Gaur, biharko eguna amets. Zeu zaitut aukeran. Hori da Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera familiak aurkitzeko martxan jarri duen sentsibilizazio kanpainaren leloa. Irudia ere jarri diote kanpainari: amesten ari den haur batena da, arrazoiren batengatik bere etxetik bereizi duten haurrarena, hain zuzen ere. Harrera familia baten beharra du, zeinak ingurune egonkor bat eskainiko dion, familia biologikoak eskaini ezin diona. Haurra amesten ari den irudien artean ageri dira bikotea osatzen duten bi emakume gazte, bakarrik ageri den gizonezko gazte bat, nagusiagoa den emakume bat eta bikote heterosexual bat.
Izan ere, Euken Barreña Haurren Babeseko foru zuzendariak nabarmendu du profil ezberdinetako pertsona eta familiak izan daitezkeela harreragile; izan alargun, ezkongabe, ezkondu, homosexual edo heterosexual. “Guztiok izan gaitezke harreragile. Familia tipologiak ez du axola. Garrantzitsuena gogoa eta ilusioa dira. Ohikoak dira hasierako zalantzak eta beldurrak, baina harreragileek eskura dituzte laguntza teknikoko zerbitzu bat, haurrentzako psikologoak eta diru laguntzak”.
Barreñaren esanetan, ona ari da izaten orain arteko erantzuna, jende ugarik agertu baitu interesa Foru Aldundiak tutoretzapean dituen 55 haur eta nerabeak etxean hartzeko. Hala ere, aldundiko ordezkariak ohartarazi du harreragile gehiagoren beharra dutela, batez ere nerabeak diren adingabeak eta anai-arreba taldeak hartzeko prest diren familiak. Oraintxe bertan, bi anai-arrebako bost bikote daude eta hiru anai-arrebako hiru hirukote. Hortaz, guztira 44 familia behar dira.
“Bigarren aukera baten zain dauden adingabeak dira. Zentroetan ondo zainduta egon arren, familia batekin egoteak egonkortasun handiagoa ematen die”, azaldu du. Helburua adingabea bere jatorrizko familia biologikoarekin bueltatzea da, eta zehaztasun hori garrantzitsua deritzo Barreñak, haren esanetan garbi bereizi behar direlako adopzioa eta harrera. “Harrera familia ez du ordezkatzen familia biologikoa. Elkar osatzen dute”.
Horregatik, adingabearen eta familia biologikoaren arteko harremanari eusten zaio, bisita erregimen baten bitartez. Adingabeak harrera familiarekin igaroko duen denbora ez dago zehaztuta. Asko 18 urtera arte gelditzen dira harreragileekin, eta horietako batzuek inguru egonkor hori eman dien familiarekin geratzea erabakitzen dute, nahiz eta ez duten familia biologikoarekin dituzten harremanak hausten.
Familia biologikoekin ere egiten du lan aldundiak, eta guraso horiek izan ditzaketen arazoak gainditzen laguntzen ahalegintzen da. Adingabeak familia biologikoetatik bereizteko ohiko arrazoia arduragabekeria dela zehaztu du Barreñak, nahiz eta kasu bakan batzuetan tratu txarrak eta droga arazoak ere tartean izaten diren.
Esperientzia aberasgarria
Adingabeek egokitze prozesu bat behar izaten dute, denbora tarte batean. Horregatik, soinean “motxila” bat dakartela dio Barreñak. Hala ere, “harreragileentzat ere esperientzia aberasgarria da”, nahiz eta egoera gorabeheratsuak ere izaten dituzten. “Gutxi dira pausoa eman eta gero atzera egiten dutenak. Gainera, familiako seme-alabei ere modu onean eragiten die etxean adingabe bat hartuta izatea. Harreman politak sortzen dira”.
Gaur egun, Gipuzkoan 329 adingabe bizi dira harrera familietan, zentroetan bizi direnak (277) baino gehiago. Gainera, harreragileekin bizi diren adingabeen %55 familiaz (osaba, izeba, aitona-amona) kanpoko sendietan bizi dira. “Kontuan hartzeko datua da. Horrek garbi erakusten du gizarte honen elkartasuna zenbaterainokoa den”.
Hain zuzen ere, elkartasun horri heltzen dio Barreñak, eta dei egiten dio jendeari “gutxienez” informazio bila hurbiltzeko aldundiak Txara II eraikinean duen bulegora. Telefono zerbitzu bat ere jarri dute: 943-11 25 22. “Askok beldurra izaten dute aurreneko pausoa emateko. Baina ziur nago denok garela gai adingabe bat aurrera eramateko”.
Leave a Reply