Argia Eguna, bueltan

Bi hamarkadako etenaldiaren ondoren, Usurbilen Argia Eguna egingo dute bihar. Azkeneko aldiz 1992an antolatu zuten, eta astekariak egitarau zabala prestatu du itzulerarako. Egun osorako antolatu dituzte ekintzak. 22 urte igaro dira azken Argia Egunetik, baina astekariaren helburua lehengo bera da orain ere: “Argia-ren proiektu komunikatiboa herriarekin konpartitzea”.

Jaialdiak, besteak beste, euskaltzale, Argia-ren irakurle, langile, kolaboratzaile, harpidedun eta sare sozialetako jarraitzaileen topagune izan nahi du, eta esan dute Argia astekariaren balioetan oinarrituko dela: garapen iraunkorrean oinarrituriko ekonomia eta ekologian, parekidetasunean, lurraldetasunean, euskaltzaletasunean eta parte hartzean.

Eguna ordubeteko ibilaldi batekin hasiko dute, 10:15ean; Usurbilgo herriko plazatik aterako da. Adin eta ezaugarri guztietako pertsonek egiteko moduko ibilbidea prestatu dute, eta hiru gida berezik aholkuak eta azalpenak emango dizkiete txangoa egingo dutenei. Alde batetik, Josu Tellabidek ibilbidearen inguruko datu historiko eta etnografikoak emango ditu; bestetik, Jakoba Errekondo txangoan zehar egingo diren geldiune bakoitzaren paisaia kulturalaz mintzatuko da; eta, hirugarrenik, Jon Ander Galarragak, Argia-ren webguneko Konpostazank! blogaren egileak, konposta egiteko irizpideak azalduko ditu.

12:00etan herriko frontoian izango dute ordua argiazaleek. Han, astekariaren komunitatea osatzen duten harpidedun, laguntzaile, irakurle eta langileak elkartuko dira, ondoren eztabaidatu eta adostuko diren proposamenekin egitasmo ezberdinak abiarazteko.

Bertsoak eta musika

Egunak aurrera egin ahala, musika eta bertso doinuek girotuko dute Usurbil. Lehenago, baina, Argia Egunera joandakoek aukera izango dute herri bazkariaz gozatzeko. 15 euroren truke, Euskal Herriko garaiko produktuekin kozinatutako jakiak dastatu ahal izango dira. Gainera, kafe ordua alaitzeko, Asisko Urmeneta eta Kike Amonarrizen konpainia izango dute. Bazkalostean, berriz, Herrialde Katalanetan herriz herri zabaltzen ari den nortasun agiriaren jaurtiketa txapelketa egingo dute. Parte hartzaileek eskuz bota beharko dituzte euren nortasun agiriak.

Jaialdiko ekitaldi nagusietako bat arratsaldeko seietan izango da: ordu horretan hasiko da bertso saioa. Besteak beste, astekariaren kolaboratzaile ezagunak igoko dira Usurbilgo frontoiko oholtza gainera: Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Julio Soto, Sustrai Colina eta Rosi Lazkano. Sei bertsolari horiekin, kartel “koloretsua” osatu nahi izan du Argia-ko lantaldeak, belaunaldiari, lurraldetasunari, euskalkiei, bertsokerari eta generoari dagokienez. Urko Apaolaza arduratuko da gaiak aurkezteaz.

Jaialdia kontzertuekin amaituko da; gaueko hamarretan hasiko dira. Lau talde arituko dira: Behi Bi Blues, Eñaut Elorrieta, Perlak eta Esther Sound Sister.

Argia Eguna

Bihar, Usurbilen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.