Donostiako Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Merkataritza sailak Alde Zaharreko kale Nagusia smart kale edo kale adimendun bihurtzea sustatu du. Kale Nagusiko saltoki batzuek proiektuan hartu du parte negozioen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzera bideratutako hainbat ekintza finantzatuz. Momentuz, 23 dendek eta 21 etxebizitzetako bizilagunek bat egin dute proiektuarekin. Saltoki horiek beren kontsumo elektrikoak monitorizatuko dituzten gailuak jada jarri dituzte. Lehenengo neurketa hilabeteak igarota, energia eraginkortasunari eta uraren kontsumoari dagozkion lehen emaitzak ikus daitezke. Josu Ruiz Garapen Ekonomikoko zinegotziaren hitzetan, “jasangarritasuna eta merkataritzako zein etxebizitzetako energia eraginkortasuna dira xedeak”.
Kale Nagusirako smart kalea proiektua Donostiako Sustapena hirirako garatzen ari den Smart Planean jasotako probako egitasmoetako bat da. Egin berri den Enertic-en —Euskal Herriko lehen eraikin ekoadimentsua— inaugurazioa gehitzen zaio horri. Kasu batean zein bestean, xedea iraunkortasunean oinarritutako hiria garatzea da, herritarren bizi kalitatea aktiboki hobetuko duena eta enpresei onurak ekarriko dizkiena; komunikazioan, mugikortasunean zein energia eraginkortasunean izango lituzkete onurak, IKT Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabilera zabalduari eta ingurumenaren eta baliabide naturalen arrazoizko erabilerari esker. Ekintza horrekin energia eraginkortasuna lortu nahi dute, kontratatutako potentzia optimizatuz eta zaharkitutako instalazioak eguneratuz. Horretarako, parte hartu duten dendek aholkularitza berezitua jaso dute eta hainbatek beren argiztapen sistema berritzeko inbertsioak egin eta ingurumen mailan eraginkorragoak izatea ere lortu dute. Kontagailuek eguneko kontsumoaren jarraipena egiteko aukera ematen dute, eta, modu horretan, aurreztu ahal izateko neurriak har ditzakete erabiltzaileek. LED bonbilletara aldatzeak, esaterako, beren kontsumoan 5.600 kW/urtean baino gehiago murriztea ahalbidetu du eta horrek urtean 1.000 euroko aurrezpen ekonomiko erreala dakar. Urari dagokionez, zurrusta hausteko gailuak erabiltzeak hainbat saltokiren kontsumoan %50 baino handiagoko aurrezpenak eragin ditu.
Dendetan teknologia berriak txertatzea ere ari dira lantzen ekintza osagarri modura. Batetik, prestakuntza teknologikoko programa bat ari dira diseinatzen dendei beren produktuen eta zerbitzuen salmentan eta fideltasunean smart teknika berriak txertatzen laguntzeko eta bezeroentzat erosketa esperientzia berriak erabilgarri jartzeko.
Etxebizitzen monitorizazioa
Donostiako Udala, Donostiako Sustapenaren, Ingurumen Departamenduaren eta Urak Ustiatzeko eta Saneamenduko Zerbitzuen bidez, Kale Nagusiko etxebizitzetan energia eta ur kontagailu adimendunak jartzen ere ari da. Batetik, elektrizitatea neurtzeko gailu adimenduak doan jartzen ari dira, kontsumoa aztertzeko balioko dutenak, eta elektrizitatearen urteko kontsumoa %16ra arte murriztea ahalbidetu dezaketenak, horrek fakturan dakarren aurrezpenarekin. Egun, hogei etxek baino gehiagok dute jada kontagailu hori instalatuta eta Santa Maria eliza ere gehitu zaie.
Bestetik, Kale Nagusiko bizilagunek, ur kontagailu adimendun berriak ere erabilgarri dituzte, beren ohiturak eta kontsumoak aztertzeko aukera eskaintzen dietenak. Uraren eta elektrizitatearen kontsumoen monitorizazioarekin batera, udalak herritar bakoitzari jardunbide egokietarako aholkuak eskaintzen dizkio etxeetako energia eraginkortasunaren hobekuntzan eragingo duen ingurumen kontzientziaziorako, horrek dakarren aurrezpen ekonomikoarekin. Etxebizitzek energia neurgailuak jartzeko izena emateko epea irekita dago igandera arte. Ruizen hitzetan, egitasmoarekin bat egin dutenek balorazio positiboa egin dute: “Pozik daude eta oso modu aktiboan parte hartu dute eta prozesuetan integratu ditugu. Espero dugu gero eta eskaera gehiago izatea, azken finean denon onurarako izango delako”.
Argiztapen adimenduna
Kale Nagusia smart kale bihurtzeko beste jarduera bat argiztapena aldatzearena da, egungo bonbillak led bonbillekin ordezkatuz. Sistema horrek instalazio konbentzionalekiko %50eko energia aurrezpena ahalbidetzen du. Sistema berri horrek ekarriko dituen onuren artean, argiaren intentsitatea urrutitik programatzea eta mantentze anetan hobekuntzak bermatzea daude.
Kale Nagusikoa probako esperientzia da, baina asmoa hiriko auzoetan pixkanaka zabaltzea da. “Eredu jasangarri baten bila goaz eta azken hilabeteotan Enertic eraikina martxan jarri dugu. Han energia berriztagarrien alorrean lan egiten duten enpresak instalatzen ari dira eta hori aktibo garrantzitsua izango da hiriaren etorkizuneko eredu ekonomikoari begira”. Horrez gain, Enertic energia berriztagarrien alorrean gogoeta foro bat izatea ere nahi dute.
Donostiako Udalak bizilagunei gutun bana bidaliko die orain epeekin eta informazioarekin, etxebizitzetan eta dendetan ur kontagailu adimendunen doako instalazioan parte har dezaten. Kasu guztietan, izena emateko modua 943-48 33 90 telefono zenbakira deituta edo ingurumena@donostia.org helbidera idatzita izango da.
Leave a Reply