Euskal musika Europan zehar

Alemaniako eta Austriako hainbat hiritako kale kantoietan euskal musika entzun dute uda honetan. Izan ere, Itziarko familia bat, musika tresnak hartu, eta Europa erdialdean barrena ibili da abuztuko azken bi asteetan. Itziartarrek bi zaletasun uztartu dituzte horrela: bidaiatzea eta musika jotzea. Lehen esperientzia izan da KaleKantoi Band-entzat, “baina ez azkena”.

Sei kidek osatu dute KaleKantoi Band: Itziar Beristain eta Alejandro Irizar gurasoek, haien hiru alaba Itziar, Ihintza eta Iratik, eta Itziarren bikotekide Arkaitz Ezenarrok. Lauk jo dute musika: aitak dultzaina, Itziarrek trikitia, Ihintzak panderoa eta Iratik biolina. Ama eta Ezenarro bestelako lanetan ibili dira: argazkiak ateratzen, bideoak grabatzen, gerturatzen zen jendearekin hitz egiten…

Ihintza Irizarren esanetan, buruan “aspalditik” zebilkiten horrelako bidaia bat egitea. Izan ere, musika jotzeko zaletasun handia dute itziartarren etxean: “Familia folklorikoa garela esan daiteke. Bazkalondoan-eta askotan ateratzen ditugu instrumentuak, eta musikarik ez da falta izaten”.

Bi ahizpek ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuten, eta hortik ere atera zen ideia. “Izeba baten anaiak esan zigun ea ikasketa amaierako proiektu gisa zergatik ez genuen bidaia bat egiten, eta gero bidaia horretako bideo eta argazkiekin muntatze bat osatu”. Azkenean, ez zen aurrera atera asmo hura, baina “arantzatxoa” hor gelditu zitzaien.

Duela hiruzpalau urte egon ziren bidaia egiteko zorian. Ahizpa zaharrena, ordea, Mexikora joan zen ikastera, eta bidaia atzeratzea erabaki zuten. Azkenean, aurten lortu dute familia elkartu eta musika joz Europan zehar elkarrekin bidaiatzea.

Besteak beste, Kolonia, Berlin eta Munich bisitatu dituzte Alemanian, eta Inssbruck Austrian. Ihintza Irizar “harrituta” gelditu da toki guztietan egin dieten harrerarekin: “Jende pila bat gerturatu da kaleko emanaldietara. Argazki asko atera dizkigute, eta interes handia erakutsi dute gurekiko: zein instrumentu ari ginen jotzen, nongoak ginen…”. Emanaldi bakoitzean ikurrina jartzen zuten aurrean, eta horrek arreta pizten zuen entzuleen artean: “Batzuek ez zuten Euskal Herriaren berri, beste batzuek ‘Gora Euskadi’ esaten ziguten, beste batzuek ‘Catalans, Catalans’. Askotariko jendea hurbildu zaigu emanaldietan”.

Eta, nola ez, tartean euskaldunak ere bai: “Hiri guztietan egin dugu topo euskaldunen batekin”. Berlingo Alexander plazan jotzen ari zirela, adibidez, duela 30 urtetik bertan bizi den legazpiar emakume bat hurbildu zitzaien. Fandangoa eta arin-arina jotzeko eskatu zien, berak dantza gustura egingo zuela eta. “Guk biak jo genituen, eta emakumea dantzan aritu zen Iratirekin. Hunkitu egin zen. Ederra izan zen: fandangoa eta arin-arina dantzatzen Berlin erdian!”.

Munichen, berriz, azpeitiar bat gerturatu zitzaien: “Erosketak egiten ari zen denda batean, eta dultzaina entzun zuen. Dultzaina doinuei segika guganaino heldu zen”. Horrela, euskaldun asko ezagutu dituzte, bertan bizi direnak zein oporretan zeudenak.

Bi asteetan bitxikeria asko bizi izan dituztela dio Irizarrek. Munichen, esaterako, bertako emakume batek pare bat pieza jo zituen euskaldunekin: “Perkusio irakaslea zen emakumea. Panderoa ez zuen ezagutzen, baina moldatu ginen zerbait jotzeko. Bitxia izan zen”. Innsbrucken, berriz, austriar bat hurbildu zitzaien “Nongoak zarete?” galdetuz. Durangon bizi izandako austriar bat zen.

Kalean jotzeko arazorik ez

Kalean musika jotzeko arazorik ez dute izan itziartarrek. Polizia bi aldiz gerturatu zaie, baina “modu onean” bietan. Lehen aldiz, Kolonian katedralaren ondo-ondoan jotzen ari zirela. “Bi polizia etorri zitzaizkigun bertako arauak ba ote genekizkien galdetuz; Kolonian, katedraletik 50 metrora jo behar da, eta ordu erdi baino gehiagoz ezin da jo”.

Munichen, berriz, kaleko jantzitako polizia bat joan zitzaien, kalean jotzeko baimenik ba ote zuten galdezka, eta perkusiozko instrumenturik ezin zutela jo esanez. “Hori bai, kantua amaitu arte itxaron zuen gurekin hitz egiteko”. Irizarrek azaldu duenez, bi arazo txiki horiek izan dituzte, baina gainontzean ez dute inongo gorabeherarik izan.

Esperientzia “aberasgarria” izan dela dio Irizarrek. “Batetik, familia guztia hortik zehar ibiltzeagatik, eta, bestetik, ikusi duelako arreta jartzen duela Euskal Herriaren inguruan”. Ikus-entzunezko bat egiteko adina material bildu dute, baina oraindik ez dute erabaki zer egingo duten. Bitartean, haien ibilera Kalekantoiband.wordpress.com webgunean dago ikusgai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.