Komikiaren geroa marrazten

Marrazteko obsesioak eskola garaiko apunteak ere irudien bidez hartzera eraman zuen Dani Fano. Egun, komikigilea da; haren hitzetan, 12 urte zituela amak oparitu zizkion helduentzako bi komikiri esker. “Epic eta Vertigo aldizkarien lehen zenbakiak!”. Nostalgiaz mintzo da. Euskarazko komikiak ere irakurtzen zituen txikitan, Ipurbeltz eta Asterix eta Obelixen abenturak, tartean. Orain, komiki horietako asko Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian berriki ireki duen Komikigunean daude ikusgai.

Bertan, istorio marraztuei lotutako milaka agiri bildu eta katalogatu dituzte, komikigile eta ikertzaileen topagune bihurtzeko asmoz. Guztira, 30.000 agiritik gora daude zentroan; horietatik asko dira aldundiak 2004an Luis Gasca komikizale donostiarrari erositako komiki, aldizkari, egunkari zati, gutun eta fanzineak.

Fanoren esanetan, ikusten da “egiazko borondatez” sortu dela Komikigunea. “Harrera ona izan du egileen artean. Orain leku horri administrazioak eta guk geuk eman beharko diogu edukia eta izaera. Komikien biltegi huts batean geratzen bada, orduan ez da komikigune bat izango. Ikerketa gune, sorkuntza gune, topaketa gune bada, orduan bai. Hori da asmoa, eta ekinaren ekinez lortuko da proiektua sendotzea”.

Beharrizana badago euskal komikigintza sustatzeko, urtean euskaraz argitaratzen diren komikiak oso urriak baitira. Fano Xabiroi komiki aldizkariko koordinatzailea ere bada, “ezinezkoa ez, baina oso zaila” baita Euskal Herrian komikigintza hutsetik bizitzea.

Errealitate hori barru-barrutik ezagutzen du Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile eta komikigile hernaniarrak. 26 urterekin eman zuen izena autonomo gisa lan egiteko. Ilustrazioak eta komikiak marraztetik bizi nahi zuen. Lortu du hein handi batean, nahiz eta orain, 33 urterekin, zaila zaion egonkortasuna bilatzea. Hernaniko Kronika egunkarirako marraztu izan du. Egun, Gaur8-rako komiki zinta bat marrazten du, baina enkarguetatik osatzen du soldataren zatirik handiena. Baita haur eta helduentzako tailerrak gidatuz ere. “Jende ezezaguna ere etorri izan zait karikatura bat egiteko eskatuz. Behin ama batek alabari oparia egin nahiz ziola eta, ipuin bat egiteko eskatu zidan”. Halere, antzematen zaio ilustrazioa eta komikia dituela pasio: “Hori da gustuko dudana. Enkarguekin zaila da, baina saiatzen naiz nire proiektuei denbora eskaintzen. Nirea esaten ez badut, konturatzen naiz ito egiten naizela. Beti kanpora begira egotea… Honetara dedikatzea erabaki nuen neure burua adierazteko”.

Garai onak irakurlearentzat

Azpiazuren iritziz, euskal komikigileen maila oso altua da, baina bakar batzuek baino ez dute lortzen beren lanak publikatzea. Badago gauza politak egiten duen jendea. Badago gauzak ondo saltzen dakien jendea ere. Eta badago bi gauzak batera ondo egiten dakiena. Batzuek oso onak izan arren ez dakite beren lanei etekinik ateratzen”. Fanoren ustez, aldizkako argitalpenen desagerpenak ere eragin zuzena izan du gremioaren profesionalizaziorantz emandako atzerapausoan. “Egonkortasuna izaten zenuen lehen aldizkako argitalpenekin. Orain, liburu eta album formatuetan argitaratzen direnez, arriskatu beharra duzu. Agian, bi urte egon zaitezke zain, ea liburu edo album horrek etekinik ekarriko dizun ala ez”. Halere, Fanoren ustez garai onak dira irakurlearentzat, gaur egun, “lehen ez bezala”, gai eta formatu guztietako komikiak aurki baititzake liburu dendetan.

Komikiaren “irudi estereotipatuak” ere ez du lagundu haren kontsumoa sustatzen. “Egia da askotan gure gizartearen begietan komikia haurrentzako genero bezala ikusten dela. Aurrerapausoak ematen ari diren arren, oraindik komikia bigarren mailako kultur adierazpen bezala kontsideratzen du askok”, dio Fanok. Adibide gisa jarri du Japonia, manga komikien sorterria, bertan urtero egiten den azokara joan ohi baita. “Adineko emakume asko ikusten dira komikiak erosten, baina ez ilobentzat, beraientzat baizik. Jende askok orduak ematen ditu errenkan jarrita autore gustukoenek ale bat noiz sinatuko zain. Asko daukagu oraindik hemen egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.