Elkartasuna lemazain izango dute Tolosan

Elkarteetan gertatu ohi den moduan, afaltzen ari zirela otu zitzaien ideia. “Oier Iribarreni laguntzeko zerbait sortu nahi genuen”, azaldu du Luis Oruezabal Txinparta elkarteko kideak. “Estropadaren gaia atera zen, eta ideia zabaldu genien beste elkarteei. Hasieran uste genuen lau edo bost izango ginela, eta azkenean 18 elkarte ari gara antolatzen”.

Estropadan izena ematea ez zen hain zaila izan. Lan handiagoa eman zien prestaketak: elkarte bereko bost edo sei arraunlari lortu, arraunean ikasi, patroi lanak egin… “Azkenean lortu dugu ikastea”.

Antolatzaileak hemezortzi elkarte izan arren, hamasei batel ikusiko dira Oria ibaian. “Elkarte guztiek ez dute lortu ontzia osatzea, eta, horregatik, beste zeregin batzuetan ariko dira”, dio Oruezabalek. 11:30ean hasiko da ikuskizuna. Batelak binaka aterako dira, Dama Berdeko zubitik, eta Zerkausi bitartean hiru luze egingo dituzte, eta, ondorioz, bi ziaboga. 600 metro baino pixka bat gehiago egingo dituzte ontziek; beraz, proba guztia indar bete-betean egin beharko dute. Bi denbora onenak lortzen dituztenek finala jokatuko dute, baina ez da izango ez irabazlerik ez saririk. “Uste dugu saria denak elkartzea dela, eta ahal den diru gehiena lortzea Oierri laguntzeko”, dio Txinparta elkarteko kideak.

Hala ere, ezin da ukatu lehia sortu dela batelen artean, eta horren erakusgarri da arratsaldero estropada eremuan egin diren entrenamenduetan arraunlariek jartzen duten gogoa. San Esteban elkarteko Agustin Pagolak, baina, nahiago izan du taldeen artean sortu den giroa nabarmendu: “Giro ona sortu da denon artean. Abuztuko oporrak izan direla-eta lasai egon da, baina, oporrak bukatuta, bete-beteta dago ibaia”.

Oruezabalen ustez, horixe zen asmoa: “Tolosako ehun pertsona inguruk, arraunean gutxi arituak edo ia batere aritu gabeak, kirol hori pixka bat ezagutzea; txukun egitea egunean bertan; eta festa giroa jartzea Tolosan”. Lizardi elkarteko batelean patroi lanetan ariko da Josune Sanz, eta hark ere bat egin du iritzi horrekin; aurrera begira berriro ere estropada egiten bada “emakume gehiagok parte hartzea” nahiko luke.

Estropadan parte hartuko duten asko ez dira aurretik arraunean ibili, eta ikasi behar izan dute. Sanzentzat lehendabiziko aldia izan da, bai arraunean, bai patroi lanetan: “Uda eman dugu arraunean eta patroi lana ikasten, eta komeria ugari izan ditugu. Egia esan, primerako laguntzaileak izan ditugu. TAK Tolosako Arraun Klubekoen eta lagunen artean oso ondo ibili gara, eta ikasi ditugu gutxienekoak behintzat”. Oruezabalek berretsi du gogorra izaten ari dela arraunean aritzea eta eskuak eta ipurdia “porru eginda” dituela.

Egitasmoaren helburu nagusia Stop Sanfilippo fundaziorako dirua lortzea da. Estropada bera ikusteagatik ezin denez sarrerarik jarri, beste bide batzuk jorratu dituzte. Batetik, zozketa antolatu dute: “Estropadaren berri jakitean, tabernak galdezka etorri ziren ea nola parte har zezaketen, eta azkenean egunean bertan zozketa bat egitea pentsatu dugu”. Urdaiazpiko bat, hainbat produktu dituzten bi saski, afaria eta bazkariak zozkatuko dituzte, eta baita egunean bertan jakingo diren pare bat sorpresa ere. Bestetik, bazkaria antolatu dute estropadan parte hartuko dutenentzat, horien senide eta lagunentzat, eta hala nahi izan duten guztientzat. Tolosako Ferialekuan egingo dute, estropadaren ondoren, eta laurehun inguru elkartuko dira.

Historia duen estropada

Tolosan, estropadek oihartzun eta arrakasta handia izan zuten garai batean; orduan ere, elkarteen artekoak izaten ziren, eta San Joan jaietan egiten zen txapelketa. 1988an egin zen azkena. “Traineruetan Kontxa den bezala, bateletan Tolosa izaten zen”, dio Pagolak. Hark estropada haietan parte hartu zuen: “Txapelketa asko ziren: Gipuzkoakoak, Euskadikoak, Espainiakoak… Baina Tolosakoa ezberdina zen. Sartzen zinen errekan, eta ikusten zenuen dena jendez beteta, Donostian sortzen den moduko giroa. Beste txapelketetan lau katu izaten ziren ikusten”.

Pagolak espero du gainezka egongo direla bihar Oria ibaiaren inguruak, garai bateko estropadetan bezala. Sanzek gogoan du txikia zela estropadak ikusten zituela, eta Oruezabalek gogora ekarri du bere aitona estropadetan parte hartutakoa zela.

Afizionatu mailako arrauna izaten zela dio Pagolak: “Elkarteek gazteak fitxatzen zituzten; arraunean erakutsi, eta aurrera”. Pagola bera hainbat elkartetan aritu zen; eta, gerora, Orioko klubean ere ibili zen arraunean. Aldea izugarria zen. Tolosan bateletan aritzen zenean azpiegiturak oso ezberdinak zirela ekarri du gogora: “Espainiako txapeldunak izan gara bi aldiz, eta batela baserri batean uzten genuen, behien ondoan, eta gure dutxa sukaldeko harraskara lotutako hodia izaten zen”.

Oria ibaian egin beharreko lanak zirela eta, bertan behera utzi zituzten estropadak, eta horrek nahigabea sortu zuen herrian. Pagolak gogoan du Iñaki Linazasoro orduko alkateak bilera batean esandakoa: “Presa botata ere Tolosako sanjoanetan festak aurrera egingo zuela esan zuen. Eta Karlos Muñoa Aiz-Orratz elkarteko managerrak bota zion galdera: ‘Sanferminetan entzierroak kenduko balira, festak berdinak izango lirateke?’. Estropadek betetzen zuten sanjoanetan festa”.

Aurrera begira, eta elkarteetan sortu den giroa ikusita, agian berreskuratuko dituzte berriro ere sanjoanetako estropadak. Biharko erronkak sortuko duen ikusminak eta elkarteek nahiz arraunlariek duten gogoak erabakiko dute hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.