“Kilometroetatik ateratako dirua beharrezkoa da oraindik”

Erria txikota! lelo hartuta, Gipuzkoako ikastolen jaia egingo dute igandean Orion. 5,6 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta baita egitarau oparoa ere. Kilometroek hasierako ezaugarri batzuk galdu dituzten arren ekintza berriak gehitzen ari direla dio Arantza Manterolak, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak (Irun, 1961). Halere, jaiaren espiritua ez dela galdu dio: herrigintza, elkartasuna eta auzolana. Gaur egun, 29 ikastola daude Gipuzkoan.

Kilometroak 2014 jaiaren bezperan gaude, baina gaur egun urte guztira zabaldutako jai bat dela esan dezakegu, ezta?

Bai, urte eta erdiko lana eskatzen duen jaia da; jendeari begira urtebeteko lan osoa eta intentsoa, oso intentsoa. Herrian ekintza piloa egiten da, eta baita lurraldeari begira ere. Gure jarduera batzuek Kilometroen irudia eta jaiaren esanahia zabaltzen dute, hala nola arropa salmentak eta autoaren zozketak.

Kilometroen jatorrizko formula galtzen ari al da?

Jaiak baditu bi aspektu oinarrizko kasik gure gazteek ezagutzen ez dituztenak: ibilbide osoa egitea da bat. Garai batean zigilua jartzen zen, eta kilometroko dirua ematen zen. Hori zaharragoak garenok ezagutu dugu. Gazteei zirkuitu osoa egin dutela entzutea ez da oso ohikoa; gazte guneetara joaten dira. Bestalde, diru sarrerarako laguntza gisa kontsumorik gabeko laguntza emate hori ere galtzen edo gutxituz joan da urtetik urtera. Baina beste gauza batzuk indartu dira. Espiritua berez ez da galdu, baina egia da Kilometroen sorrerako bi ezaugarri horiek aldatu egin direla eta gaur egun ez dela egiten lehen ezagutu duguna. Egia da orain beste era batera ikusten dela jaia, eta gu egokitu egin gara horretara.

Egokitze horretan beste ekintza batzuk jarri dituzue martxan.

Hori da. Klikmetroak egitasmoak, esaterako, lehengo kilometroak egitearen kutsua dauka, eta metroak birtualki egitea esan nahi du. Horregatik diot oinarrian ez dugula galdu izpiritu hori, baina alferrik ez dira pasatu ia 40 urte. Gauzak aldatuz joan dira, eta gu egokitzen saiatu gara, eta saiatzen ari gara. Lehen Kilometroetako sarreretan lortzen zen diru iturri gehien, eta orain beste era batera saiatzen gara lortzen.

Esaterako, aurten Gure Zozketa jarri duzue martxan Orion; nolako emaitza izan du?

Ditudan azken datuen arabera, eta oraindik Kilometroen eguna falta arren, geure buruari jarritako erronka bera bete dugu, eta ondo. Pixka bat ausarta izan da, baina gustura gaude. Egitasmo polita da, beste formula bat da. Emaitzen gutxieneko eta gehieneko batzuk jarri genituen abiatzerako; hor gabiltza, eta gustura.

Kilometroak jaiak berak jende askoren lana eskatzen du.

Kilometroek 300 pertsonako talde finko bat eskatzen dute urte osorako. Egunari begira, 1.500 eta 1.800 pertsona behar dira lanerako. Herri txikia da Orio, eta laguntza eskatu die ikastolei, eta jasoko dute, eta egingo dute. Baina muntatze handia da; jende asko etortzen da, eta jende asko etortzea nahi dugu. Baina zerbitzuak ere txukun eman behar dira, eta segurtasuna bermatu behar da.

Gaur egun ere, ikastolen sostengu ekonomikorako garrantzitsuak al dira Kilometroak?

Bai, bai. Zoritxarrez, erkidegoko jaiek badugu beharrik ez dugun kontu hori atzetik, gure kontzertazioekin-eta badugun kontua. Ordea, hori zoritxarrez ez da egia; guk eskaintzen dugun zerbitzu publikoa eskaintzeko oraindik ez dugu nahiko dirurik jasotzen administraziotik, funtzionamendurako ere ez. Oriok ere eraikin berri bat egin du, eta horrek izugarrizko ahalegin ekonomikoa eskatzen dio familiari. Azken batean, eraikin horiek publikoak izango dira gero, guk ez dugulako irabazi asmorik. Belaunaldiei ahalegin handia eskatzen zaie, eta administrazioak ez digu ematen eskaintzen dugun zerbitzuaren pareko dirurik. Oraindik behar dugu, eta Kilometroetatik ateratzen den dirua oraindik beharrezkoa da ikastolentzat. Nafarroan eta Seaskan, zalantzarik gabe, beharra handiagoa da, baina gurean ere bada.

Ikastolen aldetik Kilometroak antolatzeko eskaerarik ba al dago?

Badago eskaera. Baina ahalegin handia da, eta hori neurtu egiten dute ikastolek. Hala ere, baditugu eskaerak; atarian orain Usurbil dugu, eta urtearen hasieran beste leku bat aukeratuko dugu. Antolatzeko prest dauden ikastolak badaude, beharrak baditugulako. Oraingo krisiarekin, behar horiek guztiak areagotu egingo dira, Eusko Jaurlaritzatik jaso ditugun hainbat murrizketak pixka bat estutu behar izatea ere eragin digu eta. Horri buelta emateko, Kilometroak diru iturri bat dira.

Dirua lortzeko ez diren ekintzak ere antolatzen dituzue Kilometroetan: esaterako, Erronka.

Ez dugu ukatuko azken batean Kilometroen helburua dirua lortzea dela. Baina dirua zentzu batekin lortzen saiatzen gara. Bere garaian, Ondo pasatu, pasatu gabe kanpaina ere guk jarri genuen abian. Kilometroak antolatzen diren herrietan, ikastolek dirurik lortzeko asmorik gabeko ekitaldi asko egiten dituzte: bertako kultura indartzeko, tradizioa berreskuratzeko edo gazteak dinamizatzeko. Erronka jaiari begira antolatuko ekintza da, eta gaztetxoei begirakoa; Tolosan oso ondo baloratu genuen. Lortu dugu Gipuzkoan segitzea eta beste lurraldeetan ere Erronka bezalako egitasmoak martxan jartzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.