“‘Gerra’ hitza ez dute erabiltzen, bi aldeen egoera ez baita bera”

Arabiera ikasketak direla eta, Miren Alberdi Zabala irakasle eibartarra Jerusalemen izan da uztailean. Hura Jerusalemera iritsi eta berehala ekin zion Israelek Gazari eraso egiteari. Gertutik ezagutu du palestinarren egoera, eta “oso latza” iruditu zaio.

Jerusalemen egon berri zara. Zer nabarmenduko zenuke hango egoeraz?

Palestinarrek umiliazioa bizi dute alde guztietatik. Ekonomikoki umiliatuak daude; bertako auzoko supermerkatura joan, eta produktu israeldarrak derrigorrean erosi behar dituzte. Ez dago ezer. Ez dakit nola bizi diren; ez dago lanik, eta pobrezia ikusten da nonahi. Israeldarren aldean ikusten da dirua dagoela; palestinarren aldean, ordea, bestelakoa da egoera. Pobreak dira, eta politikoki ere ez dute eskubiderik. Hango gobernua, ez dakit gobernu fantasma den edo ez, baina herriak ez du onartzen; egoera latza da oso, tristea. Okerrena da etorkizunik ez dutela ikusten. Esaten dute ezin direla bizi israeldarrekin, eta egia da. Ez dute onartzen egoera. Borroka edo hil da haien leloa. Duintasuna oso garrantzitsua da palestinarrentzat; hiltzeko prest daude, eta martiriak bazter guztietan daude.

Israelen erasoak hasi baino lehentxeago heldu zinen Jerusalemera.

Ni joan baino egun batzuk lehenago bahitu zituzten hiru israeldarrak, eta ni han nengoela hilda agertu ziren. Gero, muturreko israeldarrek gazte palestinar bat hil zuten. Gorrotoz beteriko mendekua izan zela uste dut. Hileta telebistaz ikusi nuen. Alboko herrixka batean izan zen, eta israeldarrek ez zioten jendeari sartzen uzten. Oso gogorra izan zen. Hortxe hasi zen dena; gauza berotzen hasi zen. Han hirugarren Intifada aipatzen zuten. Han beti dago dena puri-purian, beti borroka hasteko prest. Umiliazioa egunero bizi dute palestinarrek. Gorrotoa izugarria da; euren artean ez dago harremanik. Ni israeldar batekin nengoen klasean. 38 urte zituela, iloba hil zioten leherketa suizida batean. Ordura arte, ez zuen izan harremanik palestinarrekin. Orain, ordea, beste bide bat hartu du: bakearen alde ari da lanean, eta palestinarrekin harremanetan egoten saiatzen da. Baina, oro har, euren artean ez dago harremanik; gorrotoa dago, besterik ez.

Nola islatzen da gorroto hori Jerusalemgo kaleetan?

Jerusalemen, esaterako, kristau, judu eta musulmanak bizi dira. Palestinarren kale batean sinagoga bat dago, eta txikitatik bakoitza bere bidetik doa. Askotan isekak egiten dizkiote elkarri. Palestinarrek esaten dute israeldarrei palestinarren aurkako gorrotoa sartzen dietela eskoletan. Palestinarrek beraiek hori ez dutela egiten esaten dute. Baina gorrotoa dagoela nabari da. Jerusalemen, musulmanen aldean, israeldar familia bat ikusi nuen behin. Ume batek harri bat bota zien haiei, ezin zitezkeelako han egon, tokiz kanpo zeudelako eta ez zegokielako han egotea. Oso latza da egoera. Palestinarrek apartheid hitza erabiltzen dute, eta Israelgo gobernuak gezurrak besterik ez du erraten.

Zergatik uste duzu ia israeldar denek babesten dituztela palestinarren aurkako erasoak?

Ez naiz aditua, baina pentsatzen dut jende asko atzerritik joana dela ekonomikoki lagundu dituztelako. Israelek juduak nahi ditu; palestinarrak oztopo dira israeldarrentzat, israeldarrek lur osoa nahi baitute. Palestinarrei, eta arabiarrei oro har, beldurra ere badiete. Eta nazioarteak babestu egiten du jarrera hori. Israeldarren pentsamendua hau da: “Dena niretzat, eta zuek kanpora. Palestinarrek argi esaten dute: “Israeldarrak gu akabatzeko prest daude; hori nahi dute”. Une oro presente daukate hori.

Egoera horretan, palestinarrek nola egiten diote aurre eguneroko bizimoduari?

Elkartasun handia dago komunitateen artean. Erlijioak ere laguntzen die, eta Hamas edo Israeli aurre egiten dion edonor babesten dute. Gauero, Abu Disen [Jerusalem ondoko herria] egiten zituzten manifestazioak. Liskarrak sortzen ziren herritarren eta Israelgo armadaren artean. Hor ere gorrotoa agertzen da. Harrietan doa gorrotoa, ez baitago besterik. Etsipena ere ikusi dut zenbaitetan, baina gogorrak dira palestinarrak.

Liskar handiak sortzen ziren Abu Disen?

Israelgo armadak gasak botatzen zituzten, eta etxeraino sartzen ziren. Ezin zenuen arnasarik hartu. Etxeko erremedioak erabiltzen dituzte horren aurka; tipula moztu eta ahoan jartzea, esaterako. Gaztetxoak dira harriak botatzera doazenak, eta Israelek dio horiek armak direla. Gerra hitza ez dute erabiltzen, bi aldeen egoera ez baita bera. Israelek botere handia du mundu osoan.

Operazioa baino lehen, nolakoa zen egoera?

Orain bezainbesteko protestarik ez zegoen; bi urtean behin eztanda egiten du tentsioak beti. Edozein aitzakiak balio du liskarra sortzeko. Eta, palestinarren artean, mundu guztia pasatu da kartzelatik. Normalena horixe da, eta kartzelan egoera latzak pasatzen dituzte. Torturak kartzela barruan zein kartzelatik kanpo daude, gainera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.