Tolosaldeko hamar gaztetxo, Areto Futboleko Munduko Txapelketan

Urriaren 27tik 31ra bitarte, haurren Munduko Areto Futboleko eta Mikrofutsaleko Txapelketa jokatuko dira Lloret de Marren (Katalunia), eta Tolosaldeko ordezkaritza zabala izango da. Izan ere, Euskadi izeneko taldean jokatuko duten 11 kideetatik, hamar Tolosaldeko herri txikietako gaztetxoak dira. Horiez gainera, jokalari gasteiztar bat ere izango da Lloret de Marren ariko den hamaikakoan.

Ordezkaritza hori eskualdean pixkanaka finkatzen ari den Herri Txikietako Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen ari diren taldeetatik osatu da. Duela hiru urte, “herri txikiek non jokatu” izateko helburuz sortu zuten herri txikien arteko areto futboleko txapelketa hori, Jon Leunda idazkariaren esanetan. Gainera, txapelketari ofizialtasuna emateko asmoz, txapelketa ofizial bat sortu zuten, eta Euskadiko Futbol Aretoko Federazioan sartu ziren. Ondorioz, Euskadi izenarekin jokatzeko aukera dute bai Europa mailan eta baita mundu mailan ere, eta hori da Lloret de Marren egingo dutena.

Herri txikien artean jokatzen den txapelketa horretan, gaur egun lau kategoria dituzte: haur kadeteak, kimuak, benjaminak eta gazteak. Besteak beste, Gipuzkoako herri hauetako haurrek parte hartzen dute: Ikaztegieta, Abaltzisketa, Bidania-Goiatz, Igeldo, Lizartza-Orexa, Baliarrain, Errezil, Leaburu-Txarama, Altzo… Hala ere, datorren astean Katalunian jokatuko den txapelketan hainbat herritako gaztetxoekin osatutako talde batek parte hartuko du, eta guztiak 2002an jaiotakoak dira. Bi modalitatetan parte hartuko dute gaztetxoek. Batetik, areto futbolean, eta, bestetik, mikrofutsal izeneko modalitatean. Mikrofutsala hiru lagunez osatutako taldeekin jokatzen da, eta atezainik gabeko ate txikiak izaten ditu.

Areto futbolean bigarren multzoan arituko dira, eta Engels talde errusiarra eta Lloret talde kataluniarra izango dituzte aurkari. Lehen partida urriaren 27an jokatuko dute, 12:30ean, Engelsen aurka, eta bigarrena, urriaren 29an, 11:30ean, Lloreten aurka. Lehen biak finalerdietan sartuko dira, eta, ondorioz, partida jokatuko dute irabazlea zein suertatzen den erabakitzeko.

Taldea Gipuzkoako herri txikietako gaztetxoekin osatu dute batez ere, baina Gasteizko gazte bat ere joango da euren taldean Lloret de Marrera. Leundaren esanetan, “egun askotan jokatuko dituzte partidak, eta taldea osatzeko ongi etorriko da”. Taldea zuzentzen, berriz, Jon Leunda bera ariko da.

Munduko txapelketara joateko “ilusio handiarekin” daude gaztetxoak. Bertan helburua ez da izango emaitzak lortzea: “Helburua beraiek ondo pasatzea, harreman ona edukitzea eta esperientzia hartzea da. Azkenean, munduko txapelketa jokatzea ez da erraza, eta gutxiago adin honetan”. Hortaz, berriro ere esperientzia “errepikatzeko gogoz” etortzea da euren helburua. Gaztetxoak ere txapelketan parte hartzeko “gogoz” daudela gaineratu du entrenatzaileak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.