Garai batean, Beasain eta inguruetako gazteak baserritik herriko plazara jaisten ziren, lehenbiziko doinuak euren belarrietara heldu bezain pronto. Plazatik hedatzen zen musika dantzagarriak modu kontrolaezinean erakartzen zituen agertoki txiki haren menpera. Bertan, erritmo zoroekin dantzan hasten ziren neka-neka eginda amaitu arte.
Taula gainera igotzen ziren musikariek jazz band estiloko taldeak osatzen zituzten, baina hizkuntza herrikoiak azkar aldatu zien izena: halaxe sortu ziren jazpanak. Herriko plazan giroa alaitzen zuten talde alai eta zoro bilakatu ziren hastapenetako jazz bandak. Mende bat inguru geroago, Beasain eta inguruko gazteak ez dira baserrietan bizi, eta, nahiz eta plaza idiliko hura gertuago duten, askoz ere urrunago sentitzen dute gehienek.
Horrexegatik, dantzaldien espiritua berreskuratzeko, Jazpana Fest musika jaialdia antolatzen hasi ziren Beasainen. “Jazpana kalera atera nahi dugu berriz ere”, adierazi dute jaialdiko antolatzaileek, “inguruko gazte guztiak bertan elkartu daitezen eta berriz ere erritmo eta doinu zoro haiekin dantza egin dezaten”.
Estiloak, estetika eta musika aldatu egin dira azken hamarkadetan, ordea, eta garai bateko jazz band horiek talde postmoderno, indie, hardcore, stoner edota alternatibo bihurtu dira. Hori da jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat: postmodernismo musikala nekazaritza mundura hedatzea, eta, alderantziz, nekazaritza munduan ere musika tendentzia berrienak ere sor daitezkeela frogatzea. “Txikitik handira, herritik mundura, ruralak izanez postmoderno senti gaitezkeelako. Gure herrian bizi arren mundura begira gaudelako eta gaur egun mundua ere gure herrian dagoelako”, aldarrikatzen dute Jazpana Festen webgunean.
Bi egun, hamaika artista
Jaialdiaren seigarren edizioa gaur bertan hasiko da, 22:00etatik aurrera, Beasaingo Bernedo aparkalekuan. Gaurko saioan, ondoko taldeek eta artistek joko dute: Fumut, stoner rocka jorratzen duen talde lazkaotarra; Ladislao punk eta hardcore laukotea; The Lookers, Ziburuko garaje rock taldea; Nueva Vulcano power trio bartzelonarra; eta Olarius & Brothers DJ beasaindarrak. Bihar, berriz, ondoko taldeak igoko dira taula gainera: rocka eta folka uztartzen dituen Crazy Young laukote ordiziarra; Nikkin instrumentista beasaindarra; Zarauzko Buffalo talde instrumentala; Beach Beach power pop laukotea; jazz afrokubatarra, rocka, grungea, elektronika eta dancehall jamaikarra uztartzen dituen Za! bikotea; Capsula rock-and-roll taldea; Lasers hirukote poperoa; It’s Not Not talde alternatiboa eta Bartzelonako DJ Coco.
Gaur eta bihar, 22:00etatik aurrera, Beasaingo Bernedo aparkalekuan. Sarrera, doan.
Leave a Reply