Boluntarioen lana ezagutzeko eguna

Norbere denbora librea besteei eskaintzea, behar dutenei laguntzea, trukean ezer espero gabe norbere esku dagoen hori guztia ematea. Horixe da, besteak beste, boluntario izatea. Egungo gizartearen erritmoak, estresak, indibidualismoak, berekoikeriak eta abarrek, ordea, muga ugari jartzen dizkiote boluntario izateko nahiari.

Bakoitza berean aritu behar horri buelta eman eta besteekin eta besteei laguntzeko nahiari heltzeko kemena dutenek, baina, bestelako dohainak dituzte. Hala erakusten dute askok urtero-urtero Beasainen egiten duten Boluntario Astean eta Boluntario Egunean. Hitzaldiak, erakusketak eta informazio kanpainak egin dituzte aste honetan Beasainen, eta bihar Boluntario Eguna egingo dute.

Herrikoak diren edo Beasainekin lotura duten 27 elkarte bilduko dira Gernika pasealekuan. Bakoitzak egiten duen lanaren berri emango dio interesa agertzen duen edonori, eta lan horren truke boluntario gehiago biltzea izango da jasoko duten saria. Informazioa emateaz gain, euren produktuak ere salduko dituzte hainbat elkartek.

Adin, gizarteko sektore, asmo, helburu eta jende ezberdinarengana zuzendutako elkarteak elkartuko dira bihar Beasainen. Boluntario Eguna antolatzen duten 13. aldia izango da, eta Silvia Gomezek, Beasaingo Udaleko ongizate teknikariak, adierazi du urtez urte gero eta finkatuago dituztela helburuak. Izan ere, 2001etik gaur egunera ia bikoiztu egin da Boluntario Egunean biltzen diren elkarteen kopurua.

“2001ean, Gipuzkoako Boluntario Eguna Beasainen antolatu zuen aldundiak, eta egitasmo hau ordutik ari da gorpuzten urtez urte herrian”. Aldundiak hasitako bideari Beasaingo Udalak jarraitu ziola argitu du Gomezek. Hala, 2002an, herriko Boluntario Eguna antolatu zuten lehen aldiz. Loinazko plazan elkartu, eta elkarte bakoitzak informazioa banatu zuen herritarren artean. Hurrengo urtean, ezaugarri horiekin egin zuten berriro eguna, orduan ere plazan.

2004an, ordea, Gernika pasealekura eraman zituzten informazio postuak, eta, ordutik, han egiten da urtero. “Bizpahiru urtez, Beasaingo elkarteek bakarrik parte hartu zuten, baina, 2006an, Beasainekin lotura zuten Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakundeak ere izan ziren Boluntario Egunean”.

Izan ere, Beasaingo Udalak erakunde horiei babesa eman izan die urtez urte, eta horregatik erabaki zuten Boluntario Egunera gonbidatzea.

Egunetik asterako saltoa

Egun bakarrerako ekintza asko antolatzen zituztela eta, ordura arteko bidean saltoa ematea erabaki zuten, eta, Boluntario Eguna antolatzeaz gain, Boluntario Astea antolatzen hasi ziren 2008an. Ordutik, urtero egin dute, urte batean ere hutsik egin gabe.

Kalera irten eta informazio soila eman ordez, elkarte bakoitzak egiten duen lana ekintzen bidez ere airatzen hasi ziren orduan. Hori horrela, hainbat herrialdetako errealitateak adierazten dituzten argazki erakusketak, hainbat herrialdetako kulturen adierazgarri diren dantzak, kantak, produktuak eta beste erakutsi dituzte, tonbola solidarioak antolatu dituzte, eta informazio kanpainak ere egin dituzte.

Azken urteetan, gainera, Beasaingo Udalaren laguntza izan duten gazte laguntzaileen topaketa ere egiten dute. Udalaren laguntzari esker, uda Euskal Herritik kanpo igaro duten gazteek beren esperientzia kontatzen dute gainerako herritarren aurrean. Aurtengo aurkezpena gaur izango da, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan, 18:30ean hasita. Haurralde fundazioaren bidez Indian lankidetzan aritu diren gazteek hartuko dute hitza gaurko aurkezpenean.

Txolarteri omenaldia

Besteengan arreta jartzen aritzen diren boluntario guztiek, baina, ez dute Boluntario Egunean bakarrik egiten esfortzu hori. Askok jartzen dute besteen eskura egunez egun, astez aste, norbere denbora, gogoa, maitasuna eta laguntasuna, trukean ezer jasotzeko asmorik gabe. Horregatik, urtero-urtero, herriko elkarte bat omentzen dute Beasaingo Boluntario Egunean.

Aurten, Atzegi elkarteko Beasaingo Txolartek jasoko du herritarren eta gainerako boluntarioen aitortza. Adimen urritasuna duten 16 urtetik gorako pertsonentzako aisialdirako taldeak dira txolarteak, eta Goierri beheko kideak Beasaingoan elkartzen dira.

Bihar, Beasaingo Boluntario Eguna izango da haien aisia tarteari hasiera emango dion ekintza, Gernika pasealekuan egongo baitira boluntario eta erabiltzaile ugari. Udal ordezkariek emango diete oroigarria, baina Txolarteren erabiltzaileek ematen duten maitasuna gainerako guztiek jasoko dute, beste behin.

Ekitaldi horrez gain, goizean goiz hasita, denetariko ekintzak antolatu dituzte biharko Beasainen: umeentzako jolasak eta tailerrak egingo dituzte 10:00etan, bidezko merkataritzako produktuak erosteko aukera egongo da, musika eskolako trikitilariek emanaldia egingo dute, elkarteen arteko patata-tortilla lehiaketa egingo dute eguerdian, eta Gurea abesbatzak emanaldia egingo du.

Ekitaldi guztiak Gernika pasealekuan eta pilotalekuan izango dira, 10:00etatik 13:30 ingurura. Gaur, gazte laguntzaileen hitzaldia izango da udaletxean, 18:30ean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.