Etxean jaso zuen mitologiarekiko zaletasuna, eta kasualitatez ekin zion ipuin kontalari lanari Miriam Mendoza “zarauztartuak” (Orio, 1969). Irakaslea da ogibidez, baina pilak kargatzen ditu eguna haurrekin ikasgelan pasa ondoren beste ume batzuei ipuinak kontatzera joaten denean.
Umetan jasotakoak eraman zintuen ipuin kontaketan hastera.
Kasualitate hutsez hasi nintzen. Etxetik jasotako transmisioaren ondorioz, betidanik nuen gustuko ipuinen mundua. Izaten da, ba, trena parean tokatzen zaizula eta hartzea erabakitzen duzula? Ba horrelaxe izan zen: Zarauzko liburutegian pertsona bat behar zuten bertan zegoen materialarekin ipuinak-eta kontatzeko; eta ni Salbatore Mitxelena ikastolako irakaslea naiz, eta, ikasgelan ipuin kontaketan aritua nintzenez, ausartu nintzen.
Ustekabean hasi arren, orain oso gogoko duzu.
Bai, arduragabekeria handiz hasi nintzen hasieran, hanka sartzeak eginez eta. Baina denborarekin hutsegiteetatik ikasten da, eta pixkanaka hobetzen ari naiz. Beti esaten dut ofizioz irakaslea naizela, eta afizioz ipuin kontalaria.
Zarauzko liburutegira ez ezik, beste hainbat tokitara ere joaten zara.
Liburutegietatik deitzen didate, hainbat elkartek antolatutako ipuin kontaketak egiteko. Deialdiaren arabera, nire gauzak antolatzen ditut: zein gairen bueltako ipuinak kontatu, zein adineko jendearentzat, eta halakoak. Hala ere, ustez prest eramandakoa iritsitakoan egokitu beharra ere izaten dut sarri. Beste eskaera batzuk udaletxeetako gizarte ongizate sailetatik izaten ditut, gai zehatzen bueltako ipuin kontaketak egiteko eta. Hala ere, izatez irakaslea naizenez, ez ditut ordu asko ipuin kontaketari eskaintzeko, baina ditudan horiek nire oxigeno bonbona dira.
Haurrentzako ipuin kontaketak soilik egiten dituzu?
Nire kasuan hala izan da orain arte; 3-4 urtetatik 8-9 urte arterakoak izaten ditut. Egia da ipuina haurren mundua balitz bezala ikusten dela, baina ez da hala, ezta gutxiagorik ere. Nik guraso eta irakasle bezala asko gozatzen dut ipuinekin. Horregatik, pena da ipuin kontaketak haurrentzat soilik izatea; nerabeen eta helduen arloan ere egin litezke gauzak.
Zein da ipuinak ongi kontatzeko sekretua?
Gozatzea ezinbestekoa da, eta haurrak kontuan izatea. Kontatzen ari garena egia dela sinetsi eta sinetsarazten saiatzea ere garrantzitsua da. Eurekin harremana izan behar da, esaten dutena entzun behar zaie, eta begiradak ere kontuan izan behar dira. Umeei kontatzerakoan, garbi eduki behar da ez garela horma bati ari, euren erantzuna jasotzeko prest egon behar dugu.
Hain justu, bueltan jasotzen duzun horrek betetzen zaitu zu.
Ederra da umeei geratzen zaien aurpegia ikustea. Kontatzen ari zarenean umea kontakizun horretan bete-betean sartuta egotea, kristorenak botata ere sinesten dutela, bizitzen dutela ikustea, hori da politena.
Ikastolan haurrekin egon eta handik irtendakoan beste haur batzuei ipuinak kontatzea…
Niretzat pilak kargatzeko modua da.
Beti esker onekoak izaten dira?
