Segura, dantzaren erakusle

E rromeriak aski ezagunak dira Euskal Herri osoan. Herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, jendeak dantza eginez ondo pasatzeko eta, bide batez, euren trebetasuna eta abilezia erakusteko. Aske dantzatzen ziren, eta dantza eginez aske sentitzen ziren. Garai horietan sortu zen soltean aritzeko dantza.

Dantza txapelketek, ordea, bestelako prestakuntza bat eskatzen dute: teknika eta zehaztasun handiz dantzatzen da, eta garrantzi berezia hartu dute azken urteetan hankek eta besoek. Aurten ere, Seguran egingo da Euskal Herriko 38. Dantza Txapelketa, bihar, eta txapela eskuratzeko lehian hamar bikote lehiatuko dira: Gipuzkoako bederatzi eta Bizkaiko bat.

1977. urtean Seguran egin zen lehen aldiz Euskal Herriko Dantza Askatuko edo Solteko Txapelketa. Orduan Guillermo Areizaga Intxausti zen alkatea, eta hura izan zen dantza txapelketaren sortzaile eta sustatzailea. Horrela, Segurako Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu zion betiko Seguran egin zedila dantza txapelketa, bost urtez lehiak izandako ospea eta maila kontuan hartuta.

Izan ere, Bergarako Udalak ere nahi zuen bertan izan zedin Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Jaurlaritzak, ordea, erabaki zuen Seguran izango zela beti dantza txapelketa. Horrelako ekitaldi bati jarraipena ematea zaila izan bada ere, urtero maila bikaina erakutsi dute taula gainera igotako dantzariek.

Izan ere, Gipuzkoan dago errotuta batez ere dantza mota hau: urte osoan berrogei bat lehiaketa izaten dira Gipuzkoako herrietan, bospasei Bizkaian, hiruzpalau Araban, bizpahiru Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ia batere ez.

Hala eta guztiz eze, Euskal Herriko Dantza Txapelketan Euskal Herri osoko dantzarien ordezkaritza egotea lortu nahi du Segurako Udalak; horretarako, “kaptazio kanpaina bat” egin du udalak, Euskal Herriko dantza eskolekin harremanetan jarriz.

Aldaketak urtez urte

Orain arte egindako bidean, gainera, urteen joan-etorrian, aldaketa ugari izan ditu Euskal Herriko Dantza Txapelketak. Esaterako, hasierako urteetan, txistu doinuz joak izaten ziren fandangoa eta arin-arina; ondoren, ordea, trikiti eta pandero soinuak sartzea erabaki zuten, trikitiari esker dantzak bizitasun handiagoa eskatzen baitu.

1981. urteaz geroztik, fandangoa txistuz eta arin-arina trikiti doinuz dantzatzen dute Segurako lehiaketan. Azken urteetan bezala, fandangoa Isilkara txistulari taldeak joko du aurten; arin-arina, berriz, Estanga anai-arrebek.

Txapelketa egiten den lekua ere aldatu da hasieratik gaur egunera. 1982. urtera arte, Segurako eliza ondoko frontoi irekian egiten zuten dantza txapelketa. 1983. urtetik aurrera, baina, Segurako Baratze pilotaleku estalian egin ohi da. Dantza txapelketan parte hartu ahal izateko arauak ere moldatzen joan dira azken urteetan. Hasierako hiru urteetan, bikoteko bi partaideek 16 urtetik gora eduki behar zituzten. 1980. urtetik aurrera, araudia aldatu egin zuten, eta dantzarien gutxieneko adina 15 urtera jaitsi zuten.

Azken urteotan, ordea, onartu egin dute bikoteko kide batek 13 urte baino gehiago baditu lehiaketan parte hartzea, betiere, besteak 15 urte beteta baldin badauzka.

Omenaldia Basterretxeari

Euskal Herriko Dantza Txapelketa egiten denetik, urtero-urtero Nestor Basterretxea eskultoreak egindako eskultura jaso du bikote irabazleak. Hain zuzen ere, Segurako Udalak jartzen du garaikur hori. Aurten zendu da Basterretxea, eta Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin izan duen lotura eskertu nahian, udaleko ordezkariek omenaldia egitea erabaki dute, artistaren senide eta lagunak bertan direla.

Basterretxeak egindako saria lehenengo sailkatutako bikoteak ordezkatzen duen udaletxean gordetzen da hurrengo txapelketa egin arte —bikote bakoitzak Euskal Herriko herri bat ordezkatzen du txapelketan; normalean bikoteko kide baten jaioterria izaten da—. Hala ere, bikoteak ordezkatzen duen udaletxeak lor dezake betirako garaikurra, baldin eta bikote berak hiru urtez jarraian irabazten badu txapelketa, edo bost urtez txandaka hiru aldiz irabazten badu. Orain arte, sei bikotekidek bakarrik izan dute ohore hori txapelketan. Aurten egindako eskultura izango da Basterretxeak Euskal Herriko Dantza Txapelketarako egin duen azkena.

Bestalde, 2009an, Segurako Udalak Basterretxearen zazpi eskultura originalak hartu eta kopiak egin zituen. Eskultura horiek eta txapelketarekin lotutako informazio gehiago Segurako Ardixarra etxean jarriko duten erakusketa iraunkorrean ikusi ahal izango dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.