1936ko gerraren ubera Orion. Gerra bat barruan degula liburua joan den astean aurkeztu zuen Iñaki Iturain Azpirozek (Orio, 1956) Orioko Kultur Etxean, liburua egiteko bidean “laguntzaile finena” izan duen Imanol Manterolaren galderei erantzunez. Liburua egiteko lekuko izan dituen gehienak han ziren, eta “ondo, dotore” joan zela dio.
Non eta nola hasi zenuen liburu hau egiteko bidea?
Oso aspaldi zen, ni txikia nintzela etxeko sukaldean. Gure aita zenak gerra egin zuen, eta gerra egin duenak bere bizitza osoan dauka gogoan, eta kontatu ere askotan egiten du. Kontatu dizkidaten istorioetan hori nabarmena da: gerra egin zuenak nola bere etxean kontatzen zuen, atera egiten zaie, ateratzeko premia dute. Aitari entzunda nizkion istorio asko: errio gaineko zubia lehertu zutela; gizon bat etxetik eraman eta akabatu zutela; hiru neska gazte ilea dena moztuta eta errizino olioa edanarazita ibili zituztela kalean. Gerraren gauza nabarmenenak txikitatik neuzkan iltzatuta. Gaiak beti interesa sortu zidan, eta pixkanaka osatuz joan nintzen. Hogei urte badira Karkara aldizkaria sortu berritan, Jakes Goikoetxearekin batera, erreportaje bat idatzi nuela. Hura idatzi izanak ondorioz beste askoren testigantza ekarri zuen. Baina duela hiru urte bi kontutxo gertatu zitzaizkidan erabat lan horretan jarri nindutenak.
Zeintzuk dira kontu horiek?
Duela hiru urteko udan, Eleuteria Salsamendi etorri zitzaidan, txikitatik gerragatik Frantzian bizi dena. Haien aita Manuel Salsamendi Ferru zena ihesean joan zen gerra hasi berritan. EAJkoa zen; alderdiarentzat boto eske ibiltzen zen baserriz baserri, eta euskara erakusten zuen batzokian. Joan eta gerra bukatu zenean, badaezpada ez etortzea erabaki zuen, arriskuan zegoelako. Hark andrearen eta lau seme-alaben ihesaldia antolatu zuen Capbretonetik. Geroztik han gelditu zen familia osoa. Eleuteriak hori azaltzeko gogoa adierazi zidan duela hiru urte, eta idatzi egin nuen. Orduan, bera bezalaxe beren historia kontatzeko gogo handia zuten batzuk egongo zirela konturatu nintzen. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru poltsa bat sortu zuen gerraren gaia herriz herri aztertzeko eta zabaltzeko. Udalak eskatu behar zuen diru laguntza, eta Orioko Udalari proposatu eta diru laguntza horren baiezkoa etorri zen.
Liburua idazteko zein dokumentazio bide erabili dituzu?
Hiru informazio bide nagusi izan ditut. Bata, hemeroteka, liburuak, prentsa… Asko dago. Bigarrenik, artxiboetako dokumentuak. Renoko Unibertsitatean dokumentu bilduma izugarria dago, eta haien berri Imanol Muruaren bidez izan genuen. Gero, gerra bukatuta, Iruñean Causa General izeneko legearen barruan izandako kasuen Orioko dokumentazioa Amagoia Ibanek helarazi zidan. Hogei eta gehiago oriotar epaitu zituzten han. Orioko udaletxean, berriz, nik uste baino gehiago topatu nuen, eta batzuk interesgarriak. Hirugarren dokumentazio bidea eta aipagarriena herritarrak izan dira, jende dezenterekin egon naizelako: batzuk etorrita eta beste batzuk ni bila joanda. Maiatzean herritarrentzat bilera deialdi bat egin genuen, bere historia kontatzeko inor gelditu ez zedin, eta jende pixka bat bildu zen. Dena batu eta forma egokia ematea niretzat oso abentura aberasgarria izan da.
Orion 1936ko gerratik datu bat ezaguna bada, errio gaineko zubiaren leherketa da, ezta?
Beharbada, gerraren Orioko topikoena da, orduan bizi zenak eta ondorengoek ere badakite eta. Baina ustekabea izan dute askok, nik izan nuen bezala, jakitean Altxerriko zubia ere bota zutela. Bistan da errioko zubia lehertuko zutela aurretik abisua emanda zutela: batzuk herritik kanpora joan ziren, eta beste batzuk inguruko baserrietara. Izan zen Arozena adreilu fabrikako labe barruan sartu zenik ere. Denak ezkutura joan ziren. Gorriek bota zuten zubia Donostia aldetik zetozen erreketeen eta falangisten aurrerabidea eragozteko, eta 1936ko irailaren 20ko hartan izan zen benetan gerra itxura. Baserritarrek kontatzen dute nola iristen ziren, eta nola ezkutatuta egon ziren baserri barruan fusilen eta kanoien tiroak iristen zirelako. Hura lehertu aurretik jende asko joan zen Oriotik, gehienak baporez Donibane Lohizunera. Orduan askorentzat bizitza osoko abentura hasi zen, batzuk ez baitziren sekula itzuli. Denetara 22 izan ziren hildako oriotarrak, eta gehienak frontean izan ziren.
Lan hau eginda zein ondorio atera dituzu?
1936ko uztailaren 17an Orion inork ez zekien gerra piztuko zenik eta hurrengo egunean gerran egongo zirenik. Kanpotik etorritako zerbait izan zen gerra, tsunami bat; tsunamia, sekulako eragina izan zuelako, denei eraginez oso modu bortitzean, eta batzuk alde batean eta besteak bestaldean jarri zituen, elkarren kontra. Denek sufritu zuten, eta denek galdu zuten. Gerra batean denek galtzen dute, baina batzuek gehiago galdu zuten, isiltasunarena behartuta egon zirelako. Haienak ez ziren inon aipatu, ez zuten aukerarik izan beren hildakoak gogora ekartzeko ere. Gerra irabazi zutenen aldekoek banan- banan izan zuten hileta elizkizuna elizan, baina galtzaileetako hildako bakar batek ere ez zuen izan hiletarik, eta ez dago Orioko hilerrian haietako inor. Nabarmena da batzuek irabazi eta besteek galdu egin zutela. Dena den, nik inpresioa hartu dut herri txiki honek —gerra hasi zenean 2.000 biztanle ziren— jakin zuela gerra den izugarrikeria hori gainditzen, atzean uzten, eta berriro elkarbizitza batean abiatzen, errespetuz. Nahiz eta erakundeetatik guztiz giro errepresiboa zegoen: elizaren, eskolaren, udalaren… aldetik. Hori gauza askotan antzematen zen: hizkuntzaren trataeran, eskolan, ikurretan eta denean.
Leave a Reply