Urretxuko Santa Anastasia jaiek gailurra joko dute etzi arratsaldean, idiek tiratutako karroza segizioak kaleak betetzen dituenean dantzariek, txistulariek, dultzaina jotzaileek eta erraldoiek lagunduta. Urretxuko jaiek bihotza badute, bihotz hori Euskal Jaietako karroza desfilea da.
Urretxun 1959an egin zuten lehen Euskal Jaia. Nahiz eta orduz geroztik herriaren arkitektura, gizartea zein baliabideak eraldatu diren, Euskal Jaiaren muina ez da aldatu urteotan. Festaren ardatzak, hain justu, euskal kultura, folklorea, eskulangintza eta aldarria dira gaur, atzo bezala.
1960ko hamarraldiaren atarian, Urretxuk ondoan duen Zumarragako industria hazkundeak immigrazio tasaren gorakada eragin zuen. Aldi berean, euskal kutsua zuen guztia ezabatzeko Francoren diktaduraren grina ez zegoen asetzerik. Testuinguru hartan egin zuten Urretxun lehenengo Euskal Jaia.
1959ko irailean, Urretxuko Gernikako Arbola plazan bat egin zuten karrozek; ordurako, sagardotegi bat, euskal kirolak, pilota partiden inguruko giroa eta Jose Mari Iparragirre kantugile urretxuarraren pasadizo bat irudikatu zituzten, besteak beste. Kuadrillak izan ziren hasiera-hasieratik karrozen arima zein haragi-hezur.
Diktadura garaian, karrozen bitartez mezuak zuzenean eman bainoago, iradoki egiten zituzten. Bertakoek ulertzeko moduko mezuak izanda ere, zentsuraren begietara debekua saihesten saiatzen ziren. Hala, Urretxuko Euskal Jaiaren oihartzuna Euskal Herriko mugez beste aldera iritsi, eta No-do albistegiak ere filmatu zituen jaiaren irudiak.
Edonola ere, euskal gaien lanketa hutsak debekua eragin zuen zazpi urteren buruan, eta, 1963an, gobernadore zibilak Euskal Jaia galarazi zuen. Bi urteko etenaldiaren ondoren, lehenengo folkloreari lotutako desfileak egin zituzten iraileko jaietan, eta gero segida eman zieten desfile umoretsuekin. Azken desfile haiek poliki-poliki karrozak berreskuratzeko aukera sortu zuten.
Euskal Jaiaren itzulera
1970eko hamarkada hastear zegoenean, greba latzak izan ziren Zumarragako Esteban Orbegozo siderurgia lantegi erraldoian. Horrez gain, euskal kulturari lotutako aldarrikapenak ozenago entzuten ziren. Eta hori guztia hurrengo urteetako karrozetan irudikatu zuten urretxuarrek. Hala itzuli zen Euskal Jaia.
Hilario Aranburu eta Migel Zufiria urretxuarrek 1979. urtean egin zuten beren lehenengo karroza, Iraultza kuadrillako kideekin batera. 1993an egin zuten azkena. Francoren garaia ez zuten ezagutu karrozagile moduan, baina haien haur begiek sasoi hartako Euskal Jaiak ikusi zituzten. Hilario Aranburuk gogoan du Francoren garaian aldarrikapen bat zela euskal gaiak lantze hutsa: “Kanpotik jende asko etortzen zen; izan ere, orduan oso mugatuta zeuden askatasunak, eta Urretxuko Euskal Jaia gure kulturari begiratzeko leiho bat zen”.
Aranburu eta Zufiria Euskal Jaian parte hartzen hasi ziren garairako ez zegoen diktadurarik. Zufiriak gogoan ditu, hala ere, Urretxuko kuarteleko guardia zibilak joaten zitzaizkieneko pasarteak: “Zertan ari ginen galdetzera etortzen ziren karroza egiten ari ginen tokira, eta azalpenak eskatzen zizkiguten. Guk, normala den bezala, gezurra esaten genien beti”.
Bi karrozagileek adibide gisa jarri dituzte euskararen inguruko gaiak, 36ko gerrako Hernaniko fusilamenduak eta Mauthausengo kontzentrazio esparrua (Austria) ardatz hartuta egin zituzten karrozak. “Gai sozialak lantzen genituen, folklorearekin lotutako gaiak baino gehiago”, azaldu du Aranburuk. Segidan, konzentrazio eremu hartan urretxuar bat erail zutela jakin zuteneko pasadizoa gogoratu du: “Karroza egiten ari ginela jakin genuen, kasualitatez, Enrike Telleria Urretxuko semea eta errepublikako soldadua han hil zutela”.
Karroza egiteko prozesuaz gain, desfilean ateratzeak duen zirrara nabarmendu dute biek. “Lan on bat egin duzula sentitzen duzu, eta lan hori zeure herriko kaleetan barrena erakusten duzunean eta txaloak jotzen dizkizutenean harro sentitzen zara”, dio Zufiriak. Kuadrilla barruko loturak estutu dituztela ere badiote, eta beste kuadrilletako kideekiko loturak ere bai.
Hamalau urteren buruan karrozak egiteari utzi zioten, eta orain kritikoak dira gazteen jarrerarekin. Aranburuk aldez aurretik dio ez duela paternalismoz hitz egin nahi, baina “konpromiso falta” sumatzen du egungo karrozagile askoren artean: “Guk jaiaren sustraiak ezagutzen ditugu; badakigu kuadrilla askok klandestinitatean lan egin zutela, egurra gogotik jaso zutela eta atxilotuak ere izan zirela…”.
Zufiriak eskulangintza ikastaro bat ematen die egungo karrozagileei: “Oinarrizkoa erakusten diegu, baina nik lidergo falta sumatzen dut”.
Garai batean karrozetan joaten ziren haragi-hezurrezko pertsonaien mira dute biek, eta “karrozetan panpina gehiegi dago”, diote, aho batez. Talde lan gisa ezagutu dute karrozagintza; baliabide gutxirekin buruari asko eragin behar ziotela diote. Gogoratu dute Nestor Basterretxea eta Eduardo Txillida eskultoreak karrozen epaile izan zirela. Orain “karrozen etapa berria noiz hasiko zain” daudela diote bi karrozagile beteranoek.
Etzi, karroza desfileak Gernikako Arbola plaza izango du helmuga, eta Urretxuko jaien hondarrean, karrozen kalitatearen gorabeheran, zirrara berezi hori beste behin hedatuko da plazan, jaien bihotzak bozgorailuetatik taupa-taupa egingo balu bezala.
Leave a Reply