Euskara, ikastola, Euskal Herria, Nafarroa, elkartasuna eta auzolana: kontzeptu horiek bilduko ditu Errenteriako Saretuz taldeak Nafarroa Oinez-Oinez. Elkartasun fruitua egitasmoan. Datozen bi asteetan dirua jasoko dute Zangozako ikastolaren alde —han egingo da Nafarroa Oinez, urriaren 19an—, eta Errenteria eta Zangoza arteko bidea oinez egingo dute, urriaren 17an, 20:00etan abiatuta. Diru bete motxila eramateko helburua dute Zangozako ikastolari laguntzeko.
Saretuz taldearen oinarrizko asmoa euskara indartzea da, eta Euskal Herriaren kohesioa eta nortasuna indartzea. Hori dela eta, Nafarroa Oinez-en inguruan zerbait egitea pentsatu zuten.
Haien arabera, Nafarroako ikastolen egoera “oso larria” da, eta laguntza ekonomikoa ematea da Zangozako ikastolari elkartasuna adierazteko modurik onena. Babes ekonomiko hori lortzeko bi aste dituzte. Lantegietara, ikastoletara, dendetara, elkarteetara… Ahalik eta leku gehienetara helarazi nahi dute mezua: “Motxila bete behar dugu”. Diruaz gain, elkartasun mezuak ere sartuko dituzte motxilan, eta Zangozako ikastolako ordezkariei emango dizkiete ibilaldi amaieran.
Berriz ere Zangozara
Saretuz taldea duela urte eta erdi inguru jarri zuten martxan. Taldean dauden askok BERRIAlaguna kanpainan egin zuten topo, eta ikusi zuten egiteko asko zutela elkarrekin. Hori horrela, euskara eta Euskal Herria ardatz hartuta, taldetxo bat sortzea erabaki zuten. Egun, astero biltzen da talde eragilea, eta jadanik 1.200 kide baino gehiago ditu sareak.
Azken urte eta erdian askotariko proiektuetan parte hartu du Saretuz-ek: Herri Urratsen harira, ikastolen eta euskararen gaineko jardunaldiak antolatu zituen, Euskaraz bizi nahi dut lasterketa antolatzen parte hartu zuen, taldeari esker Nafarroako Erriberako produktu gehien saltzen duten herrietakoa da Errenteria, Saretuz eskola sortu dute…
Eta, hain justu, Zangozan egin zuen lehenengoetako egitasmoa. Iazko Korrika-n, hamar bat lagun hara joan ziren kilometro bat egitera. Hurrengo jomuga ere Zangozan dute, orduko balio berak indartzeko asmoz: euskara, Euskal Herria, elkartasuna…
Leave a Reply