Santutegiak izaki bereziak gurtzeko herri eta kultura desberdinek sortutako lekuak dira, eta garai bakoitzean gizon-emakumeok transzendentziarekin izandako harreman mota adierazten dute: Egiptoko Karnak, Java uharteko Borobudur, edo Vatikanoko San Petri, eta antzeko eraikuntza ikusgarriek, gizarte egitura bortitzen lekukotasunaz harago, lezio ederra ematen diote bisitari harroari: sakratua irudikatzen duen arkitektura handiaren aurrean, gizabanakoa zein txiki eta ezgauza den konturatzera bultzatzen dute. Loiolako santutegia da, alde horretatik, Euskal Herrian dugun ondare unibertsal nagusietako bat. Barroko garaiak jainkoarekiko harremana nola ulertu zuen adierazten duen eraikin miresgarria.
Handik oso hurbil, Azpeitiko herrian, Madalena auzoan, santutegiarekin lotura zuzena izanik, oso bestelakoa den eraikin bat inauguratu zen maiatzaren 1ean: Madalenako ospitale zaharra. Erortzeko zorian zegoen eraikina eraberritu eta interpretazio zentro bihurtu dute jesuitek.
Erdi Arotik, lepradunak eta behartsuak zaintzeko lekua zen Madalenako ospitale zaharra. Hori garrantzitsua izanik, eraikin horren ezaugarri nagusia Ignazio Loiolakoaren historian betetzen duen leku esanguratsua da. 1535ean, Parisen Jesusen Lagundiaren hazia izango zen taldetxoa sortu ondoren, Ignazio bere jaioterrira itzuli zen. Azpeitira iristean, Madalenan ostatatu zen 1535eko apiriletik uztailaren amaierara arte. Senideek dorretxea eskaini zioten arren, nahiago izan zuen behartsuentzako etxea. Anaiari enkargu hau eman omen zion: bera ez zela “Loiolako etxea eskatzera etorri, ezta jauregietan ibiltzera ere, Jaunaren hitza ereitera baizik”. Gaixoak zaindu, behartsuei lagundu eta ondoan dagoen Madalenako ermitan eta parrokian predikatzen zuen. Telletxea Idigoras historialariak, Ignazioren biografian, garai hartako hogei testiguren esanak errepasatu ondoren, Ignaziok “jaioterrian sortu zuen dardara” aipatzen du, eta handik joan zenean Azpeitian utzitako “halako on-distira eta on-ereintza” (Bakarrik eta oiñez, Berrondok euskaratua, 1987).
Merezi du Madalenako eraikin eraberritua bisitatzea; hango solairuetan patxadaz ibiltzea; ospitale zaharreko egurrezko oheak ikustea; tradizioaren arabera Ignazioren gela izan zen txokoan geldiune bat egin, eta han jarri duten irudian Ignazioren begirada sakonari erreparatzea. Argibide taula batean irakur dezakegu Madalena dela “San Ignazioren egiazko santutegia”, hona etorri zelako Ignazio konbertituta, ez Loiolako jauregira, eta hemen egin zuenak islatzen duelako aurreneko jesuita haien izpiritua.
Carlo Fontana arkitekto ospetsuak Loiolako Santutegirako diseinaturiko zutabe, arku, kupula eta haitzurdin aberats guztiek bezalaxe, Madalenak txiki eta apal sentiarazten gaitu, baina beste modu batera lortzen du hori. Barrokoaren edertasun liluragarriaren ordez, Madalenak gizatasunaren berotasun xumea dakarkigu. Bizitzan aukera egiteko unean, txikien eta ahulen aldeko apustua egiten dutenek gugan pizten duten miresmen eta umiltasuna.
Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak inaugurazio ekitaldian adierazi bezala, bestelako mundu bat eraiki nahi dutenentzat inspirazio iturri ederra da Madalenako ospitalea. Loiolako santutegiak osatzen duen harribitxi espiritualari muzin egin gabe, XXI. menderako santutegi ezin hobea begitantzen zait Madalenakoa.
Leave a Reply