Orain hogei urte hasitako azterlanaren “zirkulua” itxi nahi du Esteban Elizondo organo jotzaile eta ikerlariak (Donostia, 1945) La música para órgano en el Pais Vasco y Navarra desde 1880 hasta 1980 (Organorako musika Euskadin eta Nafarroan 1880tik 1980ra) izenburu duen liburuarekin. Gaur zortzi aurkeztuko du Donostian, Kutxaren Camino liburutegian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren 250. urteurreneko antolatutako ospakizunen barruan.
Organo erromantikoa uztarri duen bi ataletako liburua da Elizondok eginikoa.
Nondik nora etorri da orain argitara emango duzun liburu berri hau?
Euskal Herriko organo erromantikoak eta instrumentu horientzat idatzitako musika aztertzen urte asko daramatzat. Nazioartean lehen mailako eta balio handiko ondarea dugula esan izan dut beti. Aurrez, gai honen inguruan hainbat liburu idatzi ditut: Gipuzkoako organoen ingurukoa, partituren liburua eta baita nire doktore tesia ere. Orain, organo erromantikorako obren katalogoa eginez, lan hau ixtea nahi dut nolabait. Katalogoan, organo erromantikoari lotutako eta ehun urteren epean EAEn eta Nafarroan idatzitako 800 obra bildu ditut.
Katalogoan denetariko obrak egongo dira, ezta?
Bai, horrela da. Punta-puntako obrak egoteko, atzetik oinarri sendo batek egon behar du. Lehen, beste liburu bat atera nuen euskal konpositoreen obra handien ingurukoa. Orain, ordea, denak batera argitaratu ditut, katalogo eran. Oinarri sendo bat dago elizarako edo liturgiarako idatzitako obra txikiekin, eta, hortik, gero eta obra garrantzitsuagoak sortu dira. Obra garrantzitsuak asko daude, eta, gainera, konpositore askorenak: Guridi, Beobide, Aita Otaño, Usandizaga, Tolosako Mokoroa…
Liburuaren lehen zatia da katalogoa, baina bigarrengoa Akilino Amezuari buruzkoa da. Zergatik?
Akilino Amezua Azpeitian jaiotako organo egilea, Espainian organo erromantikoaren ordezkari nagusitzat hartuta dago. Espainian lehen organo erromantikoa egin zuen, eta garaiko organo egile garrantzitsua izan zen. Esaterako, Bartzelonako Nazioarteko Erakusketarako organo handi eta garrantzitsu bat egin zuen, eta gero Kolonbiarako ere egin zituen beste batzuk; orain Bogotako katedralerako Amezuak egindako organo bat berritzen ari dira. Horrez gain, Andres Camilo Moreno historialari kolonbiarraren kolaborazioa jaso dut liburuan. Honek, Akilino Amezuak Kolonbiarako eraiki zituen organoei buruz idatzi du. Bi atal horien ondoren, argazki bilduma bat ere badu liburuak: Hego Euskal Herriko organo erromantiko garrantzitsuenei ateratako koloretako 30 argazki zoragarri dira. Katalogoak eta Amezuak lotura badute, eta biak batera argitaratu nahi izan ditut.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren 250. urteurreneko ekitaldien barruan aurkeztuko duzu liburua.
Urteetan egindako lanaren fruitua da, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak liburua argitaratzeko laguntza bat eman dit, beste zatia, berriz, neuk jarri dut. Gaur egun, inondik ez dago laguntzarik, eta hala egin behar izan dut. Liburu hau, 20 urtean egin dudan lanaren zirkulua ixteko da.
Gipuzkoan, bereziki, nolako garrantzia dauka organo erromantikoak?
Obren katalogoa kontuan hartuta, garai hartan Gipuzkoa buruan zegoen: han daude organo erromantiko handi, garrantzitsu eta adierazgarrienak. Gipuzkoan egon zen konpositore gehien, eta, gainera, garrantzi berezia izan zutenak. Akilino Amezua bera ere gipuzkoarra zen. Beraz, esan daiteke Gipuzkoak garrantzi handia duela arlo honetan.
Gaur egun, organo erromantiko asko kontserbatzen al dira Gipuzkoan?
Asko dira kontserbatzen direnak, alde horretatik Gipuzkoak altxor garrantzitsua dauka. Cavaillé-Collenak ditugu organo handi asko: Donostian Santa Marian eta San Bizenten, Azkoitian, Azpeitia n Loiolako basilikan eta beste txikiago batzuk hainbat herritan. Gero, beste organo esanguratsu batzuk ditugu Tolosan, Bergaran edota Usurbilen.
Eta Gipuzkoan Amezuak egindako organoren bat ba al dago?
Gipuzkoan Amezuak egindako hainbat daude, baina bat, Zegamakoa, justu hil aurreko urtean eraiki zuen. Gainera, organo hori jatorrian zen bezala gorde dute. Organo jotzaileok balio handia ematen diogu organoak eraldaketarik izan ez izanari, instrumentua jotzean jatorrizko espiritua edota egilearen espiritua present izateari. Gero, Nafarroan, Beran, Amezuaren organo garrantzitsuena daukagu: hiru teklatukoa da, eta jatorrian zen bezala dago hura ere.
Gaur egun, nola dago organoaren mundua?
Organoaren alde erlijiosoa gaizki dago: gero eta jende gutxiago joaten da elizkizunetara, eta, horrekin batera, eliza barruan musikaren garrantzia txikitzen ari da; hori begien bistakoa da. Bestalde, ordea, elizako artearen garrantzia nabarmen ari da areagotzen. Alde horretatik, ondare garrantzitsua dugunez, horren balioa handitzen ari da: liburu aldetik, disko aldetik, organo zikloak edota kontzertuak antolatuz. Esate baterako, Donostiako Musika Hamabostaldian organoaren zikloak biltzen du jende gehien. Aurten bertan, Santa Mariako, San Bizenteko, Artzain Oneko eta San Ignazioko kontzertuetan elizak goraino beteta egon dira. San Ignazioko kontzertua baino ordu laurden lehenago, elizan ez zegoen tokirik, eta jendea elizako txoko guztietatik egon zen organo kontzertua entzuten. Gaur egun, organoko kontzertuak jende asko erakartzen duten musika ekitaldiak dira.
Leave a Reply