Basatxerri, aire zabalean hazitako txerrietatik lortzen den kalitatea

Kalitatezko haragia ekoitzi, baserrien bideragarritasun ekonomikoa bermatu, lurrei erabilera eman… Helburu horiek buruan sortu zen Basatxerri elkartea, hainbat baserritarrek osatuta. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan lan egiten dute, kalitate goreneko txerrikiak denon eskura jartzeko.

Txerrizaleok elkartean du jatorria Basatxerrik. 2001ean, elkarte horretan bildu ziren txerriak aire zabalean hazten zituzten hainbat baserritar, eta, geroztik, animalien hazketa eta ondorengo salmentaren atal guztiak elkarrekin antolatzen dituzte. Elkarteak bost puntutan azaltzen ditu bere asmoak: kalitate goreneko txerri haragia eta txerrikiak ekoiztea, animalien ongizatea bermatzea, baserritarrei etekin ekonomiko bat ziurtatzea, erabilpen eskasa daukaten lurrei erabilpen errentagarri bat ematea, eta langileei prestatuta eta motibatuta eustea.

Balio horiek oinarri gisa hartuta, pixkana bidea egiten ari da Basatxerri. Egun, 31 kide ditu: 21 Gipuzkoan, zortzi Bizkaian eta bana Nafarroan zein Araban. Josu Garaialde elkarteko kidearen esanetan, “%100ean” baserritarrena da elkartea. “Prozesu osoa gure esku dago: txerriak haztea, hiltzea, zatitzea, saltzea eta banatzea. Hori da, besteak beste, besteengandik bereizten gaituena”. Batik bat, Hego Euskal Herrian saltzen dute, Gipuzkoan gehiena.

Urtero 7.000 txerri inguru ekoizten dituzte, eta, gero, hainbat markatan merkaturatzen dituzte produktuak. Gehienak, Basatxerri izenean. Hala ere, Biga markapean saltzen dute saltoki handi batzuetan, eta Ekobasatxerri zigilua ere badute, modu ekologikoan hazitako txerriekin. Horiez gain, iazko azarotik badute marka berri bat: Urdetxe. Eusko Label kalitatezko ziurtagiria du Urdetxek. Kalitate parametro zorrotzen arabera aukeratutako produktuak daude bertan. Zigilu horrekin, haragi freskoa zertifikatzen dute, baina, Garaialdek iragarri duenez, “aurki” hasiko dira haragi labeldun horretatik eratorritako produktuak ere Urdetxe zigilupean saltzen.

Duroc arrazako txerri zuria erabiltzen dute. “Ez da Euskal Txerria deitzen dena, arraza horretako gutxi daude. Duroc arraza aproposa da guretzat. Mendian hazteko gaitasun handia du, animalia gogorra baita. Era berean, kalitatea ziurtatzen digu”.

Kalitatezko produktua lortzeko txerriaren ongizatean sinesten dute elkarteko kideek: “Txerriak baso eta zelaietan hazten ditugu, belar, ezkur, pagoezkur, gaztain eta bestelako elikagai naturalak janez”. Horiei pentsua gehitzen diete: garia, garagarra, artoa… Osagai transgenikorik duen pentsurik ez diete ematen, ezta animalia jatorriko produkturik ere.

Txerriek zortzi hilabete inguruko bizitza izaten dute. Hiru txerrama etxalde dituzte elkartean, eta bertan jaiotzen dira animaliak. Bi hilabete inguruz edukitzen dituzte han, aire zabalean bizitzeko beharrezko dituzten 25 bat kilo hartu arte. Prest daudenean, baserrietara eramaten dituzte. Aire zabalean bost-sei hilabete igarotzen dituzte, 140-160 kilo artean dituztenean hil arte.

Garaialdek azaldu duenez, 160 kilo inguruko txerriak handiak dira, eta horrek ere bereizten dituzte merkatuan: “Pisu handiagoa izateak esan nahi du eginago dagoela; kolore gehiago izango du haragiak, zapore gehiago, eta xamurrago egongo da jateko”.

Basatxerrirentzat “garrantzitsua” izan da Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan hazitako txerriek eusko label kalitatezko ziurtagiria jasotzea. “Kanpoko agente batek kalitatea ziurtatzea beti da onuragarria”. Garaialderen esanetan, orain betetzen dituzten baldintzak betetzen zituzten lehen ere, baina lehenaz gain sailkapen bat egiten dugu orain hainbat faktoreren arabera: haragiaren koloreak, formak, txerriaren gizentasuna, haragiaren Ph-a eta pisua neurtzen dituzte.

Labelarekin edo labelik gabe, baserritarrek kalitatezko haragia ekoizten segitu nahi dute Basatxerrin, 2001. urtean jarritako asmoak inoiz ahaztu gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.