Urritik ekainera bitartean, komunikazio ez-bortitza oinarri hartuta, guraso eskola egingo dute Gipuzkoako hainbat herritan. Nerea Mendizabalek (Zestoa, 1976) parte hartzaileen eskuetan jarriko ditu guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa zaintzeko eta garaile eta galtzailerik gabeko harremanak eraikitzeko tresnak. Psikopedagogoa, gizarte hezitzailea, haur masajeko hezitzailea eta guraso eta haurren arteko harremanetan aditua da Mendizabal. Haurrak ulertzea, kontuan hartzea da gakoa, Mendizabalen ustez: “Gizaki gisa, haurrari dituen beharrak aitortzen dizkiogunean, jarreran lagundu ahal diogu. Horrela, baldintza hobeak izango ditu haurrak bestea ere kontuan hartzeko edota elkarlanean aritzeko”.
Edozein harremanetan komunikazio ez-bortitza bultzatzea duzu helburu. Badago gatazkak konpontzea komunikazio mota hori erabilita?
Noski. Gatazkak konpontzeko ez ezik, harremanak zaintzeko balio du, norbere zoriontasuna lortzeko eta geure bizitza geuk gidatzeko, inoren menpeko izan gabe.
Zein dira komunikazio ez-bortitzaren gakoak?
Adimen emozionala asko lantzen da; horiekin egoera deskribatzera heltzen nintzen, objektiboki azaltzera nola sentitzen zaren, sentimenduak identifikatu eta kudeatzen. Komunikazio ez-bortitzak, ordea, beste diziplina horiek egiten ez duten ekarpena egin du: gure emozioak gure beharrekin lotu ditu. Orain arte ikasi dugun paradigman errudun bat bilatzen dugu: ni haserre nago zu berandu iritsi zarelako. Komunikazio ez-bortitzak, berriz, gure beharrak jartzen ditu erdigunean. Nire denbora baloratzea dakar, aintzat hartua izatea, konfiantza… Behar horiek asetzeko ardura oso-osorik nirea da, eta ez bestearena; nahiz eta nire behar horiek pertsona jakin horrekin ase nahi ditudan, beste askatasun batetik irits naiteke egoera kudeatzera eta ez exijitzera.
Guraso eskolak jarriko dituzu martxan hilabete honetan. Haurrekin komunikatzen al dira gurasoak, edota aginduak eman besterik ez dute egiten?
Komunikatzen gara aginduen bidez; esnatzen garenetik oheratzen garen arte, aginduak, exijentziak, betebeharrak, mehatxuak… Hortik jo ohi dugu sarri. Gauzak ongi doazenean, hau da, nik haurrari eskatzen diodana betetzen duenean, ez dago arazorik: elkar ulertzen dugu, eta babesa eta errespetua erakusten dizkiot. Gauzak errazak dira egoera horretan. Nik esaten diodan hori betetzen ez duenean, orduan jartzen ditugu martxan aginduak, kritikak, xantaiak, mehatxuak… Ez dakigulako, ez digutelako erakutsi bestelako ezer egiten. Hori jaso izan dugu eta jasotzen dugu oraindik, bai heziketan, bai gizartean. Harrapatuta gelditzen gara, estrategia horiez baliatzen ez bagara ez dugulako lortzen nahi dugun hori.
Eta bada biderik ados jartzeko?
Komunikazio ez-bortitzak paradigma hori apurtzea dakar. Haurrari gertatzen zaiona eta niri gertatzen zaidana ulertzen, sintonizatzen saiatzen jarriko dut energia. Kontua ez da haurrari galdetzea zer duen, askotan ez baitaki, gure hipotesietatik harekin bat egitea baizik. Eta horrek ez du esan nahi azkenean berak nahi duen hori egingo duenik. Hortzak garbitzeko eskatzen badiot eta ezetz esaten badit, zeri ari da baietz esaten? Beharbada ohartu naiteke nekatuta dagoela, aspergarria iruditzen zaiola edo ez duela zentzurik beretzat… Ezezkoaren atzean zer ezkutatzen den jakingo dut ziurrenik, eta horren gainean osatu irtenbideak… Hori egin aurretik, neure buruarekin konektatu behar dut. Nola sentitzen naiz haurrak ezetz esaten didanean? Ariketa hori eginda, hamaika ate zabaltzen dira. Orain arte ezagutu dugun paradigmaren arabera, bi aukera daude: edo garbitzen ditu hortzak edo ez, eta galtzaile bat eta irabazle bat izango dira. Komunikazio ez-bortitzarekin, ziurtatzen ari naiz helburua lortu edo ez lortu, harremana zaintzen dudala, ez dudala mintzen. Azken hori baloratzen dugu gehien gurasook.
Errenterian egingo duzu guraso eskola, baina baita Gipuzkoako beste herri batzuetan ere. Zer landuko duzu?
Errenterian, Zumaian, Azpeitian, Orion, Donostian, Ibarran, Tolosan, Mutrikun eta Usurbilen egingo ditut. Hilean behin bi orduko saioa egingo dugu, eta gurasoek berek ekartzen dituzten egoeretatik, kezketatik abiatuta lan egingo dugu. Taldeak gehienez hemezortzi lagunekoak izango dira, eta adinari dagokionez ez dugu baldintzarik jarriko. Gurasoek seme-alabekin komunikazioa nola landu eta nola zaindu ikasten dugu, eta hori edozein adinetan da baliagarria.
Leave a Reply