Slackline kirola pixkana-pixkana zabaltzen ari da Euskal Herrian. Soka edo zinta lasai baten gainean ibiliz egiten da slacklinea, eta asteburu honetan ikusgai izango da Tolosan, lehen aldiz Waterline Festival Tolosa jaialdia antolatu baitute. Iñigo Manso antolatzaileak azaldu duenez, jaialdiaren helburua herrira ahalik eta jende gehiena erakartzea da. Oria ibaiaren gainean zazpi soka jarriko dituzte: “Tolosak leku aproposa du herriaren erdian. Berezia izango da”.
Mansok begiz joa zuen Zerkausiaren eta Nafarroako Zubiaren artean sortzen den gunea. “Ibaia ikusi, eta pentsatzen nuen erronka moduan ea posible izango zen zeharkatzea”. Slacklinearen munduan apurka sartu zen Manso. Egun, Flow Balance elkarteko kidea da, eta haren bitartez antolatu du topaketa. Leku “berezia” dela nabarmendu du antolatzaileak: “Oria ibaiaren eta Zerkausiaren ingurua gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Ibaiari bizi hori ematea polita da”.
Berrogei parte hartzaile
Waterline Festivalen berrogei kirolari inguru elkartzea espero du Mansok: “Toki askotatik etorriko dira: herritik bertatik lauzpabost, Donostiatik, Bilbotik, Ipar Euskal Herritik, Madrildik, Cuencatik (Espainia), Bartzelonatik, Valentziatik (Herrialde Katalanak)… Baita Italia, Alemania eta Argentinatik ere”. Mansok berak ere parte hartzeko asmoa du: “Herrikoak izanik, uretan sartu beharra daukagu”.
Parte hartzaileek, jaialdia hasi ondoren, sokak probatuko dituzte. “Sokek zer tentsio duten ikusi behar du bakoitzak. Tentsioaren arabera, batzuentzat errazago eta beste batzuentzat zailagoa izaten da. Soka gainean ibiltzeko, saiatu behar duzu lasai egoten, zure gorputza kontrolatzen eta kontzentratuta egoten. Gero, bakoitzak, mailaren arabera, trukoak egiteko gaitasun handiagoa izango du”.
Jaialdirako, saio libreez gain, hainbat joko antolatu dituzte. Spaceline deitutakoan, erdian elkartzen diren hiru sokatan jarriko dira parte hartzaileak, eta erdiko puntura lehenengo iristen denak irabaziko du. Soka luzeena zeinek lehenago igaro izango da beste jokoetako bat. Borrokak izeneko jarduerak ere egingo dira, hau da, soka baten gainean bi pertsona jartzea eta trukoak egitea, edo batak bestea uretara botatzea. Tricklinea ere egingo da, erakusteko jendeak zer-nolako abileziak dituen soka gainean. “Azken finean, jokoak ikusgarritasuna emateko antolatu dira, parte hartzaileek gozatzeko, eta ikusleek ere bai”. Waterline Festival ez dela txapelketa nabarmendu du Mansok: “Parte hartzaileak ondo pasatzera datoz, eta ikusleek ere ondo pasatzea nahi dugu”.
Probatzeko aukera
Slacklinean arituak direnak soilik ibiliko dira Oria ibaiaren gainean jarriko diren soketan, baina saiatzeko aukera izango dute kirol horretan lehen pausoak eman nahi dituztenek ere. Zerkausiko terrazan atonduko dute leku bat jendeak oreka probatzeko, eta larunbat arratsaldean eta igande goizean slacklinea egiteko aukera izango da Zerkausian. “Soka txikiak jarriko ditugu, distantzia motzekoak, jendeak ikasteko eta gurekin praktikatzeko”, azaldu du Mansok. “Jendeak kirol hau zer den probatzea nahi dugu; hori da jaialdi honetako helburuetako bat”.
Kirola lurrean hasten dela azaldu du Mansok: “Ur gainean zerbait polita egitera goaz, baina, elkartekook erakustera joaten garenean, lurretik gertu izaten da; bi arbolaren artean jartzen dugu soka, eta soka bera ondo nola lotzen den ere erakusten dugu, ez izateko inongo arazorik”.
Manso asko betetzen du sokaren gainean ibiltzeak. “Lasaitasun handia sentitzen da soka gainean zaudenean eta nabaritzen duzunean zure gorputzarekin eta buruarekin oreka mantentzen duzula soka estu baten gainean. Sentsazio hori ez dut lortzen beste kiroletan”. Soka gainean lortutako oreka eta lasaitasun horrek egunero laguntzen dio Mansori: “Ikusten duzu zure gorputzak asimilatu egiten duela ikasten ari zaren hori guztia”. Sentipen hori pixkana etortzen da, soka gaineko eskarmentua handitu ahala. Hori dela eta, jaialdiaren antolatzaileak Tolosara gonbidatu ditu slacklinea gehiago ezagutu nahi duten herritarrak, Oriako ikuskizunaz gozatzera.
Leave a Reply