Irakurtzeko aukera denen eskura jarriz

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegia da Irakurtzea, plazer bat, eskubide bat erakusketa hartuko duen Gipuzkoako aurreneko geltokia. Bilboko Alondegian egon da estreinakoz, eta datorren astelehenetik hilaren 26ra bitartean Portalea kultur etxean dagoen liburutegiaren sarreran jarriko dute, egunkariak egoten diren tokiaren ondoan. Hantxe dute jarria gaur egun Irakurketa Erraza etiketapean ateratako liburuen txokoa. Orain gutxi ipini dituzte liburu horiek han, liburutegiaren erabiltzaileen eskura.

Irakurtzeko zailtasunen bat dutenentzako liburuak dira Irakurketa Erraza etiketapean sortutakoak. “Kolektibo zabala da; biztanleen %30 inguruk irakurketaz gozatzeko zailtasunen bat dute: dislexia edo zailtasun psikologikoak dituztenek, hizkuntza erabat menperatzen ez dutenek, etorkinek…”, Euskal Herriko Irakurketa Erraza elkartearen arabera. Irakurketa Erraza etiketa duten liburuak ez dira erraz irakurtzeko moduko liburuak bakarrik; nazioartean dauden hainbat irizpide bete behar dituzte hala sailkatuak izateko.

Ongi katalogatuta

Eibarko udal liburutegian, Irakurketa Errazeko materiala behar bezala sailkatu eta apaleratzeko lana egin dute uda honetan; erabiltzaileek erraz aurkitzeko eran sailkatu dituzte. “Lehendik liburutegian genuen Irakurketa Errazeko materiala berriro katalogatu eta sailkatu, eta apal batean bilduta jarri dugu, seinalatuta eta izendatuta. Lehendik genuena gaizki kokatua genuen, beste liburuen artean eta galduta”, azaldu du Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegiko arduradunak. Horrez gain, gaur egun Irakurketa Erraza etiketapean dauden liburu gehiago ere erosi dituzte, liburutegiaren erabiltzaleei eskaintzeko eta “aukera osatzeko”.

Alberdik esan du erabiltzaileek oraindik ez dutela eskatzen irakurtzeko errazak diren liburu asko: “Aukera handirik ez dago, baina dagoena ere ez da asko ezagutzen”. Horregatik, aukera ezagutarazteko irekiko dute erakusketa, datorren astelehenean. Panel batzuek eta ikus-entzunezko batek osatzen dute erakusketa.

Hilaren 17an, hitzaldia

Erakusketarekin batera, datorren asteazkenerako hitzaldia antolatu dute Eibarren. 18:30ean da, liburutegian bertan. Blanca Mata Fauri ariko da hizlari, Euskal Herriko Irakurketa Erraza taldearen arduraduna. Hitzaldian, irakurketa erraza zer den eta horren etiketapean sortutako materiala zein kolektiborentzat den azalduko du Matak: “Kolektiboa askotarikoa baita”. Gainera, material horrekin zer-nolako jarduerak egin daitezkeen ere jakinaraziko du. Esaterako, badira Irakurketa Errazeko irakurle taldeak; Gipuzkoan, Oñatiko liburutegikoa eta Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegikoa dira aitzindariak. Baina, Mataren arabera, beste talde batzuk ere badira: Donostian, Matia fundazioak bi talde ditu, eta Atzegik ere badu beste bat.

Euskal Herrian, 2012an sortu zuten Irakurketa Erraza taldea. Aurrena, gazteleraz sortu zituzten irakurketa errazeko liburuak, baina, maiatzetik, euskaraz ere badira Irakurketa Erraza etiketapean sortutako liburuak. Gaumin argitaletxeak bi liburu itzuli zituen katalanetik: Nuria Marti Constansen Traizioa lakuan eta Montse Flores Pallaresen Rif mendietako ura. Bi propio euskaraz sortutakoak ere badira: Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Fernando Morillo Granderen Santiago Bidearen misterioa.

Erakusketarekin, Irakurketa Erraza ezagutarazi nahi dute, eta erabiltzaileak liburutegira erakarri: “Oro har, irakurtzeko dituen zailtasunengatik, kolektibo hori ez da liburutegien erabiltzailea; beraz, Irakurketa Errazaren zailtasun nagusia horiengana iristea da. Horregatik, liburutegiek aukera hori ere badagoela erakutsi beharra dute”.

Herritarren interesa asez

Eibarrera udal liburutegiko arduradunen ekimenez ekarriko dute erakusketa, uste dutelako herrian bertan material horretarako interesa eduki dezakeen jendea dagoela. “Leioako liburutegian irakurketa errazaren inguruan antolatutako jardunaldi batzuetan egon ginen, eta gero pentsatu genuen Eibarrera ekartzea interesgarria izango zela, hemen ere badaudelako irakurtzeko arazoak izan ditzaketen pertsonak. Horrez gain, liburutegian material hori aukeran izatea ere interesgarria zela iruditu zitzaigun”, esan du Alberdik.

Interesatuta egon daitezkeenek erakusketa ikustea eta liburutegian duten eskaintzaren berri izatea dute orain helburu. Gero, behin erakusketa eta hitzaldia pasatutakoan, liburutegitik zerbait martxan jartzeko aukera aztertuko dute Eibarren: “Ikusi beharko da zerbait egiteko aukerarik badagoen eta interesatuta dagoenik badagoen”.

Mataren arabera, gero eta liburutegi gehiago ari dira jartzen irakurketa errazeko materiala, sailkatuta eta bereizita: “Baina hori liburutegi bakoitzeko arduradunen araberakoa da. Liburutegi publiko gehienetan badakite zer den Irakurketa Erraza, liburutegiko langileek trebakuntza bat jaso dutelako edo materiala dutelako. Baina, gero, baliabide honi garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen diete liburutegi bakoitzean”.

Eibarren egon ondoren, Donostiara eramango dute Irakurketa Errazari buruzko erakusketa, Koldo Mitxelena kulturunera. Han urriaren 2tik 17ra egongo da, eta gero berriz Bizkaira itzuliko da, Iurretara. Urtearen bukaeran, abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra artean, Donostiako Udal Liburutegian jarriko dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.