“Gorrekin nagoenean, jendeak niri hitz egiten dit sarri, eta ez haiei”

Izatez gizarte hezitzailea bada ere, iazko ekainean goi mailako keinu hizkuntzako zikloa amaitu zuen Miriam Amubietak (Ibarra, 1988), eta ordutik gor-mutuei interprete zerbitzua eskaini izan die. Denetariko lanak egitea egokitu zaio: ahozko jarduna gor-mutuei keinu bidez interpretatzea eta gormutuen keinuak euskarara eta gaztelaniara itzultzea.

Izatez, gizarte hezitzailea zara. Nolatan egiten dituzu interprete lanak?

18 urte nituela, keinu hizkuntza ezagutzen hasi nintzen. Donostian Gizarte Hezkuntza ikasten ari nintzen bitartean, Tolosan aukera izan nuen keinu hizkuntzako ikastaroak egiteko, eta, haietan informatu gintuztenez, Bilbon bazen aukera keinu hizkuntzako goi mailako zikloa ikasteko. Ikastaroak amaitutakoan lanean hasi nintzen, ordea, eta ez nion keinu hizkuntzaren kontuari kasu handirik egin. Langabezian geratu nintzen pare bat urtera, eta orduan hasi nintzen Bilbon goi mailako zikloa ikasten, eta lehengo urtean bukatu nuen. Iazko irailean, Gainditzen Tolosako gorren elkartetik deitu zidaten. Pare bat lagun kontratatzeko aukera zegoelako deitu zidaten.

Orain, ez duzu lan finkorik.

Ez, askotan unean unekoak izaten dira interpretazio zerbitzuak. Lehiberri zentroko lanpostuetarako izena eman nuen, keinu hizkuntzako interprete lana egiteko, eta zain nago. Gainerakoan, udal edo elkarteren batek hitzaldiak antolatzen dituenean, gorren batek bertara joateko nahia agertzen badu, udal edo elkarte horiek jartzen dira kontaktuan nirekin interprete zerbitzua eskaintzeko.

Interprete gisa, zein zerbitzu eskaini behar izan dituzu?

Denetik egitea tokatu zait: Tolosako inauterietako txupinazoa interpretatu dut, Donostiako ontzi museoko bisita gidatu bat ere bai, pertsona gorren hitzaldi zein prentsaurrekoak itzuli ditut…

Interpretazioaren esparruan, beste lanik egin izan duzu?

Gure lana interpretaziora mugatzen bada, horixe izaten da, komunikazioa ahalbidetzea. Baina Tolosako gorren elkartean lanean aritu nintzenean, elkartearen kudeaketan ere laguntzen nuen, gizarte hezkuntza ikasi dudanez.

Nolako harremana izaten duzu gor-mutuekin?

Tolosa ingurukoak ezagutzen ditut gehienbat. Gainerakoekin, une zehatzen batean zerbitzua eskaini diedanekin, une horretako harremana izaten dut soilik. Oro har, esker onekoak izaten dira; baita ulerkorrak ere; badakite ni hasiberria naizela, eta zerbait egiten asmatzen ez badut, ulertzen dute.

Egoera deserosorik egokitu zaizu?

Tokatu izan zait gorrekin nagoenean jendeak eurei hitz egin ordez niri hitz egitea: “Azalduiozu hau eta hau…”. Halakoetan esaten diet nik itzultzaile lana baino ez dudala egiten, eurei hitz egin behar dietela. Bazter uzten dituzte, eta normala da. Gorrekin harremana izatera ohituta ez daudenean, ez dakite nola jokatu, eta, interprete bat egonez gero, hari begira egoten dira, hari hitz egiten diote. Baina gorrek komunikatzeko intentzioa dutela ikusten dutenean, interpreterik gabe komunikatu beharra tokatuz gero, pazientziarekin hartu behar da: idazten saiatu, mantsoago hitz egin, patxadaz jokatu…

Hona topiko bat: “Keinu hizkuntza unibertsala da”.

Hizkuntza bat ezagutzen ez denean, askotan jotzen da topikoetara. Niri jendeak esan izan dit: “Zergatik ez da unibertsala? Errazagoa litzateke; logikoagoa da mundu osoko gorrek berdin hitz egitea”. Kasu horretan, gorrak ez garenok ere hizkuntza bakarra izango bagenu, errazago komunikatuko ginateke, ezta? Uste dut hizkuntza bakoitza aberasgarria dela eta keinu hizkuntza bakoitzak bere ekarpena egiten duela.

Eta hona interprete bat: Nelson Mandelaren hiletakoa.

Edonor jarri eta nahi duena esaten uztea izan zen hura. Ez zekiten nondik irten zen eta zer egiten zuen ere, eta profesionalaren figura zikintzen du horrek. Nire ustez, interpretearen lana serioa eta garrantzitsua da. Interpretearen lana ona bada, bestela komunikatu ezingo luketen bi pertsona komunikatzeko gai dira.

Zein da zuk baliatzen duzun keinu hizkuntza?

Espainian bi keinu hizkuntza daude: keinu hizkuntza espainiarra eta katalana. Nik espainiarra ikasi dut, eta, interpretatzerakoan, ahozko jarduna edo idatzizkoa keinu hizkuntza espainiarrera itzultzen dut; alderantziz, keinu hizkuntza espainiarra gaztelaniara zein euskarara itzuli izan dut.

Hala ere, keinu hizkuntzaren oinarrian idatzizkoa dago, ezta? Zer gertatzen da euskararekin?

Keinu hizkuntzak bisualak dira. Baina oinarri idatzi bat izatekotan, keinu hizkuntza espainiarraren oinarria gaztelania litzateke. Euskarak ez du keinu hizkuntza propiorik; jende gorren gehiengoak ez daki euskaraz, ez duelako aukerarik eduki hizkuntza horretara iristeko. Pertsona batek hizkuntza bat entzuteko aukerarik ez duenean, oso zaila da hizkuntza hori barneratzea; eta gorrek hezkuntzan-eta harreman handiagoa izan dute gaztelaniarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.