Buruntzaldeko udalek garapen agentzia integrala sortu nahi dute

Buruntzaldeko sei udalek eskualdeko ekonomia sustatzeko proposamena aurkeztu dute aste honetan. Udalen helburua, hauxe: garapen integraleko agentzia sortzea eskualdean. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen arteko lankidetza baliatuz, aurrerapausoak eman nahi dituzte ekonomia arloan. Bost alkatek egin zuten agerraldia, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Mikel Pagola Urnietako alkatea (EAJ) ezin izan zen egon, “nahiz eta hark ere proiektuan parte hartu duen”, azaldu zutenez.

Duela bi urte baino gehiago hasi ziren elkarlanean, eta aurrerapauso “nabarmenak” eman dituzte. Hain zuzen, lehen hazia 2012ko maiatzean erein zuten, sei udalek Eskualdeko Lankidetza Protokolo Orokorra izenpetu zutenean. Protokolo horrek garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzea zuen helburu. Gero, eskualdeko enplegu plana prestatu zuten. Plan horren barruan, eskualdeko egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa egin, eta hainbat arlotako ildo estrategikoak eta lehentasunak identifikatu zituzten, hainbat mahai sektorial eratuz. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, gizarteratze eta laneratze arloko erakundeek, lanbide heziketa eta berrikuntzako zentroek, sindikatuek, langabe elkarteek eta enpresa handi eta ertainek.

Hernaniko alkate Luis Intxauspe izan zen hitza hartu zuen ordezkaria: “Kudeaketa lan osoa eskualdeko udaletako teknikarien arteko lankidetza eta elkarlanari esker gauzatu da, horretarako eskualde mailako tresna egokirik ez zegoelako”.

Azpiegitura falta

Intxauspek azaldu zuenez, kudeaketa lan horri esker Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak kudeatu dira, eta udalek eskualdeko enpleguari zuzendutako milioi bat eurotik gorako ekarpena egin dute. “Horrek erakusten du azpiegitura baten beharra dagoela egun egiten den lana kudeatzeko eta etorkizunera begira proiektu handiagoak prestatzeko”.

Intxausperen hitzetan, Gipuzkoa osoan horrelako azpiegiturarik ez duen eskualde bakarra da Buruntzaldea. Egun, ondo finkatuak dauden hainbat garapen agentziak osatzen dute Gipuzkoako mapa: Oarsoaldea, Tolosaldea, Garatzen eta Goeiki, tartean. “Historikoki abagune paregabe baten aurrean gaude, orain bi urte ereindako hazitik sagarrondo ederra jaio baita. Sagardotegi propioa sortzeko garaia da, sagarrari ahalik eta zuku gehien ateratzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.