Pilota, denentzat

Mindara elkarteak beren kasa mugitzeko zailtasuna duten herritarrak integratzeko lan egiten du. Urte osoan hainbat jarduera antolatzen ditu aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzeko helburuarekin. Besteak beste, kirol jarduerak sustatzen ditu. Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzunen lan egiten du elkarteak.

Bihar, adibidez, pilota egokituko txapelketa jokatuko dute, elkartearen izen berekoa. Mindara elkarteak egoitza duen udalerrian egingo dute txapelketa. Errenterian, alegia, Fanderiako pilotalekuan. Txapelketa antolatzen duten hirugarren aldia da.

Jardunaldia 11:00etan hasiko da, eta 13:30ean lehen atsedenaldia egingo dute. Palan jokatuko dute, binaka. Arratsaldean, raspall-ean eta palan arituko dira, 16:30etik 19:30era. 34 pilotarik parte hartuko dute. Hamabostek urritasun intelektualen bat dute, eta zutik jokatuko dute pilotan. Gainontzeko hemeretziek gurpil aulkian jokatuko dute; hamahiru gipuzkoarrak izango dira, eta sei, valentziarrak.

Mikel Izagirre Anabitarte da Mindarako presidentea. Pilota txapelketa antolatzeari zer dela-eta ekin zioten azaldu du: “Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak ikusi zuen aniztasun funtzionala zein ezintasun fisiko edo psikikoa duten pertsonentzako pilota oso erakargarria zela kirol bezala, sozializaziorako zein lehiakortasunerako. Orduan, Usurbil inguruan talde bat sustatu zuten, orain dela sei urte. Zubietan hasi ziren entrenatzen”. Geroztik, modalitatea zabaldu nahian dabiltza buru-belarri.

Orain dela bi urte sortu zuten Mindara elkartea, eta eurak ere pilota lantzea erabaki zuten, iaz. “Iazko udazkenean, pilota egokituko Gipuzkoako bigarren eskola sortu zen Errenterian”, gogorarazi du Izagirrek. Hori bai, urtebete lehenago herri horretan bertan pilota txapelketa egin zuten, eta, Usurbilgo eskolakoez gain, ezintasun psikikoa duten hainbat lagun elkartu ziren: zarauztarrak, irundarrak, oriotarrak eta donostiarrak. Gurpildun aulkian jokatzen zuten batzuk ere izan ziren: raspall-a jokatzen duten valentziarrak (Herrialde Katalanak) eta trinketean aritzen direnak, Tarbesetik (Okzitania) —aurten ez dira Fanderiako pilotalekuan izango—.

Partida nagusia lehen aldiz

Biharko ekitaldiaren helburua da elkar ezagutzea, harremanak sortzea eta kirol egokitua bultzatzea. “Pilota egokitua publiko egin nahi genuen, baita gainontzekoekin elkartu ere, etorkizunerako proiektu komunik bageneukan ikusteko. Hirugarren urtea izango da, eta aurreko ekitaldietako izpiritu bera mantendu nahi dugu, bi osagai berri gehiagorekin”.

Alde batetik, partida estelarra jokatuko dute, eta, bestetik, Errenteriako alkatea eta Eusko Jaurlaritzako kiroletako zuzendaria gonbidatu dituzte biharko saiora, baita Euskal Herriko eta Errioxako pilota zein kirol egokituko federazioetako presidenteak ere, besteak beste.

Partida nagusia 12:00etatik aurrera jokatuko dute. Bi bikoteak gurpil aulkian arituko dira; bikote bateko kideek ezintasun fisikoren bat dute, eta beste bikoteko kideek ez. “Oso ikusgarria izango da”, ziurtatu du Izagirrek. “Horrekin erakutsi nahi dugu ezintasunak edukitzea ez dela abantaila, ezta desabantaila ere, ezberdina izatea esan nahi duela baizik”. Ezintasun fisikorik ez duten pilotarietatik bat zesta puntan aritzen da, eta bestea, palan eta esku hutsez: “Biak aritzen dira gurekin, bata entrenatzaile moduan eta bestea jokatzen. Esaten dute nahiago dutela zutik baino gurpil aulkian jokatzea. Egia da ez dela hain ikusgarria, baina bi boterekin jokatzen da, eta pilota bigunagoarekin. Estetikoki oso polita da”.

Biharko txapelketarekin pilota egokituko eskolak sustatu nahi dituztela berretsi du Izagirrek: “Horren hazia erein nahi dugu. Errenteriako eta Usurbilgo jendeak elkar ezagutzen dugu, eta biak bakarrik baldin bagaude, modalitate honek ez du etorkizunik izango. Euskal Herriko herri guztietan dago frontoi bat, eta ezintasunen bat duten pertsona asko dira kirol hau praktika dezaketenak. Kirola gurea da, ez dago beste inon, eta modu batean hedatu nahi dugu. Espero dugu jendeak ikuskizunarekin gozatzea, maila oso ona baitago jada bi eskolen artean”.

Hainbat opari, zozketan

Txapelketa, elkar ezagutzeko topagunea ez ezik, jai bat izatea nahi dute antolatzaileek. Pilota partidez gain, ikusleei zozketetan parte hartzeko aukera emango diete. Erloju bat, ardoa eta beste hainbat opari zozkatuko dituzte.

Horrez gain, laguntzaileei eskerrak eman dizkie Izagirrek. Izan ere, goizeko partiden ondoren, Niessen elkartekoek bazkaria prestatuko diete. Urkabek, Uriñak eta Super Amarak jarriko dute jana, eta Errenteriako beste hainbat denda eta enpresak ere diruz lagunduko dute ekitaldia. Diru hori garaikurretarako erabiliko dutela jakinarazi dute. Udal Kirol Patronatuak eta Errenteriako Udalak ere lagundu dute.

Azkenik, nahi bat azaleratu du Izagirrek: “Lau herrialde hasiko bagina, gainontzekoak ere hasiko lirateke. Kirol hau erakuts dezatela; ikusten duena pozik geratzen da, bai ikusgarritasunarengatik, bai lehiakortasunarengatik eta bai pasioarengatik. Ikus dezatela badagoela jendea arazoak gainditu eta kirola egiten duena”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.