M ugimendu handia izan zen Euskal Herriko kaleetan 1980ko hamarkadan. 1984ko azaroan Espainiako Polizia Nazionalaren tanketak Bilboko Euskalduna ontziolan sartu ziren, eta entzutetsua izan zen langile eta polizien arteko gatazka. Hil bereko hogeigarren egunean, GALek Santi Brouard Herri Batasuneko mahaikidea erail zuen, tiroz.
Aste berean eta testuinguru horretan hasi zen emititzen aurrenekoz Txapa irratia Bergarako estudiotik. Lau hilabete lehenago estreinatu zen Errenteriako Zintzilik irratia. Herri mugimenduak eta kolektiboak haziz zihoazen, eta horietako askok irratsaio propioak zituzten auzoetako irrati libreetan (talde antimilitaristek, okupatzaileek, ekologistek, feministek…). Izan ere, hedabide horiek herriko mugimendu sozialetako pertsonek sortu zituzten, batik bat hedabide ofizialetan ahotsik ez zutenei ahotsa emateko. Irrati askeen loraldia zen, eta Euskal Herriko ia herri guztietara zabaldu ziren, baina urteekin gutxituz joan dira. Ez guztiak, aurten 30. urteurrena ospatzen ari baitira Zintzilikirratia (Errenteria) eta Txapa irratia (Bergara).
Garai berriek aldaketa ugari ekarri dituzte, ikusi besterik ez dago egungo irrati lokal baten ekipamendua, baina funtsean irrati libre horien ideologia berbera da gaur egun ere: baimenik gabe emititzen jarraitu, uhinak okupatuz; kontra-informazioa landu, informazio ofizialari aurre egiteko; kultura alternatiboa bultzatu, eta entzuleen parte hartze zuzena sustatu.
Zintzilik irratiak 27 urte ez dira ezer dokumentala kaleratu zuen urte hasieran, eta bertan biltzen dira ibilbide luze horretan errenteriarren oroitzapenetan gorde diren borroka, bizipen eta pasadizoak. Irratiko historia kontatzeaz gain, garai hartako herriko giroa ere islatzen da. Hortik azpititulua: Herri baten historia.
Aitor Sarasuak 1990ean hartu zuen aurrenekoz eskuetan Zintzilik irratiko mikrofono bat. Irratiaren eta talde antimilitaristaren ahotsa bihurtu zen oso azkar, Rompan filas deitutako irratsaioari esker. Orduko hartan intsumisioaren gaia pil-pilean zegoela gogoratu du Sarasuak, epaiketak, manifestazioak eta mobilizazioak eguneroko gauza zirelako. Sarasuaren ustez, dokumentalak “garbi asko” erakusten ditu urte hauetan izan diren aldaketak. “Hasierako urteetan, herriko jaietako txupinazoaren zuzeneko emanaldia egin ahal izateko, gure berriemaileek sekulako walkie-talkieak eraman behar izaten zituzten, eta, askotan, Polizia manifestazioetan oldartzen zitzaienean, izugarrizko pisuarekin egin behar izaten zuten ospa handik”.
Baina inplikazio hori irratitik haratago zihoan; Sarasua irratian hasi eta denbora gutxira Balkanetako gerrak eztanda egin zuen Jugoslavian, eta gogoan du talde antimilitaristako hainbat kide elkartasun karabana bat osatu eta Bosniaraino joan zirela SOS Balkanak lelopean.
Julen Etxegaraik umorezko irratsaio bat zuzentzen du egun Zintzilik irratian: Matxura buruan eta ibili munduan. “Ganberro xamarra da”, dio. Sarasuak bezala, Etxegaraik ere uste du gaur egungo belaunaldien inplikazioa txikiagoa dela. “Gizartea ez da orain 30 urte bezalakoa, bistan da. Nabaritzen dugu gazteentzako irratia zerbait ezezaguna dela”. 27 urtez ez dira ezer dokumentala herriz herri eta gaztetxez gaztetxe aritu dira aurkezten, eta irratiarekiko ezjakintasun hori hurbiletik antzeman dutela dio: “Gazteak sare sozialekin hezi dira, eta ahotsa bigarren mailan geratu da. Whatsappez mintzatzen dira gaur egun”. Halere, Etxegaraik uste du Interneteko erreminta berriak eta irratia “guztiz” bateragarriak direla. “Gazteei erakutsi behar diegu irratia erreminta ahaltsua dela. Hori ikusaraztea izango da gure erronka nagusienetakoa”.
