Udazkenean kultur haizeak astinduko du

Indartsu hasiko da aurten Tolosatik igaroko den Zikloia. Bihar hasi, eta abenduaren 12ra bitartean sei emanaldi eta ikastaro bat antolatu ditu Intujai Teatrok. Lehenengo ikuskizuna biharko antolatu dute. Iban Nikolai didjeridu jotzaileak eta bere hainbat lagunek Di To Wo emanaldia eskainiko dute. Kultur etxean izango da ikuskizuna, 22:00etan, eta sarrera doakoa da, datozen emanaldi guztietan bezala.

Didjeridua munduan dagoen haizezko instrumentu zaharrenetakoa da, eta hainbatentzat zaharrena, Nikolaik azaldu duenez: “Australiako aborigenen antzinako haizezko instrumentua da, eta planeta honetako haizezko zaharrena, askoren ustez. Hogei mila urte baino gehiagoko historia du. Ez da pertsonak sortutakoa, naturak baizik: termitek zulatutako eukaliptoaren enborra da”. Haizezko instrumentuen artean modurik sinpleena du jotzeko, baina ez da hain erraza soinua ateratzea: “Arnasketa zirkularra behar da, hainbat teknikarekin”.

Hain justu, Di To Wo ikuskizunaren izena didjeridua jotzeko erabiltzen diren onomatopeiak dira. “Kuriosoa iruditzen zitzaigun onomatopeia horiek erabiltzea izena jartzeko. Eta didjeridua eskujokoekin nahastu dugu”. Izan ere, Nikolai ez da bakarrik izango agertokian. Berarekin batera beste didjeridu jotzaile bat izango da, Tomas Carro galiziarra. Eskujokoak eginez, Bartzelonatik etorritako LuSol taldeko hiru malabarista izango dira. “Beraiek jorratzen dituzte eskujokoak, akuilu-makuiluak, abanikoak, antzerkia… denetarik egiten dute. Pena da ez izatea kanpoaldean ikuskizuna, sua erabiltzen baitute beraien ikuskizunetan. Halere, led argiak dituzten eskujokoak erabiliko dituzte”. Ezustekoak ere izango direla dio Nikolaik: “Didjeriduaz gain, beste instrumentu batzuk ere joko ditugu. Ikuskizun biribila izango da begientzat zein belarrientzat”.

Ez da lehenengo aldia Iban Nikolai Tolosan izango dena. Lehendik ere behin baino gehiagotan aritu izan da. Oroitzapen onak ditu, gainera: “Aurreko esperientziak oso onak izan dira. Badira urte batzuk didjeridua ezagutarazten gabiltzala, eta Tolosan ere izan naiz: Bonberenean, Orbela tabernan, Topic-en Ahoz Aho jaialdian… ibili naiz. Egia esanda, jende nahiko irekia ikusten dut, eta harrera ona izan dut Tolosan egon naizenetan”.

Ingalaterran ezagutu zuen Nikolaik didjeridua, eta hamabost urtean dabil instrumentua jotzen, ikasten eta aldi berean zabaltzen: “Europan zehar egiten dira jaialdiak, Espainian, Euskal Herrian… Eta egia esan, sekulako potentziala duen instrumentu bat iruditzen zait”.

Publikoa “ereiten”

Bosgarren urtea egingo du aurten Zikloiak. Intujai Teatroko kide den May Gorostiagak garbi du zer asmo duten egitasmo honekin: “Formatu txikiko gauzak, ezohiko espazioetan nahi ditugu; hau da, tabernetan, kalean, txokoetan, auzo elkarteetan… Apustu egin nahi dugu inguruan daudenekin, baita kanpotik gauza kuriosoak ekarri ere guk ikasteko, eta ikusteko zer gauza ezberdin egin genitzakeen guk”.

“Antzerkia krisian dagoela esaten da beti”, dio Gorostiagak, eta Zikloia horri aurre egiteko antolatzen dutela, besteak beste. Formatu handiko ikuskizunak, Leidorren edo Topic-en ematen direnak, esaterako, ondo daudela deritzo, eta bultzatu behar dela. Hala ere, ohartarazi du kontuan izan behar dela norbait lehen aldiz antzezlan batera joaten denean taberna batean izaten dela, edo kalean: “Hori publiko potentziala da ikuskizun handietarako. Beraz, horrelako egitasmoekin publikoa ereiten ari gara”.

Zikloia urtero egitea garrantzitsua delakoan dago Gorostiaga, kutunari bultzada emateko: “Ea airea mugitzen den, nahiz eta formatu txikian izan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.