Duela 52 urte egin zuten lehenbizikoz, Pasai Donibanen, emakumeen batel estropada. Garai hartan, ez zen orain bezain ohikoa emakumeak arraunean ikustea, baina Santio jaiak ziren, eta, testuinguru horretan, ordura arte inork egin ez zuen urratsa egitera ausartu ziren lau batel tripulazio. Batelarien lehen estropada izan zen.
Yola elkartearen babesarekin antolatu zuten emakumeek estropada, eta Felipe Camara aritu zen orduko hartan laguntzaile lanetan. Gaur egun ere, Yola elkartea da antolatzailea. San Inazio egunez egiten dute urtero, hilaren 31n, festetako azken egunean. Aurten 52. aldia izango du estropadak.
Yola elkarteko Juan Angel Intxaustik zehaztu duenez, baina, gaur egun “kirol jarduera bat baino askoz gehiago da” batelarien estropada. Egun osoko jaia antolatzen dute estropadaren inguruan, eta, kuadrillen arteko batel lehia ez ezik, desfilea eta bazkaria ere egiten dituzte. Emakumeen eguna izaten da Santio jaietan.
Estropadaren aurretik egiten duten desfilean, arraunlariekin batera, ehundik gora emakumek parte hartu ohi dute, batelarien garaiko jantziak soinean dituztela; eta bazkarian ere jendetza biltzen da urtero. “Estropadaren 50. urteurrenean egin genuen lehenbiziko aldiz bazkaria plazan, eta, giro aparta sortzen denez, hala mantendu dugu”.
Garai batean, Yola elkartean egiten zuten bazkaria, eta soilik batelariek parte hartzen zuten. Gaur egun, ordea, nahi duen orok bazkal dezake plazan, 12 euroren truke.
Lehia handiko estropada
Iazko estropadan, hamazazpi batel aritu ziren arraunean. Aurten, baina, oraindik ez dakite zenbatek parte hartuko duten: “Herriko kuadrillak izaten direnez, azkeneko momentuan animatzen dira asko, azkenera arte elkar zirikatzen aritzen direlako”. Hogei ontzi inguru aritu izan dira azken urteetan. Aurten, kuadrillek astelehenera arteko epea dute izena emateko.
Estropada festa giroan egiten den arren, lehia handia izaten da kuadrillen artean. Boteak uztail hasieratik dituzte uretan, eta entrenatzen ere aritu dira asko. Estropada 12:45ean hasiko da, desfilea egin ondoren.
Balio historiko eredugarria
Batelarien estropadak baditu bi berezitasun, Yola elkartearentzat oso garrantzitsuak direnak. Intxaustik nabarmendu duenez, “ziurrenik Espainiako Estatuan emakumeen artean egiten diren kirol ekitaldirik zaharrenetakoa” izango da, eta Yolakoek argi dute “horregatik bakarrik” merezi duela antolakuntzari eusteak.
Baina bada beste ezaugarri bat nabarmentzeko modukoa. Izan ere, estropadak badu herriko iraganarekin lotura: “Donibanen garrantzi handia izan dute batelariek. Garai batean, herriko emakumeek horretan lan egiten zuten”. XVII. mendetik XX. mendera bitartean, batelariek Pasaiako badiaren alde batetik bestera garraiatzen zituzten pertsonak eta merkataritza gaiak, eta haien jarduna garrantzi handikoa izan zen eskualdearen garapen ekonomikorako. Lan baldintza oso gogorretan aritzen ziren garai hartako emakumeak, eta gaiaren gaineko ikerketek diote haietako asko kontrabandoan ere aritzen zirela.
Aspaldiko ohitura den arren, Intxaustiren arabera, batelarien estropadak oso aldaketa gutxi izan ditu urteotan guztiotan. Edonola ere, gutxi batzuk garrantzitsuak izan dira. Hastapenetan, esaterako, patroi lanetan beti gizonak aritzen ziren; 1984. urtean lortu zuten emakume bat patroi gisa aritzea.
Estropadaren araudian ere izan dira aldaketak. Izan ere, gaur egun, lehen ez bezala, emakume asko aritzen dira festatik kanpo ere arraunean. Hori dela eta, ontzi bakoitzean ezin dute parte hartu federazioko txartela duten bi emakumek baino gehiagok, eta, bi egotekotan, bietako batek patroi lana egin behar izaten du derrigor. Garai batean lanbide izandakotik kirol jarduera sortu zuten gerora, eta, gaur egun, kirola eta historia batuta festa egiteko aitzakia ederra topatu dute emakume sanjuandarrek.
Leave a Reply