Hamaika kontu

Patxi Zubizarreta idazlea, Andoni Aizpuru ETBko eguraldiko aurkezlea, Beasaingo Boluntario Eguna, Zaldibiako Santa Fe jaiak eta Zumarragako Etxeberri auzokoak, eta Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxearen eraikin berriaren irekiera. Horiek izan ziren 2004ko urriaren 5ean Goierriko Hitza egunkariaren lehen zenbakiak hartu zituen gaiak —urte hartako irailaren 11n argitaratu zen zero zenbakia, aurkezpen modura—.

BERRIA Taldea, Goierritarra Elkartea (Goierritarra aldizkariaren argitaratzailea) eta Zintzo Mintzo elkartea (Otamoz aldizkariaren argitaratzailea) batu, eta eskualdeko beste hainbat gizarte eragilerekin batera egindako elkarlanetik garatu zen egunkariaren proiektua Goierrin.

Euskaltzalea, plurala, eta parte hartzailea izan da, besteak beste, urte hauetan eskualdeko euskarazko egunkari bakarra, euskararen normalizazioan laguntzea izan duena helburu hasieratik. Goierrikoaren aurretik, baina, Euskal Herrian baziren beste lau Hitza ere: Tolosaldekoa (2001ean sortua), Oarso Bidasokoa eta Lea-Artibai eta Mutrikukoa (2003an sortuak) eta Urola-Kostakoa (2004an sortua; hori ere urteurreneko ekitaldietan murgilduta ibili da). Hilabete batzuk geroago, 2005eko otsailean, sortu zuten seigarrena, Irutxuloko Hitza, Donostialdeako albisteen berri emateko.

Hamar urtetik gora igaro dira Hitza guztien sorreratik, eta, orain, Goierriko Hitza egunkariaren sorreraren hamargarren urteurrena ospatzeko tartea hartu du Goierriko lantaldeak (beste Hitzek egin duten eta egingo duten moduan). Ia 2.400 egunkari eta hamaika produktu argitaratu dituzte hamar urteotan, eskualdea osatzen duten 22 herrietako milaka albiste eman dituzte, bateko eta besteko herritarrei, elkarteei, eragileei, eta taldeei egin diete tartea, eta orain, hamar urteren ondoren, horiekin guztiekin ospatu nahi dute urteurrena.

Izan ere, hamar urte eta hamaika kontu eraman dituzte paperera, baina beste horrenbeste dituzte eramateko eta kontatzeko. Halaxe adierazi dute urteurrenaren harira osatu duten irudiarekin eta esaldiarekin ere: paper bola batek irudikatzen du irudia, hari bat zintzilik duela, egin duen bidea eta egiteko duena azaltzeko. Leloak ere horixe uzten du agerian: 10 urte, 11kontu; hamar urte igaro eta hamaika kontu esan dituzten arren, beste horrenbeste dituztelako esateko aurrerantzean ere.

Elkarrekin ospatzeko

Goierriko Hitzak, gainerako Hitza egunkariek bezala, zail luke bere jarduna egunero herritarrengana eramatea, herritar horien guztien laguntzarik gabe. Horregatik, urteurrena ere herritarrekin ospatu nahi du Goierriko lan taldeak.

Urteurrena zetorrela eta, martxoan egin zuten hurrengo hilabeteetan urteurrena irudikatuko zuen irudia aukeratzeko lehiaketa. Mattin Osinaldek egindako Paperbola aukeratu zuten, lan taldeak hasieratik zuen ideia modu argian eta esanguratsuan laburtzen zuelako. Ordutik, Goierriko elkarteek, taldeek eta eragilek antolatutako kirol probetan, kultur ekintzetan, ikuskizunetan, emanaldietan… ikusi ahal izan da irudia. Horrela zabaldu da, besteak beste, eta jarraituko da zabaltzen Goierriko Hitzaren 10. urteurrena.

Horrez gain, baina, eta herritarrei orain arte egindako bidea eskertzeko, emanaldia antolatu du urriaren 4rako Urretxun. Irrien Lagunak Klubeko kideekin batera saioa egingo dute Ederrena pilotalekuan. Hitzako lankideak eta Irrien Lagunak Klubeko kideak, ordea, ez dira bakarrik egongo oholtza gainean. Eskualdeko 28 eragile ere txandaka agertokira igoko dira, dantzan, alai, umore onean, urteurrena ospatzeko.

Ekitaldirako sarrerak 5 euroan daude salgai Goierriko Hitzak Beasainen (Oriamendi kalea, 32) eta Urretxun (Iparragirre kalea, 11) dituen egoitzetan. Horrez gain, Legazpiko Karibe Zaharra tabernan, Lazkaoko Gerriko eta Ordiziako Mujika liburu dendetan, Zumarragako Lanbroa belar dendan eta Urretxuko Fox tabernan ere bai. Nahi duenak gh@hitza.eus helbidean ere erreserbatu ditzake sarrerak.

Ane Piratarekin eta gainerako lagunekin egingo duten saioaz gain, urriaren 25ean egingo dute hurrengo ospakizun jaialdia.

Ordukoa Ordizian izango da, eta hura ere elkarlanean antolatuta. Ordiziako Amets Bide dantza taldearen 50.urteurreneko ekitaldia eta urtez urte Ordiziako Hitzaro euskara elkarteak antolatzen duen kantu afaria elkarrekin egingo dituzte aurten, Goierriko Hitza lagun dutela. Afariaz gain, bestelako ekintzak eta ikuskizunak ere antolatzen ari dira urriaren 25rako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.