Etxegaraik ere gogoan ditu Zintzilik irratiaren hasierako garaiak, eta 30 urte hauetan gauzak “izugarri” aldatu direla dio. “Beti lan egin izan dugu baldintza prekarioetan. Baina irudimenarekin eta malabarismoak eginez, aurrera atera gara”, dio. Denboran atzera egin du: “Gogoan dut Negu Gorriak taldeak Herrera de La Mancha kartzela aurrean [Ciudad Real, Espainia] jo zuen kontzertua. Jende mordoa bildu zen presoen elkartasun martxan, eta irratitik motozikleta txiki bat eraman zuten autobus barruan. Berriemaileak kartzela aurrean gertatzen zena grabatu, motozikletan hurbilen zegoen herrira joan, hamaika kontrol pasatu, eta kabina batetik kontatzen zuen kartzela aurrean gertatzen ari zena. Gaur egun nahikoa da sakelako telefono bat”.
Loralditik krisira
Euskal Herriko aurreneko irrati librea Donostiako Ostina irratia izan zen, 1979an. Informazio orokorra emateaz gain, gai monografikoak ere lantzen zituzten. Donostian beste bi irrati aske ere sortu ziren: Erresistentzia Amara irratia, 1985ean, eta Antiguako nuklearren aurkako komiteek sortutako Txantxangorri irratia, 1986an. Halere, EHUko irakasle Arantza Gutierrezek Euskal irratigintzaren historia liburuan esaten duenez, 1989an irrati askeen krisia heldu zen.
Eusko Jaurlaritzak 1987an irratiak emititzeko baimenak banatu zituen. Baimenik gabeko hainbat irrati itxi zituen Poliziak, baina, herri mugimenduen erantzunei esker, beste hainbeste zabaldu zituzten, harik eta debekuak malgutu ziren arte. Gutierrezen iritziz, malgutasun horrek eragin zuzena izan zuen krisian, errepresioarekin batera erreakzioa ere jaitsi egin zelako. “Leku askotan belaunaldi berriek ez zuten lekukorik hartu. Indarrak beste gauza batzuetan zentratu zituzten”.
Txapa irratiaren hasierak
XXI. mendea ate-joka zela hasi zen Iñigo Herreros bergararra Txapa irratian musika saio bat aurkezten. “14 bat urte genituenean gaztetxean ibiltzen ginen. Txapa irratitik hitzaldi bat ematera etorri ziren, eta mikrofono bat probatzeko gogoarekin gelditu nintzen”.
Txapa irratia 1984ko ekainaren 23an sortu zuten. Hasieran, herriko sindikatu batek utzitako lokalean hasi ziren emititzen, baina, bost urte geroago, udalak utzitako lokal batera eraman zuten estudioa. Gaur egun, Bergarako Gaztetxetik zuzentzen dituzte irratsaioak. Hasierako lokalean aritzen ziren asko eta asko ikasleak zirela dio Herrerosek, gehienak ikasle garaian Bilboko irrati libreetan ibilitakoak. Izan ere, garai hartan Informazio Zientzien Fakultatea eraiki zela gogoratu du Gutierrezek. “Jende asko hasi zen fakultatean ikasten, eta lan bat bilatzea zuten xede. Asko irrati libreetan trebatu ziren. Beraz, ideologia gabeko jendea ere bazegoen herriko irrati askeetan”.
Izan ere, kontuan hartu behar da irrati libreetan irratsaioak zuzentzen dituzten pertsonak boluntarioak direla, nahiz eta azken urteetan liberatuaren figura, langile profesionalarena, alegia, ugalduz joan den. Ez irrati batek ez besteak ez du liberatutako pertsonarik taldean. Finantzaketari dagokionez ere, funtzionamendu bera dute biek: autogestioa. Hori dela eta, diru laguntzarik gabe lortzen dute urteko aurrekontuak ateratzea. “Krisiarekin ikusi da diru laguntzetatik bizi ziren proiektu asko erori direla. Guk aurrera jarraitzen dugu, baliabide urriagoak izan arren”.
Arrosa sarea
Irration arteko elkarlana areagotu eta beren baliabideei probetxu hobea ateratzeko sortu zen Arrosa irrati sarea. Hogeitik gora irrati, gehienak lokalean edo ertainean aritzen direnak, euren helburu eta jarduera komunak indarberritzeko asmoz elkartu ziren. Geroztik, euskarazko edukiak trukatzen dituzte. “Oso lagungarria da. Gu beti egon gara prest elkarlanean aritzeko. Orain sekulako potentziala lortu dugu, eta Euskal Herri osora irits gaitezke”, azaldu du Etxegaraik. Herrerosek ere positibotzat jotzen du elkarlan hori: “Aurreneko bilera egin genuenean guk ez genuen ordenagailu bakar bat ere. Gauetan bost CD jartzen genituen martxan, eta horrekin betetzen genituen irratsaioak. Pentsa! Gaur egun, ahotsari garrantzi handia ematen diogu, eta parrillako programa asko Arrosa sareko edukiekin betetzen ditugu”. Egun, irrati aske gehiago ere badaude Gipuzkoan: Arraio (Zarautz), Antxeta (Bidasoa), KKinzona (Urretxu-Zumarraga), Molotoff (Hernani), Oiartzun eta Ataria —lehengo Txolarre— (Tolosa).
Leave a Reply