Haurra zela, familia giroan murgildu zen botiken bueltako saltsan Ibon Mokoroa (Donostia, 1976). Orain, aitonarena eta aitarena izan zen botika gidatzen du, eta harro dago sendagaien inguruko ezagutza jendearen esku jartzeko egiten duen lanaz.
Mendearen hiru laurden beteak dituen botika batean lan egiten duzu.
Aitona botikaria zen, eta aita ere bai; herentziaz datorkit. Azaroan beteko ditu 76 urte aitonak zabaldutako Mokoroa botikak. Botikari ikasketak egindakoa naiz, baina beti gustatu izan zait farmaziaren mundua; gurasoek farmazia izatea ondo etorri zitzaidan ikasle garairako. Botikan lanean hamahiru urte daramatzat ofizialki, baina laguntzen-eta hasi nintzela 22 urte inguru izango dira.
Bi hamarkadatan hamaika xelebrekeria entzungo zenituen.
Gehienak botiken izenen bueltakoak dira, izena gaizki edo alderantziz esatea: kolutorio esan nahi eta lokutorio esatea, adibidez. Hasi nintzenean gehiago harritzen nintzen, baina gero ohitu egiten zara horrelakoetara.
Etxekoa zu zarela esan daiteke, baina ez zara bakarrik aritzen.
Talde lanean aritzen gara beste langilea [Alaitz Goenaga] eta biok; gure botikan egin zituen praktikak, eta ondo egokitzen da gure lana egiteko modura. Lana bion artean banatzen dugu: bezperako eskaerak euren lekuan jarri, botikak sailkatu —errezeta bidez ematen ditugunak edo salmahaian geuk aholkatuta saltzen ditugunak— eta bezeroak informatzen aritzen gara. Horrez gain, gure farmazian formulazio magistrala egiten dugu: hainbat sendagilek formatu komertziala ez duten botikak errezetatzen dituztenean, geure laborategian egiten ditugu. Odol analisiak zein GIB [giza immunoeskasiaren birus] testa ere egiten ditugu.
Gustuko duzu botikara datozenen zerbitzura egotea.
Nire ezagutza jendearen esku jartzeak asko betetzen nau, eta jendeari bere osasuna ahalik eta sendoen mantentzen laguntzea ere garrantzitsua iruditzen zait.
Osasun aditu gisa bigarren mailan ere sentitzen zara, ordea.
Osasun sistema publikoan egin dituzten aldaketengatik, botikarioi botika banatzaile soilak izatea dagokigu; jendeak ez gaitu ikusten botiken inguruko aditu bezala, baina guk ezagutzen dugu botikek jendearen metabolismoan izan dezaketen onerako edo txarrerako eragina. Gustatuko litzaidake gure lana beste era batekoa izatea: bezeroen jarraipen terapeutikoa egitea, jendeak hartzen dituen botikak ondo hartzen dituen edo ez ikustea, zein eragin egiten dioten, botika kronikoek zein arazo sor ditzaketen… Zerbitzu integralagoa eskaini nahiko nuke. Eta Gipuzkoako sendagaigileen elkargoa ari da hori sustatzen: jarraipen terapeutikoa eta farmakologikoa egin ahal izatea, alegia. Sentitu izan dut jendeak medikuak soilik dituela osasun aditutzat, eta gu bitartekari bezala soilik ikusten gaituztela. Medikuak adituak dira gaitzetan eta gaixotasunetan, eta badakite gaitzaren edo gaixotasunaren arabera zein botika aholkatu; baina horiek jendearen gorputzean zein eragin duten botikariok dakigu.
Zenbaitetan denarentzako konponbidea duzula pentsatuta ere joango zaizu jendea.
Bai, bezeroak beti erremedioaren bila etortzen dira, eta ez badie momentuan eragina egiten, berehala kexatzen dira: “Ez dit ezer egin; ez du ezertarako balio”. Baina mesede egiten dienean ere, jende asko gerturatzen zaigu eskerrak ematera, landare botikekin, esaterako. Oraindik ez dugu pentsatzen landare botikek balio dutenik, eta jendeak ez du fede handirik izaten. Baina beste botiken eragin antzekoa dute; botiken ehuneko handi bat landareetatik dator, gainera. Baina jendeak oraindik ez du halako kontzientziarik, jendeak ez daki landareak ere botikak bezala tratatu behar direla; naturalak izan arren kalte egin dezaketela ere jakin behar da. Kalamua, adibidez, terapeutikoa izan daiteke gauza batzuetarako, baina, kopuru handian kontsumituz gero, denok dakigu zer gertatzen den.
Badakizu atetik sartzen den bezeroa zeren bila doan?
Kasu batzuetan, bai. Errezeta bidezko botiken bila ez datozenean, zer eskatzera datozen ikusten da sarri. Lehen, adibidez, jendea antisorgailuen bila etortzera lotsatu egiten zen, eta berehala antzematen genuen zer nahi zuten.
Jendea aztoratu al da ebolaren epidemiarekin?
Bai, baina oraindik kontua mediatiko samarra da; jendeak ez du gaitzaren larritasunaz arduratu nahi. Egia esan, azken hamar urteetan gizateria amaitu behar zuten hainbat gaitz bota dizkigute: behi eroak, hegazti gripea, A gripea… eta azkenean ez da ezer gertatu.
Berrordainketak ere zalaparta eragingo zizuen.
Aldaketa onartu behar delako, jendeak etsipenez onartu egin du. Koordainketa denok uste dugu ez dela neurri justua; nire ustez, ezta aurrezteko neurria ere. Aurkako eragina izan dezake: jendeak diruaren arabera erabakitzen duelako zein botika har dezakeen, eta gaixotasunari garrantzia kentzen diolako.
Eta errezeta elektronikoak sortu al du buruhausterik?
Hori guztientzako abantaila da, oraindik hobetzeko gauza asko dituen arren. Botikak etxean pilatzea saihesten du, eta banaketa akatsak ere saihesten ditu.
Horien aurretik eskuz idatzitako errezetak baliatzen genituen. Egia da medikuen idazkera txarra dela?
Ez nuke esango txarra denik, azkar idaztearren ulertzeko zaila den letra egiten dutela baizik. Urteetako esperientziak nahasteak saihesteko balio digu, hala ere; zalantza izanez gero, berriz, bezeroari galdetu behar zaio ea ba ote dakien zer errezetatu dioten, eta hark ez badaki, medikuarengana jotzen dugu.
Gogorra izango da guardiako lana botikan, ezta?
Donostian eguneko eta gaueko guardiak egiten dira; gaueko guardiez hiru farmazia arduratzen dira, eta txanda farmaziaz farmazia aldatzen da. 2011. urtean egokitu zitzaigun guri gaueko zaintzak egitea. Asteburuetakoak izaten dira mugituenak; astean zehar, berriz, mugimendu gutxiago egoten da.
Leave a Reply