Urtero bezala, Legazpik hartuko du aurten ere Gipuzkoako Artzain Eguna. Etzi izango da, eta han egingo dute Gipuzkoako Artzain Gaztaren 30. Lehiaketa. Horrez gain, Ardi Okela Gertatzeko Gipuzkoako 24. Lehiaketa eta Artzain Txakurren Gipuzkoako 46. Txapelketa ere Legazpin izango dira beste behin.
Artzaintza eta lehen sektorea gertutik ezagutzeko eta behar duten bultzada emateko, egun osorako egitaraua prestatu dute. Tartean, artzaintzarekin lotutako lau kide omenduko dituzte, “bakoitzak bere etxaldetik Euskal Herrian edo atzerrian artzaintza ogibide hartuta sektoreari egindako ekarpenagatik”. Maria Angeles Barrena, Nikolas Segurola, Felix Onaindia eta Inazio Ajuria dira omenduak. Haiekin batera, Zeraingo Jabier Muñoa artzainak ELE elkartearen saria jasoko du.
Artzain Eguneko egitarau osoa eta gazta lehiaketako informazio gehiago gipuzkoakoartzaineguna.net helbidean eskura daiteke.
Asteazkenean, Ordizian
Gipuzkoako Gazta Txapelketaren ondoren, Ordiziako lehiaketa jokatuko da asteazkenean, Euskal Jaietan. Goizean, epaimahaiko kideak gaztak dastatzen arituko dira, eta 13:00 inguruan esango dute nor den irabazlea.
Haren segidan egingo dute gazta erdia erosteko enkante entzutetsua. Iaz, Bolintxo okindegiak 7.500 euro ordaindu zuen Remiroren gazta erdiagatik.
Leave a Reply