Arrasateko Emakume Txokoak eta Jabetze Eskolak aurtengo udazkenerako ere ikastaro eta tailer mordoa antolatu dute. Horietako zenbait datorren astean bertan jarriko dira martxan, eta gaur da azken eguna izena emateko, Emakume Txokoan.
Emakume Txokoak bost ikastaro eskainiko ditu: Pilates-Yoga II (astelehenean, 20:00etatik 21:30era), Emozioak eta krisia (asteartean, 15:30etik 17:30era), Emakumeok geure buruak zaintzen II (asteazkenean, 16:30etik 18:00etara), Kontakt inprobisazioaren hastapenak (ostegunean, 20:00etatik 21:30era) eta Arteterapiaz emakumeok sormena garatzen (ostegunean, 19:00etatik 21:00etara). Lehen hiru ikastaroak gaztelaniaz izango dira, eta beste biak, euskaraz. Prezioari dagokionez, arrasatearrek 30 euro ordaindu beharko dute ikastaro bakoitzeko, eta 35 euro gainontzekoek; langabezian daudenek, berriz, 20 euro.
Ikastaroez gain, urriaren 30erako mahai inguru bat antolatu dute Kulturateko areto nagusian. Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? izenburua du saioak, eta han parte hartuko dute Lorea Agirrek, Ainhoa Beolak eta Idurre Eskisabelek.
Tailer bat gizonezkoentzat
Jabetze Eskolak ere ikastaro ugari antolatu ditu urritik abendura bitarterako: Mikromatxismoak, Gorputzaren lurraldeaz eta plazeraz, Hirigintza genero ikuspuntutik, Zaintza partekatuaren mitoak desenmaskaratzen, Feministak mugimenduan Euskal Herriko erronkak, Iruditegi feminista berriak sortuz…
Tailerren artean bat gizonezkoentzat antolatua da: Gizonezkoak eta feminismoak, taxuzko harremanak artikulatuz. Gizonezkoek aldarrikapen feministekin izandako harremanaren inguruan hausnartuko dute, bi saiotan. Bestalde, autodefentsa feminista saioak ere egingo dituzte.
Ikastaroei eta tailerrei buruzko informazio gehiago nahi duenak eskuragarri du Arrasateko Udalaren webgunean edo 943-79 41 39 telefonora deituta.
Leave a Reply