“Neure ideietatik animazio istorio bat sortzea nahiko nuke”

Txikitan ikara sortu arren, miresten zituen izakiez gozatzeko baliatzen zuen marrazketa Dei Gaztelumendik (Oiartzun, 1987). Izaki horien aztarnak nabari dira gaur egun egiten dituen animazioen diseinuetan ere. Kanadan egin zituen ikasketak, eta orain www.deisign.com webgunean ikusgai ditu bere lanak.

Arkatz eta paperik gabeko marrazkilaria zara zu.

Nire marrazketak proiektu handiago baten barnean egoten dira, eta ez dira izaten jendeak bukaeran ikusten dituenak, horretarako sortu beharreko diseinuak baizik. Nahiz eta egin izan ditudan haurren ipuinetarako eta komikietarako marrazkiak ere, baita aldizkariren batentzako azala ere.

Umetan beldurra ematen zizuten gauzak marrazten zenituen.

Bai, marrazo eta dinosauro asko marrazten nituen. Uste dut beldurraren eta miresmenaren arteko zerbait zela. Piztia oso erakargarriak iruditzen zitzaizkidan, baina, aldi berean, kristoren beldurra ematen zidaten. Beharbada, marrazketa zen piztia horiek ikusteko eta gozatu ahal izateko modu seguru bat. Oraindik ere, pertsonaien diseinuaren barruan gustukoen dudana piztien diseinua da, eta esango nuke gaurko piztien diseinuan ere nabaritzen dela marrazo edo dinosauro kutsua.

Eta noiz bihurtu ziren marrazki animatu?

Batxilergoa ikasten ari nintzenean, ingelesa ikasteko beka bat eman zidaten, eta Kanadara joan nintzen. Ordura arte uste nuen marrazketaren bidez bizimodua egiteko modu bakarra komikiak egitea zela. Baina zoriz edo, ingeleseko klaseak ematen zizkiguten unibertsitatean bertan animazioa irakasten zela jakin nuen. Ordura arte ez zitzaidan bururatu ere egin lanbide hori existitzen zenik, horretatik bizi zen jenderik bazenik.

Itzultzean ez zenuen animazio ikasketei ekiterik izan.

Saiatu nintzen han deskubritu nituen ikasketen antzeko zerbait topatzen, baina ez nuen halakorik topatu ez Espainian ez Europan, eta Kanadako unibertsitatera itzuli nintzen. Dezente kostata, egia esan: diru aldetik oso garestia zelako, eta, horrez gain, maila dezentea eskatzen zutelako. Hango unibertsitateek ez dute nota bidez funtzionatzen, lan gaitasun bidez baizik; eta nik paper zorro bat entregatu beharra nuen sartu ahal izateko. Saiatu nintzen lehen aldian, 18 urterekin edo, ez nuen lortu. Erabaki nuen lantxo bat bilatzea dirua aurrezteko eta neure burua trebatzea. Urtebete geroago, berriz saiatu nintzen, eta orduan lortu nuen.

Zer duzu orain esku artean?

San Frantziskoko [AEB] animazio eskola batentzako lanean ari naiz. On line eskolak ematen lehena izan zen munduan, eta aipaturikoen antzeko panpinak baliatzen dituzte irakasteko. Konpetentziaren ondorioz, zaharkituta geratu zitzaizkien panpinak, eta niri eskatu zidaten horien eguneratze prozesuaz arduratzeko. Polita da; izan ere, nik diseinatutako panpinetatik abiatuta ikasleek pertsonaiak sortzen dituzte; eta film bat hasi eta bukatu egiten bada ere, urtero egongo dira panpina horietatik pertsonaia berriak sortuko dituzten ikasleak.

Edonon egin zenezake lan hori.

Bai, nahikoa dut ordenagailuarekin eta Interneterako konexioarekin. Hala ere, lana egiten nuen bitartean bidaiatu ahal izateko aprobetxatu nahi nuen, beste herrialdeetako inspirazioaz baliatzeko. Lanerako ordenagailu finko bat eta marrazteko pantaila behar izaten ditut, eta orain gutxi kaleratu zuten bi gauzak batzen zituen gailu eramangarria; eta nire desioa betetzeko aukera ematen didan inbertsioa egin nuen. Apirilean, esaterako, Zeelanda Berrira bidaiatu nuen, eta arazorik gabe lanean jarraitu ahal izan nuen.

Zer marraztu nahiko zenuke etorkizunean?

Asko gustatuko litzaidake egiten ditudan proiektuen antzeko bat nire ideietatik abiatutakoa izatea. Hau da, nigan sortutako ideia neuk irudikatu eta zuzentzea. Enkargu bidez lana egin ordez, neure ideiak garatuz istorio bat kontatu ahal izatea nahi dut. Baditut hasitako zenbait istorio, baina aukeren arabera ikusiko dut zein garatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.