Dantzalekutik plazara

Dantza Hirian jaialdiak, ohiko agertokietatik ihes egin, eta dantzaleku bihurtzen ditu plaza, parke eta kaleak. Zehazki, Donostia eta Baiona inguruko hiri paisaiak. Izan ere, asteburu honetan Donostia eta Errenteriako karriketan barna sartuko da jaialdia, eta berekin batera ekarriko ditu gaur egungo dantzaren alorrean ospe handia duten konpainia eta koreografo profesionalen lanak.

Jaialdi ibiltaria da, eta eredu parte hartzailearen aldeko apustu garbia egiten du. Osagarri horiekin guztiekin, arkitekturaren, dantzaren eta ikuslearen arteko fusioa eskaintzen du Dantzan Hirian-ek, eta, horri esker, Donostia eta Pasaiako oinezkoek aukera izango dute dantza garaikidea bertatik bertara ezagutzeko, dohainik.

Bederatzi urte beteko ditu aurten jaialdiak, eta egitarau zabalarekin iritsiko da Donostiara, gaur arratsaldean. 18:00etatik aurrera, Retrato de Oscar Wilde dantza ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute bulebarreko kioskora joaten direnek. Gustavo Ramirez artistak zuzenduriko lana da, eta mugimendu eta bideo bidezko proiekzioen bitartez, Wilde idazle ezagunaren bizitzako pasarteak erakutsiko ditu. Ondotik, beste lau proposamenentzako tartea irekiko da. 18:20ean, Babirusa Madrilgo konpainiak Brea y plumas lana aurkeztuko du, La Bretxa merkataritza gunean.

18:45ean, berriz, Judith Argomaniz koreografoaren Lauesku estreinatuko da San Telmo museoan. Hiru dantzarirentzat prestatutako lana da, euskal pilotari buruzkoa, eta, partida baten bitartez, joko arauak zalantzan jartzen dituzten hainbat egoera aurkeztuko dituzte.

Konstituzio plazan 4×4 antzeztuko du Ertzak konpainiak, 19:15ean, eta 20:00etan amaiera emango zaio jardunaldiari, Trinitate Plazan, Cia Birabusasek aurkezturiko ¿Me regalas un movimiento? obrarekin.

Igandean, Errenterian

Jaialdiak Donostiatik Errenteriara egingo du jauzi igandean. Lehenago, ordea, bihar bertan, Irun Break Irungo dantza konpainiak Urban Dance ikuskizuna emango du Bidarteko Udaleko plazan (Lapurdi), 17:45etik aurrera. Errenterian bi emanaldi izango dira igandean: bata Retrato de Oscar Wilde izango da, Donostiako ikuskizun berbera, Donibane plazan, 12:30ean; eta, bestea, Chameleon: Dantzaz konpainiak aurkeztuko du, San Pedro enbarkaderoan, 13:15ean.

Bai Chameleon eta bai Urban Dance ikuskizuna ere Ibili programan dauden lanak dira. Ertzak konpainiaren 4×4, berriz, Aterpean programaren barruan dago. Ibili eta Aterpean programek sormen lanak sortzen eta jendeari ezagutarazten laguntzen diete Akitaniako eta Euskal Herriko konpainiei.

Bestalde, Dantza Hirian jaialdiak Acieloabierto sarea bultzatu du Espainiako hamar jaialdirekin batera. Sare hau ezohiko eremuetan egiten diren gaur egungo dantza jaialdien sarea da, eta lankidetza, mugikortasun eta truke arloko proiektuak sustatzen ditu. Hain zuzen ere, proiektu horien artean kokatzen da Retrato de Oscar Wilde ikuskizuna. Era berean, jaialdiak bat egin du Europako Lankidetzaren Eguneko ospakizunekin, eta Donostia 2016 kulturaren Europako hiriburuaren proiektua ere proiektu horri batu zaio.

Dantza Hirian jaialdia

Bost lan aurkeztuko dira gaur, Donostian; beste bi etzi, Errenterian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.