Mafalda ez da zahartu

“Polita litzateke egun batean esnatzea, eta norberaren bizitza norberaren esku dagoela ikustea”. Joaquin Salvador Lavado Quino marrazkilariak Mafaldaren ahotan jarri zituen hitzok orain dela mende erdi. Quinok 1973. urtean utzi zion Mafaldaren zintak marrazteari, baina horrek ez du esan nahi mezuak gaurkotasuna galdu duenik. Kontrara, Mafaldaren ateraldi zorrotzek erabateko zentzua dute gaur egun ere.

Mafaldaren 50. urteurrenaren karira, erakusketa berezi bat ikusgai jarri dute Donostiako Okendo kultur etxean. 1964 eta 1973 artean hainbat hedabidetan argitaratutako komiki zintak biltzen ditu erakusketak. Horien bitartez, garai hartako gizartearen kezkak jaso zituen Quinok, 6 urteko neskato baten begirada ardatz hartuta.

Garai zaila izan zen hura, Argentinan, bai, baina baita bi bloketan banatutako mundu hartan ere, eta Mafaldaren istorioak ere unibertsal bihurtu ziren berehala. Munduko bazter guztietan hasi ziren Mafaldaren zaleak agertzen. Horregatik, neskato argentinarraren zintak hainbat hizkuntzatara itzuli dira, tartean euskarara. Justiziarik ezaren zein gizarte arazoen salaketa irudikatzen du Mafaldak. Vietnamgo gerra, Martin Luther Kingen hilketa eta gizakia ilargira iristea izan ziren, besteak beste, garai hartako gertaera adierazgarrienetako batzuk, eta den-denek tokia izan zuten, zuzenean nahiz zeharka, Mafaldaren zintetan. Izan ere, haur askok irakurtzen dituzten arren, Mafaldaren komikiak ez dira haurrentzako istorioak. Horretan datza, akaso, haren sekretua; gai eta arketipo helduak haurren ustezko xalotasunaren galbahetik iragaztean.

‘Mafalda 50 urte’

Urriaren 18ra arte ikusgai, Donostiako Okendo kultur etxean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.