Euskara ikastaroak, Donostiako merkatari eta ostalarientzat

Merkataritza eta ostalaritzako langileentzako euskarazko ikastaroak jarriko ditu abian, aurten ere, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Helburua bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da. Oinarrizko bi ikastaro praktiko eskainiko dituzte, eta lan esparruko egoera arruntei dagozkien hizkuntza oinarri batzuk landuko dituzte. Besteak beste, oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak eta errotuluak.

Urriaren hasieran hasiko dira ikastarook. Izena emateko epea, berriz, gaur bertan amaituko da, eta interesatuek Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegora jo beharko dute. Nahi izanez gero, Merkatari.net edo Euskaraz.net atarien bidez ere eman ahal izango dute izena.

Euskaraz ondo mintzatu arren idatzizko gaitasunak landu nahi dituenarentzat ere ikastaro bereziak eskainiko ditu udalak. Batik bat, lan esparruko idatziak: faxak, mezu elektronikoak, fakturak, gutunak, erreklamazioak…

Diruz lagunduak

Oinarrizko bi ikastaro izango dira, 60 ordukoak, eta bakoitzarengatik 60 euro ordaindu beharko dira. Idatzizko gaitasunak hobetzeko ikastaroa, berriz, 25 ordukoa izango da, 30 euroren truke. HABEk eta udalak diruz lagunduko ditu.

Ikastaroak hiriko euskaltegi pribatu homologatuetan emango dira, hain zuzen ere, Ilazki, AEK, Legazpi 6, Urrats eta Urumean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.