Nestor Basterretxea eskultoreak egindako Zinbaue eskultura inauguratu zuten iragan astean Hondarribiko Arma plazan. Aitonak hori ez ikusteak penatzen du gehien Telmo Basterretxea (Hondarribia, 1991). Kontent agertu da, hala ere, bere aitonak diseinatutako eskultura han egotearekin.
Azkenean, zure aitonak diseinatutako eskultura bat inauguratu dute Hondarribian. Nola hartu duzue omenaldi txiki hau?
Ondo, baina penarekin aldi berean. Ziur gaude aitonari asko gustatuko litzaiokeela eskultura hau ikustea, eta urteak eman ditugu eskultura bat noiz jarriko zain, eta, azkenean, hura hil eta gero jarri dute. Alde horretatik, pena, baina gu kontent. Behintzat jarri dute. Aurreproiektu bat egon zen, kai berrian egitekoa. Hasiera batean pentsatu zuten kai berrian eskultura handi bat jartzea. Ez ziren ados jarri, eta, azkenean, eskultura hau garabi batekin ekarri dute, aitonaren baserritik. Beraz, askoz ere merkeagoa izan da. Gainera, niri behintzat, askoz ere gehiago gustatzen zait lekua eta eskultura bera ere. Hau justu herriko lekurik altuena da, eta paisaia oso polita da. Orduan, ondo, kontent.
Zimbabwen pentsatu zuen eskultura bat da, ezta?
Bidaia egin zuen Zimbabwe eta Mozambikera, eta hango testigantza da hemen gerora sortutako eskultura. Unescoko lagun batekin egin zuen bidaia. Sarajevoko gerran, Tindufeko errefuxiatu eremuan eta hainbat lekutan izan zen hango artistekin harremanetan, euren lana bultzatzeko.
Aitonak forma geometrikoak bere estilora egokitu eta eskultura bat diseinatzen zuen. Plantan egindako marrazkien antza hartzen diot nik. Adibidez, 50eko hamarkadaren inguruan egindako eskultura batzuek badaukate oinplano horien itxura. Iradokitzailea da, azkenean, eta bakoitzak bere interpretazioa egiten du.
Ba al dakizu zer irudikatzen duen eskulturak?
Niri, adibidez, Zimbabwe iradokitzen dit, kolorearengatik edo. Ni Afrikara behin bakarrik joan naiz, eta, beraz, ez dut ezagutzen; dakidana dokumentaletatik dakit. Afrika handia da. Aitonak esaten zuen arte abstraktuak abantaila hau daukala: artistak berak sortzen ditu munduak, parametroak, jokoaren arauak, eta bera da sortzaile absolutua. Bere horretan, artista batek nahi duena egin dezake. Nire aitonak esaten zuen garrantzitsuena artistak daukan talentua dela. Hori ere asko eztabaidatu daiteke. Artearen ideia hori zuen: txarra edo ona. Baina ez zuen onartzen norbaitek interesgarria zela esatea. Ez zuen artea hala ulertzen; interesgarria zela esaten bazuen, hori txarra zen. Ni ere horrela mugitzen naiz haren obrekin.
Kontuan hartzen al zuen zuen iritzia ere?
Hark beti erakusten zigun egiten zuena. Eskulturekin ez hainbeste, baina marrazki eta bildumekin beti esaten zigun: “Begira zer egin dudan”. Marrazkiekin etortzen zen, han geudenoi erakusten zigun, eta, bai, kontuan hartzen zuen gure iritzia. Niri eskultura hori ona iruditzen zait.
Zure aitonak, berez, beste eskultura bat prestatu zuen Hondarribian jartzeko, ezta?
Kai berrian egitekoa zen proiektu hori, lehen aipatu dudana, Hondarribirako zen berez. Sortzeke zegoen eskultura bat zen. Aitonak prozesu hau betetzen zuen: marrazkia diseinatzen zuen, arkitekto baten moduan oinplantak marrazten zituen, eta hori proposatzen zuen. Oso garestia bazen, berriro diseinatzen zuen, eta Eibarko burdindegi batera eramaten zituen. Hondarribirako diseinatutako eskultura oso handia zen. Niri, gainera, Pasaian daukan beste eskultura baten antza duela iruditzen zait. Agurra izena duela uste dut. Zapi antzeko bat da, agur esaten bezala. Hondarribirako diseinatu zuena itsasontzi baten gisakoa zen. Diru kontuengatik, ez zen egin, oso garestia zelako. Gainera, garai hartan krisia hasi zen, eta bertan behera gelditu zen. Azkenean, presaka, aitona hil dela, korrika egin den gauza bat izan da. Hau askoz ere merkeagoa da, eta baserritik ekarri zuten. Gainera, aitonak aukeratu zuen eskultura hau Hondarribian jartzeko. Guri ere gustatzen zitzaigun, eta ados ginen.
Leave a Reply