Gipuzkoako Foru Aldundiak plangintza berri bat jarri du abian, Gipuzkoako mendietako larreen eta han ibiltzen den ganaduaren joan-etorria modu ordenatuan antolatu ahal izateko. Plangintza berri horrekin, ganaduaren eta larreen gestio integrala egingo duen sistema jarri nahi du abian aldundiak, eta, bide batez, ganaduzaleak, albaitariak, teknikariak, eta larreen jabeak diren udalak eta mankomunitateak tresna horren erabileran inplikatu.
Etzi Legazpin egingo den Gipuzkoako Artzain Egunaren aurkezpena baliatu du aldundiak plangintzaren berri emateko. Koldo Lizarralde Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak azaldu duenez, orain arte, artzain batek larreetara igo nahi zuenean, udalari jakinarazi besterik ez zuen egin behar: “Ez zuen ez epe ez kopuru jakinik ematen, eta, beraz, ez zegoen migrazio horren jarraipen sistematikorik”.
Plangintza bete eta sistema abian jartzen denean, eragile guztiek jakingo dute zehazki eta une oro zein den larre bakoitzaren egoera: “Zenbat animalia dauden eta zer motatakoak diren, zenbat denbora daramaten larreetan eta zenbaterako dauden, nor den abelburu horien jabea, edo ganaduaren osasun egoera zein den”.
Programa horrekin, beraz, larreen okupazioa, han dauden espezie eta arrazak, haien egoera sanitarioa eta abar denen eskura eta une oro gaurkotuta eskainiko du aldundiak. Gipuzkoa da tresna berri hori ezarriko duen lehen lurraldea.
Urtea amaitzerako, bukatua
Aldundiak martxan jarri duen plangintzan larreak identifikatu, deskribatu, eta bakoitzaren ñabardurak eta erabilerak zehaztu dituzte lehen urratsean. Ondoren, datu horiek guztiak, kode baten bidez, programa baten barruan kokatu dituzte.
Larre bakoitza ganadu ustialekuen erroldan sartuko dute gero, eta aldundiak aurreikusi du urte amaierarako bukatuta egongo dela zentsu berria, “legeak eskatzen dituen kodeekin”.
Gipuzkoan 29 larre gune daudde, eta gehienak udalen jabetzakoak dira; gainontzekoak, mankomunitateenak. Behin zentsua osatuta, eta larre bakoitzak identifikazio gakoa duenean —beste edozein ustialekuk bezala, aldunditik zehaztu dutenez—, ganadua bertaratzen duten jabeek “gidak” egin beharko dituzte. Dokumentu horietan adierazi beharko dute abereak nondik nora eramaten dituzten, noiz, zenbat denborarako, zein osasun egoera duten… Etorkizunean albaitari bat izendatuko dute larre edo lurraldeko gune bakoitzeko.
Kontrol administratiboa
Aldundiak jakinarazi duenez, plangintza horrekin diru laguntzen kontrol administratiboa ere egingo dute, “iruzurrik izan ez dadin”. Izan ere, aurrerantzean larreetara ganadua eramateagatik dauden diru laguntzak “errealitate eta datu zehatz eta konfirmatuetan oinarrituko dira, eta ez, orain arte bezala, eskaera egin duenak esan duenean”.
Leave a Reply