Igeldoko Txakur eta Katuen Etxea itxi dute, epailearen aginduz, animaliei tratu txarrak ematea eta armak baimenik gabe edukitzea egotzita. Gainera, zentroko arduradunetako bat atxilo eraman zuen Ertzaintzak aurreko astean. Hala ere, bai atxiloketa eta bai zentroaren itxiera Ertzaintzak aspaldi zabaldutako ikerketa baten ondorio dira, Hitza-k Jose Mari Erauskin Ekilur Juridica elkarteko kidearen bitartez jakin duenez.
Erauskinen esanetan, ikerketa horren hasierako helburua ez zen Igeldoko Txakur eta Katuen Etxea miatzea, baizik eta Gipuzkoako Abere eta Landare Elkarte Babeslearen instalazioak ikertzea. “Jendeak kontatuta, Elkarte Babeslearen inguruko kexa asko entzun nituen, eta, animalien aurkako delitu zirela ulertuta, epailearen jakinean jarri nituen”, dio Erauskinek. Hortik epaileak zabaldutako ikerketa.
Erauskinen arabera, 2013ko ekainean hasi eta zazpi hilabete iraun duen lanaren ondotik, Ertzaintzak seiehun orrialdeko txosten bat igorri zion epaileari, eta epaileak Elkarte Babesleko langile batzuen aurkako salaketa jarri zuen, animaliei tratu txarrak ematea leporatuta. Tratu txar horien oinarria da zentroko langileek animalia asko hiltzen zituztela eutanasia bidez, heriotza gozoa esaten diotenari dagozkion protokoloak errespetatu gabe. Erauskinek nabarmendu duenez, epaileak osatutako txostenak dio tratu txar horiek alferrikako sufrimendua eragiten dietela animaliei eta kasu horretan saihestu daitekeela. Hala ere, Erauskinek dio ikerketa horren ondotik Ertzaintza Igeldoko Txakur eta Katuen Etxea ikertzen hasi zela, jasotako kexen ondorioz batik bat. “Txakur eta Katuen Etxearen egoera are kaskarragoa zela ikusi zuten. Horren txarrak ziren bertako baldintzak, epaileak ixteko agindua eman baitzuen”. Egoera orain “kezkagarria eta lotsagarria” dela salatu du Erauskinek, Katu eta Txakurren Etxea itxi eta han zeuden 70 txakur eta sei katu Elkarte Babeslearen zentrora eraman dituztelako, “langile batzuk auzipetuta dauden zentrora, alegia”. Animalia horiek “pilatuta eta elkarri erasoka” bukatzeko arriskuan daudela ohartarazi du.
Udalarekin kexu
Erauskin kexu da Donostiako Udalak ez duelako bere burua aurkeztu Elkarte Babeslearen aurkako espedientean, eta hori egin ordez prentsa ohar bat kaleratu duelako dena ondo dagoela esanez. “Nola da posible udalak hitzartutako zentro bateko langile batzuk auzipetuta egon, udala jakinaren gainean egon, eta zer gertatzen den informatu nahi ez izatea? Baina nola dena ondo dagoela? Ertzaintzaren seiehun folioak ipuin bat dira, ala?”.
Erauskinek azaldu du prest direla Donostiako Udalarekin eztabaidatzeko, eta nabarmendu du Ekilur Juridica elkarteak beharrezko ikusten duela Gipuzkoak elkarte babesle bat izatea, baina ez “orain daukagun kontzentrazio esparru hau”.
Leave a Reply