Lehengo astean hasitako Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldia asteburu honetan amaituko da. Aurtengo jaialdia amaitzeko, gaur, bihar eta etzi antzerki lan bana taularatuko dute hiru antzerki konpainiak: Traganarru, Adas eta Zirocco. Jaialdia antolatzen duten 33. aldia da, eta umorezko antzerkiaren zaleek huts egin ezin duten ekitaldia bihurtu da.
Gaur, 20:30ean, Bada Teatroa taldearen Traganarru antzezlana ikusi ahal izango da Pasai San Pedroko udal aretoan. 1912an ehunka marinel hil zituen galerna tragikoa du ardatz euskarazko obra horrek. Bodyboarder batek 1912. urtera egin du jauzi istripuz, baina ez da jabetu errealitateaz. Uste du leku berri hori beretzat apropos prestatutako entrenamendu pertsonalizatu bat dela. Opari bat balitz bezala, hainbat pertsonaiak jarritako zereginak ahalik eta ondoena betetzen saiatuko da kirolaria, bertako errealitate soziopolitiko eta kulturalean murgilduz.
Urki Muguruza zarauztarrak zuzendu du antzezlana, Maite Bastos aktorearen laguntzarekin. Oholtza gainera, berriz, sei aktore igoko dira gaurko saioan: Iñigo Aizpitarte, Jon Ander Alonso, Erika Olaizola, Gurutze Eizmendi, Inazio Tolosa eta Iñaki Santos.
Bihar, 22:30ean, Producciones Equivocadas konpainiaren Adas lana izango da ikusgai Pasai Antxoko kultur etxean. Jose Maria del Castillo da gaztelerazko obra horren zuzendaria, eta testua ere hark idatzi du. Lau emakume dira istorioko protagonistak: sarjentu errusiar bat, moja alkoholiko bat, diva ahaztu bat eta emakume pijo paranoiko bat. Pertsonaia gehiago ere izango dira agertokian. Alkohola, sexua, laguntasuna, familia, homosexualitatea eta dirua; horiek dira Adas lanean jorratzen dituzten gai batzuk. Gaur egungo gizarteari kritika egiten diote, umorea oinarri hartuta.
Igandeko saioarekin amaituko da aurtengo jaialdia. Marcel Tomas clown-ak Zirocco antzezlana taularatuko du San Pedroko udal aretoan, 20:00etan. Tomasek umorezko istorio txiki ugari kontatuko ditu, umorezko hainbat pertsonaiaren bitartez.
Emanaldietarako sarrerak 10 euro balio du, eta egunean bertan erosi ahalko da, dagokion kultur zentroan, emanaldia hasi baino hiru ordu lehenagotik.
Gaur, 20:30ean, Traganarru, Pasai San Pedroko udal aretoan; bihar, 22:30ean, Adas, Pasai Antxoko kultur etxean; eta, etzi, 20:00etan, Zirocco, Pasai San Pedron.
Leave a Reply