesteko” egitasmotzat jo dituzte Belkoaingoa eta antzekoak. “Duela 78 urte hemen gertatu zenaren memoria bizirik mantendu behar da, ezkutatu gabe; beraz, benetan baliotsua da egiten ari diren lana”, esan zuen Garitanok auzolandegiaren eremura eginiko bisitan. Halaber, Bidasorok ere guztiz babestu du auzolandegiaren jarduna: “Poza ematen du jende gaztea horretan gogotsu ikusteak, eta pozik lagunduko genieke beste hainbat urtetan ere horrelako proiektuei”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.