Komun politikaz iruzkina, zeharka

Pare bat irakurle despistatu irabazte aldera, modako putzuan plisti-plasta zipriztintzera noa, inork gonbidatu gabe. Joseba Alvarezi, Julio Sotori, baina batez ere Beñat Sarasolari adi jarraitu dizkiet euskal gaztedia iraultzailearen eta legez kanpoko substantzien inguruan asteotan plazaratutakoak. Eztabaidan ezin dut nik zuzenean esku hartu. Batetik, ezagutu ez eta kasu egingo ez didatelako. Bestetik, drogazalez betetako habitata irudikatu behar dudan bakoitzean Quebrantahuesos eta Zegamako mendi maratoia etortzen zaizkidalako burura, eta ez dantzaleku bat. Terminologian ere beraiekin ados jarriko ez naizenez, anabasa bakarrik erants dezaket.

Izan ere, nire buruhausteak ez dira, haienak bezala, moralak edo ideologikoak. Herrikoko edo gaztetxeko hautsez betetako komun ontziak kendu eta tente txiza egiteko zuloak berreskuratuko lituzketenei ez daukat ezer esatekorik. Nire ardura teknikoa da esklusiboki.

Euskal parrandetan hedatu den kontsumo ereduari katastrofikoa deritzot. Kokaina, MDMA eta speeda ahal den alkohol guztia edan eta festa luzatzeko erabiltzen dira. Konbinatu-arrasto-txupito-poltsatxotik zurrupada-konbinatu sekuentzia amaiezin horiek logika oinarrizkoena zapuzten dute. Hartutako bakoitzak bestearen efektua estaltzen duela esan beharrik ez dago. Horrelako hegaldi kontrolik gabeko batean doan inork ezin esango du bere sentsazioa atsegina edo baketsua denik. Eta lur hartutakoan, biharamuna basatia da, fisikoki eta batez ere psikologikoki. Pilula bat hartutakoan alkoholari uko egiten dion jendea ezagutu izan dut. Aipatutako zonbi orojaleek baino askoz gehiago gozatzen duten susmoa dut.

Are gehiago harritu eta kezkatzen nau Euskal Herria speedaren gotorleku bezala ezagun izateak. Beste inon baino jarraitzaile gehiago dituzte anfetek gurean, eta halakorik esaterik badago, legez kanpoko substantzia abertzaleena dira (marihuana eta haxixa salbu). Zakarra da, ordea, speeda erabiltzailearentzat, eta ezatsegina erabiltzailea jasan behar dutenentzat. 50 kafe kikararen pareko bultzada eman eta morroi nekaezin eta oldarkorrak eragiten ditu. Kontsumo alternatiba baketsu eta atseginagoak egonda gaztetxeetako erabiltzaile askok speeda aukeratzeak euskaldunon izaeraren inguruan zer pentsatu eman dit. Barruko bortizkeria batek substantzia bortitzenak eskatzen ote dituen, alegia.

Ezker abertzaleak komun politika modu ofiziosoan noiz leundu zuen ez dakit. Hala gertatu zela, nahiko agerikoa dirudi. Speeda modu espontaneo eta ez-antolatu batean zabaldu da, lehenago eta ondoren. Laurogeiko hamarkadan gazteak suntsitzen zituen heroina Intxaurrondotik modu ez-espontaneo eta antolatu batean barreiatu zela ere ziurtzat ematen da. Guardia Zibila beste behin oso azeri izan zelakoan nago. Erdi broman eta erdi serio diot: substantziaz nahastu eta burdinazko urte haietan speeda barra-barra oparitu balu, karriketako milizia parrandazale hiperaktiboek euskal gatazka zer bihurtuko luketen ez dut pentsatu ere egin nahi.

Leave a Reply

Your email address will not be published.