Egia da teknologia aurrerapenek gure aurka asko egiten dutela. Informazio asko zuzenean jasotzera ohituta daude umeak, marrazki bizidunetan, adibidez; irudiek indar handia dute horretan. Nire kasuan, neu joaten naiz umeen aurrera, askotan ezer gabe, nire ahotsarekin bakarrik. Horregatik, batzuetan irudipena izaten dut zain daudela, irudi bonbardaketa horren zain, eta motz geratzen naiz. Ipuin kontaketak beste arreta mota bat ere eskatzen die haurrei; erritmo geldoago batera ohitu behar dute. Ez da telebistatik berehala jasotzen dutena, ipuin kontaketan beste kontu batzuk daude: isiluneak, keinu asko…
Erraza da kontaketak irauten duen bitartean haurrak aurrean lasai mantentzea?
Bai, erraza da. Aurrean duzun horretara egokitzen bazara, noski. Haur txikienekin, ipuin motzak baliatu behar dira, 20-25 minutuko saiotxoak eginez. Zaharragoekin, beste ipuin mota batzuk konta daitezke, beste konplizitate batzuk bilatu behar dira. Kontatzen ari denak gozatu eta esaten duena sinistuz gero, hala ere, begira-begira egoten dira. Tokatzen da batzuk otsoa aipatutakoan negarrez hastea; edo haurren bat magalean hartu eta ipuina berarekin batera kontatuz kontsolatu beharra.
Gozamenerako soilik kontatzen dituzu ipuinak, edo irakaspenak ematen ere saiatzen zara?
Unean uneko gauzak irten daitezke, ipuinak politikoki zuzenak zein okerrak izan daitezke, baina guztietatik atera daiteke lezioren bat. Hala ere, kontaketetan ez naiz irakaspenen bila aritzen, ez kontzienteki, behintzat. Ipuin guztiek dute atzetik hausnartzeko zerbait, baina ni gozatzera joaten naiz.
Umetan denok entzun ditugun ipuinetan, adibidez, gizartean ageri den rol banaketa oso argia dela esaten da.
Hori egia da, Txanogorritxu eta halakoak garai hartakoak ziren, eta orduan, ba, emakumeak etxean egotearen mezua, otsoarekin kontuz ibili beharrarena… normalak ziren, garai hartako gizartearen ispilu ziren ipuinak. Gaur egun ere ipuin horiek kontatzea gustatzen zait niri, baina horrek ez du esan nahi estereotipoak mantendu behar direnik, rol horiekin berekin jokatzeko aukera da baliatu behar dena.
Nolakoak dira zuk kontatzen dituzun ipuinak?
Mitologia asko gustatzen zait, eta hori diodanean, mundu guztiko kondairez ari naiz, Euskal Herritik hasi, Saharara igaro… eta Txina puntarainokoak. Horiek egokitu egiten ditut, eta geure bihurtu, besterik ez.
Beldurrezkoak, erraldoiak, buru mozketak eta horrelakoak agertzen direnak ere gustuko ditut. Adinaren arabera, tentsio handia sortzen dutelako halako istorioek, eta giro berezia ipintzen duelako. Baina denak ditut gogoko: maitasunezkoak, beldurrezkoak, kondairak, kalean jasotakoak… edozein, baldin eta kontatzerakoan gozatzekoak badira. Eta, nola ez, klasikoak ere gustatzen zaizkit: betiko Anderssen, Perrault anaiak, Grimm anaiak…; eta geureak direnak ere bai: Satrustegi, Arratibel, Barandiaran… denak dira aproposak kontatzeko eta gozatzeko.
Goazen gizartea ipuin gisa irudikatzera: nor da otso gaiztoa?
Denbora. Edo denbora falta, hobe esanda.
Eta nor da pertsonaia ona, laguntza behar duena?
Geu, pertsonak. Guk behar dugu laguntza denbora falta horri aurre egin eta lasaiago bizitzeko. Jendeari esango nioke gozatzeko, eta ipuin kontaketetara joateko, spa bat izango balitz bezala hartu eta deskonektatzeko.
Leave a Reply