Ura, geure buruaren kontra jarri dugun baliabidea

Azken bi urteetan maiztasun harrigarriz bizi izan ditugu euriteak. Euriteek berarekin ekarri dituzte horrelakoetan ezagun zaizkigun erreka eta ibaien gorakadak, uholdeak, eta, ondorioz, hamaika arazo larri.

Datuek argi erakusten dute urak sor ditzakeen kalteak etengabeko mehatxu direla gurean: Gipuzkoan 94,43 kilometro karratu daude uholdeak pairatzeko arriskuan Uraren Euskal Agentziaren arabera (kosta eremuak aintzat hartu gabe). Oria ibaiak osatzen du eremu horren %43,5, eta Bidasoa zein Urumea dira uholdeak maiztasun handiagoz pairatzeko arriskua dutenak.

Uholde arriskuko sailkapena duten lur eremu horien %35 (32,95 km2) eraikitako eremu moduan ageri dira 2013ko Udalplan-en. Alegia, eremu erresidentziala, ekipamendukoa edo aktibitate ekonomikokoa dela.

Hainbat administraziok kalteak saihestu eta herritarrak informatzeko berebiziko ahaleginak egin arren, gaur-gaurkoz, uholde arriskuko eremuen inguruko informazioa urria da euriteak direnean: kasu askotan, larrialdi zerbitzuei ezezaguna zaie egindako prezipitazioen arabera ura noraino iritsiko den, edo une horretan uholde arriskuan dauden etxebizitza horietan mugikortasun arazoak dituzten pertsonak non bizi diren, edo osagai bereziki arriskutsuak zein enpresa eta pabiloitan dauden. Informazio hori eta urpean gera daitekeen eremuaren estimazioa uztartzeak aukera ona emango luke dagokionari jakinarazi eta badaezpadako neurriak aurrez hartzeko.

Gure industrialdeek aipamen berezia merezi dute. Izan ere, Gipuzkoako eremu industrialen hamarretik sei uholde arriskuko eremuan daude kokatuta. Azalerari begiratuz, berriz, eremu industrialen azalera osoaren %35 inundagarria da, eta Donostialdea da (Hernani batez ere) azalerarik handiena duena arriskupean.

Gipuzkoan erregistratuta dauden aktibitateen ia laurdenak (6.094 establezimendu, %22,2) uholde arriskuko eremuetan kokatuta daude, gehienak Donostialdean. Hernani, Eibar, Azpeitia eta Tolosa dira udalerrien artean arrisku gehien dutenak.

Sektoreka erreparatuz, kontuan izan behar da sektore guztietan ez dela berbera uholdeek eragin dezaketen kaltea. Produktu mota, teknologia, makinaria eta beste zenbait faktoreren arabera badaude kalte handiagoak jasateko arriskua dutenak, bai eta inguruari kalte handiagoa eragin diezaioketenak ere (baliatzen dituzten osagai kimikoen arabera). Sektoreka hartuta, horietatik 877 establezimendu industrialak dira; gainera, Gipuzkoan 500 langiletik gora dituzten establezimenduen erdiak eremu inundagarrian daude kokatuta.

Esandakoak ez du inor larritzea helburu, ez eta arrisku sena piztea ere, baina ukaezina da Gipuzkoan urarekin zein ibai eta errekekin dugun harremanak gure egunerokoan gaur egun duena baino presentzia handiagoa izan behar lukeela. Ura, euria, ibaiak eta errekak geureak dira, geure aberastasuna; beraz, ezin ditugu arazo bihurtu gure erabakien bitartez. Ezezagutzak, ordea, hamaika erabaki arriskutsu onartzera eraman gaitu, eraikuntzarekin lotutakoak gehienak. Orain, beraz, gure ura, klima eta orografia arazo bihurtu ditugu. Etorkizunean aurreko hamarkadetan sortutako hainbat egoera bideratzea egokituko zaigu, besteak beste, urari bereak dituen eremuak itzuliz, baina horrekin batera ezinbestekoa izango da, euskal kultura garaikidean ura zer den, horrekiko bizikidetza nolakoa izan behar den, eta gure lurraldean arazorik sortu gabe bizitzen nola asmatu. Horrela, itsasoa bezala, gure senti ditzagun ibaiak eta errekak ere.

Uholdeek azpiegitura, jarduera ekonomiko eta eguneroko bizimoduan problema latzak eragiten dituzte. Etxebizitza eta eraikin industrialetan ura sartzeak dakartzan kalte ekonomikoez gain, urteetako lan eta ahaleginak alferrik galtzera eramaten ditu. Horrez gain, batera eta bestera doazen pertsona eta salgaien mugimendua oztopatzen du, eta arrisku handikoa da etxean ezin mugitu dauden elbarrien edo erien kasuan. Arrisku handikoa da, halaber, osagai kimikoak maila industrialetan gordetzen dituzten inguruetakoa; izan ere, uholdeak kontrolik gabe edo zuzenean isurita uzte baititu basa bizitza eta gizakion osasunerako kaltegarriak diren substantziak.

Teknologiaren garaian ahaztu egin zaigu urarekiko errespetuan bizitzen. Badugu gure zaharretatik zer ikasi. Esaerak dioen moduan, “ura eta sua belaunetatik behera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.