Iraila iritsi da, baina herrietako eta auzoetako jaiak ez dira bukatu oraindik. Gipuzkoako txoko asko festan murgilduko dira asteburu honetan: Tolosako Izaskun auzoa, Hondarribia, Zizurkil, Zarautz, Eibarko Arrate… Leku horietan guztietan ez da musikarik faltako.
Tolosako Izaskun auzoan, gaurko eta biharko antolatu dituzte kontzertuak. Gaur, gauerditik aurrera, Konbenio del Metal eta Zesuma taldeak igoko dira oholtza gainera. Hain justu, Zesuma talde albizturtarrak egin du Izaskungo jaietako aurtengo kantua. Gainera, kantu horrekin bideo muntaketa bat egin dute, taldeko kide Alberto Garcesen laguntzaz. Bihar, berriz, beste hiru talderen txanda izango da: Humus, Lagrimas de Sangre eta Glaukomak joko dute, 23:00etan. Jaiok igandean bukatuko dira.
Hondarribiko festetan, astelehena izango da egun handia, baina astebururako ere ekintza ugari antolatu dituzte. Besteak beste, kontzertuak izango dira gaur. 23:00etan hasita, Anai Arrebak eta Kashbad taldeek joko dute. Anai Arrebak taldeko kideak Naiz Roxa, Jousilouli eta Tigger Travis taldeetan ibiliak dira, eta elektronika eta rocka uztartzen dituzte proiektu berrian. Kashbad, berriz, hamahiru urteko geldialdiaren ondoren, aurten igo da berriro agertokietara. Disko berria, zortzi kantukoa, apiril amaieran aurkeztu zuten, eta herriz herri ibili dira uda honetan.
Zizurkilgo Elbarrena auzoan, Arantzazuko Amaren jaiak ospatzen ari dira atzotik igandera bitartean. Gaur Gazte Eguna ospatuko dute, eta musikak leku nabarmena izango du. 18:00etatik aurrera, Dinbi Banda batukada taldeak girotuko ditu kaleak. 22:30ean, Arkada, Governors eta Muyayo Rif taldeek emango dituzte kontzertuak, Joxe Arregi plazan. Arkada talde nafarra aurten itzuli da agertokietara, urte batzuk geldirik egon ondoren. Governorseko arrasatearrak, berriz, iazko udazkenean kaleratu zuten ibilbideko laugarren diskoa, eta herriz herri dabiltza kantu berriak eta zaharragoak jotzen. Muyayo Rif taldea Kataluniakoa da, eta dantzarako musika alaia jotzen du. Bihar, Laket erromeria taldeak joko du leku berean.
Zarauzko Euskal Jaietan, bihar, 23:00etan, Gose eta Guri 5 taldeak entzun ahal izango dira, txosnetan. Gosek joko du lehenik, eta, gero, Guri 5ek berbena eskainiko du goizaldera arte.
Arrateko jaiak ere asteburu honetan ospatuko dituzte, Eibarren. Besteak beste, kontzertu erakargarriak antolatu dituzte iluntzerako. 20:00etatik aurrera, oholtza gainera igoko dira Zopilotes Txirriaos, Zea Mays eta Las Tea Party. Goizetik hasiko dute festa, ordea. 11:00etan igoko dira Arratera. Trikipoteoa egingo dute han, eta herri bazkaria gero, 15:00etan. Bazkariaren ondoren jolasak egingo dituzte. Astelehenean preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute.
Leave a Reply