Lurrarekin esperimentatzen

Munduko hainbat hiri handik bezala, Hernanik badu bere eremu berdea maiatzaz geroztik. Ez du New Yorkeko Central Park-en antzik, ez eta Londresko Hyde Park-enik ere. 10.000 metro karratuko lursaila da, Karabel auzo ondoan kokatua, eta han finkatzen da Karabeleko elkartea, AGIFES, Blasenea eta Kimu Bat entitateek elkarlanean eta irabazi asmorik gabe sortua.

Bertan, baratzeko produktuekin esperimentazio lan zabala eta irekia egiten ari dira, Euskal Herrian aitzindari dena. Iban Zabalza Blasenea mintegiko kidearen esanetan, ikertegi “xumea eta erreala” zabaldu nahi izan dute, hala, Kantauriko ekoizle ekologikoek topaleku bat izan dezaten bertan landatzen dituzten “milaka” espezieren garapena ikusteko eta aztertzeko.

Badute non begiratu, etxaldean banaturik dauden berotegietan barietate guztietako barazki, fruta arbola eta sukaldaritza landareak baitaude, tokikoak nahiz exotikoak: Senegalgo okrak, Turkiako berenjenak, tomate zuriak, tomate horiak, tomate beltzak, lau motako menda belarrak…

Zabalzaren esanetan, nekazariei “benetan” eragingo dieten gauzak aztertu nahi dituzte. Adibidez, ilargiak Euskal Herriko baratzeetan izan dezakeen eragina. Izan ere, Zabalzak dio “informazio ia guztia” Frantziatik, Alemaniatik eta Ingalaterratik iristen dela orain arte. Euskal Herrian “ezer gutxi” aztertu da. “Zer erabili beharko genuke, zizare humusa ala konposta?”, galdegin du Zabalzak. “Literatura asko idatzi da nekazaritzari buruz Euskal Herrian baina ikerketa gutxi sakondu. Informazio guztia kanpotik dator. Ikusi nahi dugu, adibidez, letxuga eta tomate barietate ezberdinak nola moldatzen diren gure klimara”.

Blasenean zortzi urtean dihardute landare ekologiko txikiak ekoizten, eta urte horietan hazi ekologikoen barietateak aztertzen aritu dira. Oztopo berarekin egin zuen topo Zabalzak: “Hazi ekologikoen ezagutza murritza da, informazioa kanpotik dator. Adibidez, nola jakin tomate hazi ekologiko bat nola moldatuko den gure ingurunera? Komertzialak esan diezazuke probatzeko, baina ze bermerekin? Hazi etxeek azterketa gehienak Mediterraneoan eta Andaluzian egiten dituzte, han baitago nekazaritza produkziorik handiena. Baina ezer gutxi egin da Euskal Herrian. Hemen hamabost bat oinarrizko espezie lantzen dira soilik, baina milaka barietate daude munduan. Txina, Pakistan, Japonia… Haietan, barietate kopuru ikaragarria lantzen da”.

Horrek bultzatu zuen Zabalza mundu osotik haziak inportatzera. “Mugak, aduanak, osasun pasaporteak, agiriak…”, dakartza gogora. “Nekazariei hasi gintzaizkien banatzen: ‘Aizu, probatu hau, ea nola doakizun zure baratzean!’. Eta, modu honetan, informazioa biltzen hasi ginen apurka-apurka”, dio Zabalzak.

Nekazaritza ekologikoan sinesten du Zabalzak, hazi mendekotasunik gabeko nekazaritzan, eta horregatik dio hazi “puruak” bilatzen dituztela gehienbat, baita hibridoak ere, baina beti jatorri ekologikodunak. “Ematen du gauza berria dela, baina orain 80 urte dena zen horrela. Lehen biozida gutxi erabiltzen zen. Gerora etorri zen fitosanitario produktu andana. Gaur egun, baserritarrek ez dakite patatol gabe patata ereiten”, dio Zabalzak. Horregatik, prestakuntza ikastaroak eskainiko dituzte, nekazaritza ekologikoaren ekoizpena eta kontsumoa bultzatzeko asmoz.

Otarreak, diru iturri

Nekazari askok asteroko otarreetatik ateratzen dituzte soldata osagarriak. Hogei bat familiako kontsumo taldeak osatzen dituzte, eta diru baten truke familiek astero barazkiz betetako saskiak eramaten dituzte etxera. Finantzabide horrekin bat egin du Karabelekok. Bi motatako otarreak banatzen dituzte astero: bi pertsonarentzako direnak, 45 euro hilero; eta lauzpabost pertsonarentzakoak, 80 euro hilero. Bezero horietako asko eta asko AGIFESeko erabiltzaileen senideak dira.

AGIFES, Karabeleko elkarteko bazkidea, Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea da, eta horko hamabost bat erabiltzaile egunero joaten dira etxaldera errehabilitazio psikosoziala lantzera.

Karabelekon salgai asko pilatzen zela ikusirik, produktu horiek otarreetan saltzea erabaki zuten. Denetariko barazkiz eta landarez betetzen dituzte otarreak, nahiz eta, Zabalzaren esanetan, “oreka bilatzen” saiatzen diren, bezeroei dena ezezagun ez egiteko: “Adibidez, baratzean ditugun tigrezko berenjenak. Jendeak ez daki labean sartu ala egosi. Mizunak eta mihiluak, adibidez, oso interesgarriak dira, sukaldean erabiltzeko, eta horregatik azalpentxo batzuk ematen dizkiegu bezeroei, produktu horiek nola kozinatu jakiteko”.

Hasiera gogorra izan dela aitortu du Zabalzak, konfiantzazko eta esperientziadun jendea aurkitu behar izan dutelako, baina gustura dago egindako lanarekin: “Oraindik ez genuen lurra ondo ezagutzen, eta ez genekien zein zen leku hezea eta zein beroa. Denborak erakutsiko digu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.