Baratzea, natura eta lana, gizarteratzeko lanabes

Ateak zabalik ditu Karabelekok hara bildu nahi duen ororentzat, eta gauza arrunta bihurtu da hernaniar asko eta asko etxaldeko eremuetan bueltaka ikustea. Sarreran dagoen denda, esaterako, begiluze askoren topaleku bihurtu da, hango fruta arbolek eta landare apaingarri eta aromatikoek erakarrita.

Bada, halere, egunero-egunero, astelehenetik ostiralera hutsik egin gabe etxaldera lanera gogotsu etortzen den dozena bat laguneko taldea. AGIFES Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteko erabiltzaileak dira, eta denetariko lanak egiten dituzte baratzean. Izan ere, Karabelekok gizarteratze psikosozialerako eta suspertzerako zentro gisa funtzionatzen du, bai buru osasun gaitzak dituzten pertsonentzat eta bai bazterketa arriskuan dauden beste kolektiboentzat ere.

Berotegietan eta kanpoko baratzeetan aritzen dira lanean egunero, tomateak bildu, otarreak osatu, pabiloia zaindu edota hazi berriak landatzen, besteak beste. Tartean ibiltzen da, aurrera eta atzera, Unai Alberdi. Bi hilabetez AGIFES elkartean boluntario aritu ostean, orain taldeko monitorea da.

Alberdiren esanetan, “oso gustura” jarduten dute lanean Karabelekon: “Pentsa, lehen zazpi-zortzi bat erabiltzaile etortzen ziren, eta, orain, ia halako bi. Egunero dituzte zereginak, eta beharrezkoa dute lan munduan sartzen hasteko. Hemengo lasaitasuna ederra da”.

Karabeleko elkartearen esanetan, buru gaixotasunak dituzten pertsonen portzentaje oso handi batek ez du lan egiten, eta, aisialdia euren osasunarekin hertsiki lotuta egonik, egun osoan zer eginik gabeko ordu asko izaten dituzte. “Goizean goiz etortzen gara etxaldera, eta, behin Amaiak eta Oierrek aginduak emanda, zereginak banatzen ditugu gure artean”, dio Alberdik.

Amaia Odriozola, Oier Iurramendi eta Javi Lopez Karabeleko langileak dira. Etxaldean dagoen dendaz, etxaldearen zainketaz eta AGIFESeko erabiltzaileen lan koordinazioaz arduratzen dira, besteak beste. Estimu handia diete, Iñaki San Sebastian erabiltzaileak adierazi duenez: “Oso ondo portatzen dira gurekin. Ikusten bagaituzte zereginik gabe, guregana etortzen dira galdetzera zer nahiko genukeen egin. Adibidez, berenjenak aldatu, letxugak banatu edo porru errenkadak osatu. Hori bai, belar txarrak kentzea da gutxien gustatzen zaidana. Askotan, gau txarra pasatu dudalako-edo ez banaiz ongi aurkitzen, Oierri, Amaiari edo Unairi deitu eta ez da inolako arazorik egoten. Harreman oso ona dugu”, dio San Sebastianek.

Zoriontsu da San Sebastian paisaia berdearen erdian: “Naturarekin dudan harremanak betetzen nau gehien. Ez da pertsona batekin izan dezakezun harremana. Hemen, guretzat oso onura handikoak diren produktuak ekoizten ditugu, lurretik aterata. AGIFESeko bazkidea naiz, eta astero-astero otarre bat eramaten dut etxera. Astelehenetan osatzen ditugu otzara hauek. Denetarik gustatzen zait: lekak, bainak, letxugak, tomateak…”.

Alberdik ere gustura ikusten ditu lanean: “Eskertzen dute. Orain arratsaldez ere etor daitezke, eta bistan da pozik egiten dutela. Irteerak antolatzen dituzte, eta, bazkalorduan, elkarrekin esertzen gara etxaldeko produktuak dastatzeko. Gainera, hemengo produktuekin gauza berriak prestatzen ikasi dute. Zentroetan esaten digute, batek hau prestatu duela edo besteak honela prestatzeko esan diela”.

Ekintza ugari, helburu bat

Askotarikoak dira Karabelekon egiten dituzten ekintzak, nahiz eta zati handi bat baratzezaintzari lotuta egon. Hala nola kanpoko baratzeen zaintza, banakako lorontzien produkzioa eta baratzeko produktuekin eginiko errezeten osaketa, betiere ingurumenaren zainketa eta birziklapena ardatz hartuta. Baina badira bestelako ekintzak ere, batik bat buruko gaixotasunak dituzten pertsonen errehabilitaziorakoak: talde dinamikak indartzeko ekintzak, inguruneko komunitateetarako irtenaldiak, bisita gidatuak, kirol ekintzak edo denetariko jolasak.

Ekintza horiekin, Karabelekok erabiltzaileen autoestimua indartu eta norbanakoaren balio sentipena indartu nahi du. Helburu ditu, halaber, bizi-ohitura osasuntsuak bultzatzea, hasierako lan gaitasunak berreskuratzea eta giza gaitasunak garatzen laguntzea, beste kideekin izaten diren harremanei esker.

Lantaldeko giroari eta Alberdiren hitzei erreparatuz, helburu horiek gero eta hurbilago daudela antzematen da Karabelekon: “Giro ederra daukagu. Haiek gustura ibiltzen dira, eta nik ere asko gozatzen dut beraiekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.