Sektorea indarberritzeko helburuarekin zabaldu dute Donostian Komikigunea. Gipuzkoako Foru Aldundiak irekitako espazio berrian istorio marraztuei lotutako milaka agiri aurki daitezke. Asko aldundiak Luis Gasca komikizaleari erositako funtsaren parte dira. Biltegi baten gisa funtzionatzeaz gain, Komikigunea leku dinamikoa izatea nahi du Garazi Lopez de Etxezarreta aldundiko kultura zuzendariak (Pasaia, 1977).
Luis Gascaren funtsean Euskal Herrian egindako lan gutxi aurki daitezke.
Aldundiak aukera bat izan zuelako erosi zion 2004an Gascari funtsa. Euskal komikigintzaren ikuspegitik agian ez da interesgarria, baina bai zinemarekin eta komikigintzarekin duen lotura aintzat hartuta. Oso funts pertsonala da, Gascaren zaletasunetatik abiatzen baita. Horri esker unibertsalak diren aleak eta erreferentziak daude. Baina uste dut lortu dugula horri buelta ematea, eta zentzu onenean diot. Izan ere, beste funts batzuk iritsi dira, dohaintza edo depositu gisa. Adibidez, Felipe Maia komikizale zumaiarraren funtsa edo Rotu Astrain marrazkilari euskaldunaren dohaintza. Azkenean, inertzia batzuen ondorioz aldundia lortzen joan den funtsek eman digute aukera euskal komikigintzarentzako gune estrategiko bat sortzeko. Gure lehentasuna izango dira euskarazko eta Euskal Herriko komiki eta komikigileak. Horrek gure erosketa politika aldatuko du.
Ateak zabalik daude dohaintza gehiagorentzat?
Bai, erabat zabalik. Pozik gelditu ginen aurkezpenean; komikilari asko etorri zen, Juan Manuel Diaz de Gereñu ikerlariak idatzi duen liburuaren aurkezpenera ere jende asko joan zen, eta, esan didatenez, aste honetan ere mugimendu handia izan da. Funtsak eskuratzen ari gara. Jende asko ari da ekartzen materiala, eta Komikigunea oraindik zabalik dago funtsak areagotzeko. Jendeak gauzak baditu etxean gordeak eta ekarri nahi baditu, gustura jasoko ditugu, digitalizatu eta berriz guztien eskura uzteko. Gauza bat da erosketa politika argia izatea, baina garrantzitsua da argitaratua dagoen hori eskuratzeko formulak bilatzea ere.
Eta aurrerantzean zein da asmoa?
Koldo Mitxelena liburutegian komikien kontsultarako eta mailegurako espazio bat izateak aurrera begira zerbitzu iraunkor bat emateko aukera ematen digu. Leku dinamiko bat sortu nahi dugu, programazio propio bat izango duena. Komikilariek espazio bat izango dute eztabaidatzeko, bilerak egiteko, liburuak aurkezteko…
Sorkuntza gune ere izango al da komikigunea?
Gaur-gaurkoz, Komikigunea ez dut ikusten sorkuntza prozesuak garatzeko leku bezala, baina bai esperientziak eta ezagutzak trukatzeko gune moduan.
Komikia, adierazpen gisa, behar bezala baloratuta al dago?
Diaz de Gereñuk aurkezpenean esan zuen Europako leku askotan komikilaria komikilaria dela. Hau da, komiki gidoilari batek komikientzako bakarrik egiten dituela gidoiak. Kanpoko leku askotan adierazpen propio bezala hartzen dute komikigintza. Zoritxarrez, hemen asko dago egiteko. Esan zen baita ere askoz merkeagoa dela beste hizkuntza batzuetako komikiak itzultzea, berriak sortzea baino. Horrek asko zailtzen du bertako sorkuntza propioa. Babestu beharko dugu hori, dudarik gabe, baina lortu behar duguna da jendea sentsibilizatzea eta irakurlegoa sustatzea.
Nola sustatu irakurketa helduen artean? Askok uste du komikiak haurrentzat direla.
Garrantzitsua da Koldo Mitxelenako liburutegian komikiari eskainitako gune bat izatea. Zeren liburutegi hori helduentzat da, eta poliki-poliki joango da jendea gerturatzen. Komikigunearen bitartez, erakusketak eginez, ezagutza sustatuko dugu. Adibidez, Paco Roca eta komikia lotzen baditugu, ari gara beste jende batengana hurbiltzen.
Leave a Reply