Uhin Berdea, kalitatezko txakolinaren olatu berria

Kantauri itsasoko haizearen freskotasunak mahatsondoak ferekatzen ditu Aiako bazterretan. Eguzkiaren, euriaren eta lurraren arteko harreman horretatik jaio da Uhin Berdea txakolina: ardo zuri freskoa, gaztea eta kalitatezkoa. K5 upategien esperientziatik sortutako txakolin berriena.

Egunotan hasi dira upategiko langileak mahatsa biltzen, eta asteburu honetan dira amaitzekoak. Eskuz aukeratzen da mahatsa, horretarako K5 upategiak Aian dituen lursailetako enbor gazteenak erabilita. Horren ostean, hainbat hilabetez onduko dute muztioa tenperatura kontrolatuan, altzairu herdoilgaitzezko biltegietan eta horretarako propio aukeratutako legamia naturalekin. Horren guztiaren ondorioz, ardo “distiratsua, garbia eta intentsitate handikoa” lortzen da, adituen arabera.

Urteko ardoa izanagatik, oso egokia da hamaiketako nahiz otordu arinetarako, eta ezin hobeki uztar daiteke pintxoekin, sushiarekin, hamaiketako edo meriendatxo batekin. Euskal Herriko kostaldean, itsas mailatik 300 metroko garaieran landatutako Hondarribi zuri mahats barietatearekin egina dago oso-osorik, eta Getariako Txakolina sor-marka dauka.

Beraz, Euskal Herrian sortutako eta errotutako ardoa da Uhin Berdea txakolina, baina hasia da mundu zabalera jauzi egiten. Adibidez, ardo berriaren zilarrezko domina irabazi zuen aurtengo Nuevo Vino International New Wine Awards sariketan.

Etorkizuneko haziak

Bost lagunek sortu zituzten K5 upategiak, orain dela hamarkada bat kasik. Karlos Argiñanok, Abel Agirrek, Julian Arruabarrenak, Iñaki Burutxagak eta Joanjo Landak 2005. urtean ekin zioten proiektuari, eta izen handiko txakolin marka baten haziak landatu. Lauren Rosillo enologo aditu eta berritzailearen laguntza ere izan dute, ardoen kalitatea bermatze aldera. Izan ere, hasiera-hasieratik hori izan da K5en helburu nagusia: txakolinari buruz existitzen ziren molde guztiak hautsi eta kalitate goreneko ardo bat ekoiztea, horretarako soil-soilik bertoko mahatsak erabilita. “Gure helburua ardo bikain bat egitea zen, kalitate handikoa, ordura arte txakolinaren munduan ez zegoena”, laburbildu du Juanjo Landa K5en sortzaileetako batek. “Hemengo mahatsa Hondarribi zuri motakoa da, batez ere. Askoren iritziz, zapore ahulekoa da, Euskal Herriko klima dela-eta eguzki izpi gutxi hartzen dituelako urte osoan. Guk, ordea, uste genuen Hondarribi zuri barietatea soilik erabilita ardo on bat egin zitekeela, eta horri ekin genion”. Horrelaxe sortu zen K5 Argiñano izeneko txakolina, eta denborak arrazoia eman die upategia sortu zuten bost lagunei. 2010ekoa izan zen lehenengo uzta, eta, ordutik, sari eta ohorezko aipamen ugari erdietsi ditu ardo zuri horrek. “Ardo gastronomikoa sortu genuen, kalitate itzelekoa eta mahaian dastatzeko aproposa. Bolumen handikoa, borobila eta glizerikoa”.

Freskotasuna helburu

Horren ostean, baina, txakolin arinago eta freskoagoa ekoiztea otu zitzaien, Hondarribi zuri mahats barietatea erabiliz. “Mahatsa ez da heltzen lursail guztietan modu homogeneoan; toki batzuetan gehiago jotzen du eguzkiak, lurrak beste ezaugarri batzuk ditu, edo landareak gazteak dira. Hortaz, fruituaren azukre maila ere ezberdina da”, azaldu du K5eko kide Abel Agirrek. Hori baliatu dute, hain zuzen, K5 Argiñano txakolinaz gainera Uhin Berdea marka berria ere ekoizteko: ardo gazte eta freskoagoa, alkohol gutxiago duena, baina zaporetsua eta berezko txinparta duena.

“Hondarribi zuri mahats barietatea, biltze nahiz beratze sistema naturala, kalitatea… Hori guztia bere horretan mantentzen da K5 Argiñano eta Uhin Berdea txakolinen artean, baina bata ardo indartsua da, gastronomikoa, eta bestea, berriz, arinagoa, poteoan hartzeko aproposagoa”, berretsi du Agirrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.